Sarean  IV. urtea // 135. zenbakia

Udako Euskal Unibersidadeak eta Asmoz Fundazinoak software libreari buruzko ikastaroa antolatu dabe


Bizkaie!

Software libreak azken urteetan izan dauen garapena sekulakoa izan dala ikusita, Udako Euskal Unibersidadeak (UEU) eta Amoz Fundazinoak heziketa-arlo horretan dagoan hutsuneaz jaubetu eta ikastaroa berezi antolatu dabe.

UEUko iturriek azaldu dabenez, GNU/Linux sistema, Apache web-zerbitzaria, PHP lengoaia edota MySQL datu-baseen kudeaketa-sistemak dira software librearen arrakastaren izen ezagunenak.

Ikastaroaren antolatzaileen esanetan, mahai-gaineko aplikazinoetan oraindino bigarren mailako lehiakide izan arren, zerbitzarien munduan lehen mailako protagonista bihurtu dira aitatutako programak eta beste batzuk. Zeozelan administrazinoek bultzatu gura dabe mobimentu hori eta enpresetan arlo honetako profesionalen faltea igarten da gero eta gehiago.

Bide horretan, heziketeak zeresan handia daukala uste dabe erakunde biek, eta heziketa-arlo horretan dagoan hutsuneaz jaubetuta, eta formazino ez-presentzialak eskaintzen dituan aukerak aprobetxauta, ikastaro hau antolatu dabe erantzun zabala izango dauelakoan.

Ikastaroan landuko diran gaiak ondokoak izango dira: instalazinoa; sistema eragileak; TCP/IP Sareak; sistemearen administrazinoa; sarearen administrazinoa; seguridadea; webgune dinamikoen garapena eta edukni digitalen argitalpena.

Ikastaroaren ikuspuntu praktikoari eutsirik, hurreko tutoretzeari aparteko garrantzia emongo jako. Horrezaz ganera, modulu bakotxean lau orduko saio presentzial bat egongo da UEUren Eibarko egoitzan, zalantzak eta ariketak argitzeko, zein praktiken martxea arintzeko.

Software librearen inguruan birziklau guran dabizan informatikako profesionalei, informatikako irakasleei, software librean dabizanei eta praktikearen bidez ikasi daben zaletuei zuzenduta dago ikastaroa. Ikastaroan parte hartzeko ez da gitxienezko titulurik eskatzen.

Ikastaroa 2005eko abendutik 2006ko bagilera arte izango da eta izena emoteko epea zemendiaren 8an amaituko da.