Zelako bertsozaleak, halako bertsolariak
Azterketearen ondorioak garagarrilerako izango dira seguru antzean, eta orduan bertsolaritzearen egungo egoerearen erradiografia horrek etorkizunerako zer norabide hartu behar dan jakiteko balioko dau. Hain zuzen be, gauza bera egin zan 1990ean, Bertsozale Elkarteak iparrorratza aldatzeko beharra ikusi eta epe ertain zein luzerako helburu eta estrategia batzuk markatu beharra egoala erabagi ebanean. Horretarako beharrezkoa zan bertsozaletasuna bera aztertzea eta behar hori emon jakon Siadeco ikerketa taldeari. Berak hartu eban gizarteak bertsolaritzea zelan ikusten eban aztertzeko ardurea. Kulturgintzako eragile batzuen eta erdalguneko kultur eragile batzuen eretxia be jaso eben.
Azterketa horren emoitzen arabera, baegoan euskaldunen nukleo bat (% 15) sano bertsozalea eta bertsolaritzearen kontsumitzailetzat eukana euren burua. Bestalde, euskaldunen % 75ek baeuken bertsolaritzearen ezagutza nahiko ona.
Oraingoan, ikusi beharko da kopuru horreek gora edo behera egin daben.
Edozelan be, badakigu euskal hiztunen kopuruak gora egin dauela hegoaldean, baina azterketeak aukerea emongo deusku euskerearen eta bertsolaritzearen arteko erlazinoa paraleloa dan ala ez jakiteko. Izan be, euskaldun izateak ez dau esan gura bertsozale izan behar danik. Nahiz eta oraindino ez dodan oso ondo ulertzen zelan persona bati ez jakon bertso-saio bat gustetan. Bertso-saio danak igualak ete dira?
Xabier Paia
Beti esan da bertsolaritzea komunikazinoa dala, gitxienez persona biren arteko hartu-emonetan oinarritutako bakarrizketa lagundua edo alde bateko alkarrizketea. Bertsolari bakar batek be kontuan izan behar dau entzuleak zelako erreakzinoak daukazan bere bertsoak entzukeran, horreen arabera errazagoa egingo jakolako gura dauzen erreakzino barriak sortzea. Eta egia da bertsolariak asko jakin leikela persona baten aurpegira begira, baina noizean behin komenigarria izaten da aulkian entzuten hainbeste denpora egon danari berba egiten ixtea.
Hain zuzen be, zemendiaren 6an, Hendaiako finalaurreko saioan, Bertsozaletasunaren azterketa soziologikoa hasi da. Bertsozale Elkartearen ekimenez eta EHU-UPVko Soziologia fakultadeko Xabier Aierdi eta Alfredo Retortillo irakasleen zuzendaritzapean egingo da. Lau fase izango ditu azterketeak eta garagarrilerako amaitzea espero da.
Azterketearen laun faseak hainbat ataletan banatuta dagoz. Batetik, bertso-saioetara joaten dan bertsozalea aztertu gura da. Bertso-saioetara doazen bertsozaleen artean 1.200 galdetegi beteko dira: 400 finalaurretan, 400 finalean eta 400 ohiko bertso-saioetan. Galdetegiak bertsolaritzea, komunikabideak eta bertsogintzea aztertzea dauka helburu. Bertsolaritzeari jagokonez, bertsozaleak bertsolaritzeagaz daukazan hartuemonak eta bere burua bertsolaritzearen inguruan non kokatzen dauen jakitea da asmoa. Horregaz batera, bertsolaritzea bera definidutea eta kokatzea be eskatuko jako. Parte hartu dauen saioko balorazinoa egitea be egokituko jako, baita bertso-eskolez eta Bertsozale Elkarteaz daukan eretxia emotea be. Hedabideei jagokenez, horreen eta garatzen dabezan programen inguruko balorazinoa egitea izango da lana: bertsolaritzearen barri nondik jasoten daben, hedabideakaz zein erlazino daukien, Hitzetik Hortzera telebista saioaren balorazinoa... Bertsogintzearen kasuan, zein bertso-saio mueta gustetan jakon zaleari, bertsogintzearen balorazinoa (epaileak, ariketak, gaiak, gai-jartzaileak, antolaketa..), teknikaren ezagutza (neurriak, doinuak...) eta bertsolariena azaldu beharko dau inkestearen eretxi-emoileak. Euskaldunen eretxia be aztertuko da, oro har. Euskaldunei egingo jaken galdeketa arinagoa izango da eta bertsogintzaz gitxiago galdetuko jako, besteak beste. Helburua bertsolaritzeak gizartean eta euskaldunen bizimoduan zein leku beteten dauen jakitea da. Bi azterketa kuantitatibo horreez ganera, beste azterketa kualitatibo bi egingo dira. Batetik, bertsolari eta adituakaz, eta bestetik, erdalguneko zenbait taldegaz. Eretxi bilketea izango da.