Euskerea berbagai  IV. urtea // 135. zenbakia

Zelan handitu euskerearen erabilerea Hezkuntzan?


Gelaz kanpoko jardunari jagokonez, ostera, hiru jarraibide jorratu geinkez; batetik, eskola espazioan, ohiko klase ordutegitik kanpo burutzen diran jarduerak euskerearen erabilerea indartzeko jarri eta espazio hori ondo antolatzea; bigarrenik, halakoetan jarduten daben personak euskerearen erabilerea handitze horretan daukien eginkizunaz ohartarazo, horretarako preparau, materialak sortu eta argitaratzea, eta hirugarrenik, eskolearen eta inguruko udal, mankomunidade eta lekuan lekuko alkarte eta erakundeakaz lankidetza sistematikorako eta iraunkorrerako markoa eregi eta ahalegin horretarako bitartekoak eskaini geinkez.

Ikusi leitekenez, eskoleak, berak bakarrik, gitxiengo baten hizkuntza gitxiagotua erabat indarbarritzeko ahalmenik ez badauka be, egun egiten doguna beste era batera egiteko edota bestelakoei oratzeko modurik badago egon. Horretan jartzea da kontua.

Erramun Osa

Gazte belaunaldien artean euskerearen ezagutzeak gora bai, baina, hizkuntzearen erabilereak maila bereko hazkunderik ez dauela izan baten baino gehiagotan azpimarratu dan kontua da. Halan da ze, euskerearen erabilerea indartu nahian, Euskal Herrian zehar ehunka ikastola eta ikastetxek daukiez euskerearen erabilerea indartzeko hedadura desbardineko plangintzak martxan. Baina, egiten danaz aparte, zeozer gehiago egin geinke.

Gela barruan eskuratutakoa geletatik kanpo erabilteko pausoak emon ohi dira euskerearen erabilera areagotzeko plangintzen bidez. Halan da be, hasteko, ikuspegia aldatu beharko litzateke alor honetan. Izan be, hizkuntzak gauzak egiteko baliatzen diran neurrian eskuratzen diranez, eta hizkuntzearen erabilereak hezkuntza prozesuetan aurreratzeko elementu giltzarria izan behar dauenez, gela barruko jarduerak hizkuntzen erabileran ardaztu beharko litzatekez, nire ustez.

Halan, gela barruko jardunak, besteak beste, euskerearen erabilera formala ahalbidetuko leuke, eta gelaz kanpoko jardunen bidez, euskerearen erabilera ez-formala ahalbidetu. Lehenengoak hizkuntzearen erregistro formal bat lantzea eskatuko leuke; bigarrenak, ostera, erregistro ez-formalagoa, eta hizkuntzearen zuzentasunaren aldetik libreagoa, bat-bateko komunikazinoari eta adierazkortasunari lehentasun handiagoa emoten deutsona jorratzea eskatuko leuke. Holako jarraibidea izateak euskerea erabilteko gogoa indartuko leuke gazteen artean, nire eretxiz.

Baina zelan indartu euskerearen erabilerea gela barruko jardueretan? Hasteko, ikas-prozesuak aurrera egin ahala, taldeetan aritzeko, baita ikaskideen aurrealdean jarduteko be, geroz eta aukera gitxiago daukie gazteek. Izan be, irakasle askorentzat ahozkoa lantzea denbora alperrik emotea da. Orobat, irakasleak ez dira eroso eta ziur sentiduten ahozkoa lantzen, gelearen kontrola galduko ete daben bildur dira. Holakoetan, goiko kurtsoetan erakutsi beharreko mailearen aitxakian, gramatikea zein antzeko ezagutzak lantzeari emoten deutse lehentasuna, horrenbeste, ze unibersidadean ikasteko gainditu behar dan probaren aitxakian, aspektu formalak lantzeari lehentasun osoa emoten jakon. Eta jakina, holako baldintzetan gazteak euskereari atxikimendua izatea oso gatxa da.

Gela barruko egoereari bueltea emoteko, bada, epe laburrera, hiru erabagi estrategiko hartu geinkez; batetik, egun indarrean daukagun ereduen planteamendua gaindituz, hiru edo lau hizkuntza oinarritzat hartuko dauen eleaniztasun planteamendua gorpuztea litzateke gakoa. Halan, hizkuntzok hezkuntza prozesuetan aurrera egin ahal izateko beharrezkoak bihurtuko geunkez; bigarrenik, metodologiaren barrikuntzeari eta irakasleen prestakuntzeari lehentasuna eskaini beharko geusnkie. Testuinguru honetan, hizkuntza arloei ez eze, ganerako arloei be hizkuntzearen erabileran egin leikien ekarpenaz ohartarazo eta curriculum proiektuak barritzea bultzatu beharko litzateke; hirugarrenik, unibersidadean sartu aurreko proba moldatu egin beharko litzateke. Izan be, ahozkoari garrantzia emongo balitxako honek Unibersidadez azpiko mailetan eragin handia izango leuke, eta, metodologia ez eze, testuliburuak barritzen eta ebaluazino moldeak be barrikustea bultzatuko litzateke.