Euskaldunok munduan  IV. urtea // 135. zenbakia

Euskalidentity edo Basquenortasuna: diasporako euskal kulturearen topagunea eta zabalgunea


Euskal identidadea Gloria Totorikaguenaren berbetan

Gloria Totorikaguena Boisen jaio zan eta gaur egun Nevadako Unibersidadeko Euskal Ikasketa Zentroko irakaslea da. Liburuak, artikuluak eta doktorego tesia egin dauz euskal diasporearen ganean. Gai zabal horretan beren beregi aztertu dau euskal indetidadea(k), askotako identidadeak eta euskal diasporeak eta euskal etxeek dabezan hartu-emonak Euskal Herriko instituzinoakaz. Hermes aldizkarian Oiartzabalek Totorikaguenari egin eutson alkarrizketearen laburpena da hona ekarri doguna.

Totorikaguenaren eretxiz garrantzitsua da Euskal Herrian bizi diran euskaldunei jakin eragitea zazpi herrialdeetatik kanpo miloaka euskaldun dagoala, euskaldun sentiduten diranak, Euskal Herri osoagaz lotura emozionalak daukiezanak. Diasporako euskaldun askok ez dabe jakin zenbat behar daben euren herria urrundu izan diran arte, ordura arte ez dabe sentidu hain sakon euskal identidadearen parte dirala. Eta identidade hori, Totorikaguenaren arabera, emozinoari eta espirituari lotuta dago, ez da arrazionala. Era berean, diasporako euskaldunek ikusi izan dabe euren identidadea eta Euskal Herrian bizi diranena ez dala bardina, esperientziak desbardinak dirala, baina bardin-bardin euskaldun sentiduten dirala. Halanda ze, Totorikaguenak arriskutsu ikusten dau euskaltasunaren barruan hierkarkia bat egitea: batzuk beste batzuk baino euskaldunagoak izatea. Edo beste era batera esanda, diasporako euskaldunak ez dirala benetako euskaldunak. Totorikaguenaren esanetan, inork ezin deutso berari esan ez dala euskalduna, berak bere burua definidukeran, nahiz eta Euskal Herrian ez bizi, euskalduna dala sentidu eta ikusten badau, bere nortasunaren parte dala euskalduna izatea, bere izatetik ezin dauela banandu. Eta hori transnazionalismoaren ideagaz lotu dau berak: 'ez naz jatorriko herrian bizi behar, benetako euskalduna izateko'.

Iratxe Ormatza

Euskalidentitity Kultur Alkartearen (EIKE) web gunea da www.euskalidentity.com. Alkartea irabazi asmorik bako kultura erakundea da eta euskal nortasuna munduan zehar aztertzeko sortu dabe. Helburu zehatz bi daukiez: munduan zehar euskal kulturea sustatzea eta zabaltzea.

Pedro J. Oiartzabal eta Gloria Totorikaguena dira web gunearen sustatzaileak. Nevadako Unibersidadeko Euskal Ikasketa Zentrokoak dira biak eta lan handia egin dabe disporako euskal kulturearen eta identidadearen ganean. Web gunean bertan argitaratu eta emon izan dabezan berbaldiak dagoz irakurteko, beste autore batzuen artean.

Alkarteak interesa handia dauka indentidadean, nortasunean. Euskal identidadearen ganeko azterketa konparatiboak eta diziplina artekoak sustatzeaz gan, euskal kultureari buruzko informazinoa zabaldu gura dabe munduan zehar. Horretarako, hain zuzen, sortu dabe web gunea. Plataformea izateko helburuagaz, eztabaida gune bihurtu gura dabe: eztabaida gune bat sarean, mundu osoari begira. Azterketa akademikoa eta akademikoa ez dana buztartuko dabez euskal kulturearen inguruko gaietan.

Web gunean zerbitzuak be eskaintzen dabez: euskal nortasunaren ganeko liburuak eta artikuluak, kritikak, bibliografia, estekak eta baliabideak. Batetik, identidadearen, diasporarearen eta transnazionalismoaren ganeko artikuluak eta liburuak. Bestetik, euskal nortasunaren ganeko bibliografia munduan zehar, iraganekoak eta gaur egunekoak. Eta, azkenik, estekak eta baliabideak, diziplina arteko eta konparazinozko azterketetarako bidea emoten dabenak.

Parte hartzea be bada jomugatariko bat. Gaian interesauta dagozan guztiei atea zabaldu gura deutsie, bertan adierazoteko pentsetan dabena, kolaborazinoak egiteko edota euren denporea eskaintzeko. Era berean, prest dagoz euren web gunea besteetan be agertzeko eta holan euren presentzia sarean zabaltzeko.