Catalunyako asmoak eta Euskadikoak ez dira bardinak
Iñaki Atxutegi
Joan dan astean luze eta zabal egin da berba Catalunyako Estatutua dala eta. Daborduko jakin badakigu Diputaduen Kongresuan eztabaidatuko dala egitasmoa. 'Garbi-garbi' lagako ebela agindu eban Zapatero presidente espainiarrak baina Espainiako botereentzako gogorrenak diran puntuetan aldaketak izango dira. Ahaztuta dago hauteskunde kanpainan orduko hautagaiak gaiaren ganean emondako berbea.
CiU eta ERC alderdiek mehatxu egin dabe. Estatutu barriaren punturik garrantzitsuenak kendu edo aldatzen badabez, euren babesa erretirau egingo dabela, hain zuzen be. Horren ondorioz, pentsau geinke eztabaidearen ondoren egin beharreko erreferendumean ezezkoa eskatuko dabela. Zer esango deutsuet? Seguru nago ez dabela hori egingo.
Orain arteko prozesuan ikusi izan dogu zelan egitasmoaren atzetik egon diran lau alderdiek Estatut barria Espainiako Konstituzinoan sartu behar zala esan daben. Ez daukie ezelako asmorik Konstituzinotik harantzago joateko. Irakurketa malguak eta zabalak eskatzen dabez, ahal bada, jakina, baina ez da euren asmoa indarrean dagoan markoa apurtzea. Beste era batean esanda, sakonean, Espainiako subirotasuna onartzen dabe.
Catalunyako egitasmoagaz jazotakoa ikusita, asko gara orain hilebete batzuk Ibarretxe Lehendakaria Madrilera joan zanean jazotakoa gogoan daukaguna. Askok pentsauko dabe Catalunyako ordezkariei egindako harrerea eta Lehendakariari egindakoa ez dirala inondik inora antzekoak. Biek sufridu eben kontrako kanpaina gogorra. Biek izan eben euren egitasmoak Kongresuan defendiduteko aukerea. Egitasmo bietan puntu batzuk Konstituzinoaren kontrakoak ei ziran. Baina Catalunyakoa Kongresuan eztabaidatzea onartu dabe eta Euskadikoa ez. Catalunyakoa preparetako orduan sozialistak tartean ziralako ala? Protagonismo kontua ete zan?
Eztabaida latza izango da Madrilen eta horrenbeste puntutan egitasmoak aldaketa esanguratsuak izango ditu, duda barik. Diru kontuak, Justizia, nazinotasuna gora eta behera…, baina azkenean akordioa egongo da.
Euskadiko egitasmoa ez eben ezta eztabaidatzeko be onartu, nahiz eta legeak agindutako prozedurea jarraitu. Euskaditik joan zan egitasmoan erabagiteko eskubidea zan muina eta gai horren ganean ez dabe gura izan ezta eztabaidarik txikiena be. Catalunyako eskakizunak modu batean ala bestean konponduko dabezala uste dot. Eta bertako alderdiek men egingo dabe Madrileko erantzunaren aurrean. Gure kasuan, ostera, ez nintzake harrituko sozialistek egitasmoa barriro zerotik hastea eskatuko balebe. Eskatzea librea da eta holako eskakizun bat euren jokoaren barruan kokatu beharko litzateke.
Beste kontu bat izango da eskaera hori egin ezkero, hemengo abertzaleek zelako erantzuna emongo deutsen. Hamaika aldiz entzun izan dogu gure arazo politikoaren muina erabagiteko eskubidea dala, Catalunyan ez bezela. Eta Catalunyako kontuen ganean akordioa lortzea gatxa bada, geurearen ganekoa gatxagoa. Baina egunen batean Gobernuak aurre egin beharko deutso arazoari, inoiz konpontzeko asmoa baldin badago, behintzat.