Bertsotan  IV. urtea // 135. zenbakia

Bilboko Udalak eta Bertsozale Elkarteak lankidetza-hitzarmena berbatu dabe


Bizkaie!

Bilboko Udalak eta Bertsozale Elkarteak lankidetza-hitzarmena berbatu dabe Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako. BECen egingo da aurtengo finala abenduaren 18an, Gipuzkoatik kanpo inoiz egin den aurreneko txapelketa izanik.

Bi erakundeek sinaturiko hitzarmenean sartzen dira ikastaroak euskaltegietan, bertso-saioak unibersidadeetan, erakusketa bat, kaleko animazinoa, kanpoko publizidadea eta finalaren propagandea.

Bertsolaritzearen gaineko ikastaroak ordu bitan aztertuko ditu bertsoa osotzeko erabilten diran teknikak. Ikastaro hau Euskaltegietako ikasleentzat izango da eta Xabier Amurizak emongo dau zemendiaren 3, 7, 8, 9 eta 11n.

Bestalde, bertsozale gazteentzako saioak egingo dira Deustuko eta Leioako unibersidadeetan eta lau bertsolari gaztek parte hartuko dabe.

Deustuko Unibersidadeko bertso-saioa Paraninfoan izango da zemendiaren 10ean, 11:30etan hasita. Amaia Altube izango da gai-jartzailea eta Oihana Bartra bertsolaria.

Gainera, bertsolaritzeari buruzko erakusketa bat be egingo da, 'Hitzak egin gaitu ezer' izenburupean, Bilboko Euskal Museoan, abenduaren 5etik 2006ko urtarrilaren 2ra bitartean; Bilboko institutuetan ikasgai izan diran zenbait gai didaktiko jarriko dira ikusgai. Ondoren, ikasle guztiek bisita gidatuak egingo dabez. Dana dala, erakusketea zabalik egongo da jentearentzat museoa zabalik dagoan orduetan.

Abenduaren 3an, Euskerearen Nazinoarteko Eguna dala-eta, txapelketako finalaren barri zabalduko da parra-parra aitamenak eginez leku guztietan eta bere logotipoa erakutsiko da kalerik kale Plaza Barrian hasita.

Azken buruan, Bilboko Udalaren laguntzinoagaz, txapelketako finalaren publizidadea egingo da aurreko aste bietan, eta finalaren aurreko egunetan banatuko dan propaganda-tarteko berezia argitaratuko Bilboko Udalak. Ekimen honen bidez, ikusentzule barriak erakarri gura dira bertsolaritzara.

Aurten Barakaldo-Ansioko BECen egingo da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala abenduaren 18an eta Gipuzkoatik kanpo inoiz egin dan lehenengo finala izango da.