Euskaldunok munduan  IV. urtea // 135. zenbakia

Quebecen egon da Koldo Amestoi ipuinez-ipuin irudimena zabaltzen


Iratxe Ormatza

Hainbat herritako ipuin kontalariak Quebecera joan dira Ipuinen Nazinoarteko 2005eko Jaialdian parte hartzeko. Han batu dira ipuinen bidez tradizino askotako aho irudimentsuak biaje parebakoak egiteko. Eta euren artean egon da Koldo Ameztoi hazpandarra.

Europatik, Ameriketatik eta Afrikatik joan dira parte hartu daben kontu kontalariak. Jaialdiak Afrikari begiratu deutso beren beregi, eta han izan dira Burkina Fasoko Hassane Kassi Kouyate, Aljeriako Rachid Akbal eta Marokoko Hamed Bouzzine, euren herrien eta ipuinen barri emoteko. Portugaleko, Belgikako, Galeseko, Suitzako kontu kontalariak be joan dira, eta eurekaz batera, Kubakoak, Ternuakoak… Mila eta bat istorio entzuleen artean zabaltzeko.

Koldo Amestoik hiru egunetan jardun dau. Lehen egunean, Ottawako Artearen Zentro Nazionalean egon da, “Erran bezala… balade en Pays Basque” ikuskizuna aurkeztu dau. Bertan Euskal Herrian zehar osteratxoa egin dau, ipuin tradizionalen bidetik. Bigarren egunean, Saint-Eustachen izan da eta “Erran bezala…” eskaini dau. Azken eguna berezia izan da. Autobusez Royal mendira egin dabe osteratxoa, eta “Mendiko espiritua” frantsesez eskaini dabe Amestoik eta Jaques Pasquatek.

Jaialdiaren helburua kulturen barri emotea da eta kulturen artean ulertzeko bidea jorratzea ipuinen bitartez. Ipuina kultura baten ordezkaria be bada, eta esangura horretan, ipuinei ahotsa emonda, kulturen arteko ezagutza zabaldu gura dabe jaialdian.