'Artza-Mendi' petroliontzia
Peninsulan egindako lehenengo petroliontzia Bilbotarra zan
Edozelan be, ontziak denpora gitxi emon eban Sota-Aznar konpainian. Campsa monopolio-konpainia, 1927an sortu eban Espainiako Gobernuak petrolioagaz zerikusia eukan negozioa gestionetako. Kontuak kontu, petrolioa garraiotzeaz arduratzeko be jaio zan konpainia barria eta Sotatarrak gura ez arren, 'Artza-Mendi' baporea saldu egin behar izan eutsen aitatutako konpainiari Espainiako gobernuak behartuta. Beraz, 1927ko abenduaren 26tik aurrera 'Artza-Mendi' izena kendu eta 'Zorroza' izenagaz bataiatuz, Campsarako lanean hasi zan ontzia.
1965. urtera arte jarraitu eban itsasontziak 'Zorroza' izenagaz, handik ona eta hemendik hara, petrolioa batetik bestera eroaten. Aitatutako urtean, Gobernuak ontziak barriztuteko emoten zituan dirulaguntzak hartuz, txiki-txiki egiteko asmoagaz, Campsak baporea saltzea erabagi eban. 8.125.000 pezetan erosi eban Francisco Batallerrek eta sopleteak izan ziran 'Artza-Mendi' eta 'Zorroza' petroliontzia osorik ikusi eben azkenak.
Testua: Asier Madarieta, Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria.
Argazkiak: Rafael Ossa Etxabururen 'Artza Mendi matricula de Bilbao' liburutik atarata.
'Prestige' petroliontziagaz pasautakoak eta horren ondorioz gure kostaldera heldu dan marea baltza, petrolioa leku batetik bestera eroateko erabilten diran itsasontzien segurtasun neurrien ganeko eztabaidea biztu dau. Petrolioa gero eta erabiliagoa izanak geure itsasoetan gero eta petroliontzi gehiago ibiltea ekarri dau eta zoritxarrez istripuen ugalketea.
Europako gure hego parte honetan egindako lehenengo petroliontzia Bilboko ontzioletan egin eben, Euskalduna ontziolan; 'Artza-Mendi' izena ipini eutsen. Hurrengo lerroetan ontzi honen barri emongo deutsuet.
1859an E. L. Drakek lehenengo petrolio putzua zabaldu ebanetik orio baltza gero eta gehiago erabiliko zan. Aurretiaz, petrolioa batetik bestera eroateko kupelez betetako ontziak erabilten baziran, 1885ean 'Gluckauf' izenez, petroliontzia deitu geinken lehen ontziaren itsasoratzea ikusi eban Ramon de la Sotak, Amstrong Michel del Tyne ontziolako arduradunak konbidauta.
Urte batzuk geroago, petrolioa garraiotzen irabazteko egozan diruak bereganatzeko asmoz, petrolioaren garraioari ekitea erabagi eban Ramon de la Sotak. Baina horretarako baporeak behar ziran eta berak hainbat euki arren, ez eukan petroliontzirik. Beraz bat egitea otu jakon.
Egiteko asmoa 1919ko urriaren 20an hartu eban industria gizon Bilbotarrak. Europako hego parte honetan egiten zan lehenengo petroliontzia izanda, egitea, ez zan bape erraza izan. Arazorik ez izateko Joseph W. Isherwood, Inglaterrako ontzigilearengana jo eban, orduan Europa mailan zan petroliontzigile ezagunenetarikoarengana.
1921eko urtarrilaren 25eko arratsaldeko laurak ziran eta Euskalduna ontziola jentez ganezka egoan. Kateak apurtu eta maldatik bera 109 metroko ontzia jaurti eben uretarantz. 'Artza-Mendi' izeneko petroliontziaren itsasoratzea zan horrenbeste jente batu eban jazoerea. Ramon de la Sota Bilbotar aberats ospetsuak zuzentzen zituan ontziolen lehenengo petroliontzia zan. Ramon de la Sotak, Resurreción Mª Azkue euskaltzaleak emondako aholkuari kasu eginaz, Sota-Aznar ontzi konpainiako bapore guztiak mendi euskaldunen izenakaz bataiatzen zituan eta esandako itsasontziaren kasuan, Bermeo aldean egoan Artza menditxoaren izena ipintea erabagi eben.
Ontzi honek, sasoi haretan egindako petroliontzi guztien antzera (tamalez gaur egun itsasoetan dabilzan gehienak) ez eukan krosko bikotxik eta Euskalduna ontziolako orduko oroitidatzietan irakurri daitekenez, benetan garrantzitsua zan kroskoa osotzen eben burdin plaken arteko loturak behar zan moduan egitea, hau da, ezelako zulorik barik, petrolioa ez galtzeko. Gero ontziaren kroskoa aurretik atzera eta eskerretik eskumara zatitzen eben manparak jarri ziran, zazpi petrolio-biltegi bikotxak lortuz. Motorrak atzealdean zituan ontziak. Ezaugarri honek, uretaratzea ondo asmau beharra ekarri eban, ze atzealdeko pisua kontuan hartuta, ontziolako langileak bildur ziran uretara heldu eta atzealdea ur gainean altzaukeran, aurrealdea, oraindino ontziolan jarritako bidean zehar etorrela, ez ete zan apurtuko.
Emoitzea ezin hobea izan zan: petroliontzi barriak ia 110 metroko luzerea eukan, 15 metro t´erdiko zabalerea, goitik behera 15 metro, honeetariko zazpi ur azpian, eta ia 10.000 tonelada mobiduteko indarra. Erabilten eban 2.110 zaldiko motorrak 10,5 korapiloko abiadurea hartzeko gaitasuna emoten eutson ontziari. Euskalduna ontziolek egiten eben 51. ontzia zan.
Ontzia 1921eko apirilaren 22an emon jaken Sotatarrei; azkenean, 'Artza-Mendi' baporeagaitik pagautakoa, orduko 8.075.185,72 pezeta izan ziran. Lehenengo itsasoratzea udan bertan egin eban Herminio Gallarza kapitainaren aginduetara. Bilboko Errekatik behera joiala, bere lehenengo bidaia izango zanari hasierea emonaz, Zorrozako partean ontziak molla jo eta barriro ontziolara bueltau behar izan eban konpoketak egiteko. Batzuen esanetan, istripua leman eukan akatsaren eraginez izan zan, baina beste batzuk, bigarren ofizialari bota eutsen errua. Honen esanetan, Bilbon hasi barriak ziran udako zezenketak eta bigarren ofiziala zezen zale amorratua zan. Beraz, ikusirik itsasoratzeagaz batera, zezenak ezin izango zituala ikusi, zeozer pentsau beharra egoala-eta Bilbotik urteerea atzeratzeko, istripua eragitea asmau eban. Dana dala, bere lehenengo bidaia izango zana pentsau baino beranduago egin behar izan eban 'Artza-Mendik'.