Bizkaierearen bigarren pausuak
Bizkaie!
Labayru Ikastegiaren eskutik eta Adolfo Arejitaren zuzendaritzapean, Ana Oar-Artetak eta Hiart Legarrak Bizkai Euskeraren Jarraibide Liburua. Bigarren Pausuak liburua preparau dabe. Lehenengo pausuak liburuaren jarraipena da eta helburua aurrekoaren berbera dala esan leiteke: mendebaldeko euskerea maila jasoan erabili gura danerako oinarrizko arauak zehaztea. Aurreko liburuan morfologia jorratu ostean, oraingoan joskerea izan dabe aztergai Oar-Artetak eta Legarrak. Testua sortzeko eredu eta baliabideak eskaintzen jakoz bizkaierea erabiliko dauen ikasle, irakasle, idazle, esatari, kazetari edota itzultzaileari.
Ikastegiak zabaldutako oharrean zehazten dan legez, ‘bigarren liburuki honetan esaldi-egiturak aztertu doguz: perpaus konplexu eta menderatu mueta guztiak azaltzen ahalegindu gara, ahalik eta modurik errazenean eta argienean’.
Liburuaren lehenengo atalean juntagailu eta lokailuak jorratzen dira; bigarrenean, aditz jokatuagazko atzizki menderatzaileak, aditzizenari erantsitako atzizki menderatzaileak eta aditz partizipioagazko atzizki menderatzaileak; eta, azkenik, gramatika mailako aurrekariak edo preposizinoak.
Arau bakotxa adibide bategaz edo gehiagogaz horniduta jatorku. Adibideok egileek eurak sortutakoak edo idazleen testuetatik hartutakoak dira. Azken honeei jagokenez, ‘Bizkaiko tradizino osotik hartu dirala esan behar da: esaera zahar, dotrina edo Lazarragarena lako sorkuntza berezietatik, edo baita autore klasikoetatik be: Juan Antonio Mogel, Pedro Antonio Añibarro, Frai Bartolome, Pedro Astarloa, Juan Mateo Zabala...’. Gaur egungo edo oraintsuko autore eta testu modernoak be aintzat hartu dabez.
Markaren batek aldaerak badaukaz, zein hobetsi edo zeini lehentasuna emon zehazten da. Egituraren bat gitxi erabilten bada edo zahar geratuta badago be, argi aitatzen da; askotan, ganera, egitura batzuen erabilgarritasunaz be eretxia emoten da liburuan: maila arruntean edo jasoan erabiltekoa dan, berbarako.