Rias Baixas
Lurraldearen berezitasunak
Lurralde honek ezaugarri berezi asko ditu eta berezitasun horreei esker ardao bereziak egiten ditue bertan. Ardao honeek ardao eskasak ziran bolada baten baina gaur egun, merkatuan dagoan ardao zuri onenetariko da Rias Baixas Jatorri Deiturakoa. Ardaoari nortasun berezia emoten deutsen ezaugarrien artean, nabarmenena eguraldia bera da. Euri zaparrada handiak, eguzki isolazino faltea edo eguna eta gauaren arteko tenperatura aldaketa handirik ez egotea (sano garrantzitsua mahatsaren heldutasun fenolikorako).
Beste alde batetik, mahastizaintzan aldaketea beharrezkoa zan eta, azken urteotan, teknika barriak erabiliz, kalidade handiko ardao zuriak egitea lortu dabe. Teknika horreen artean, bertako bariedadeak erabiltea zan nagusiena; horretaz konturatu ziranean, kendu edo baztertu egin zituen atzerriko bariedadeak (besteak beste, kanpoko bariedadeakaz kopuru handiak bai baina kalidade eskaseko ardaoak produziduten zituelako) eta Albariño, Treixadura edo Godello bertako eta betiko bariedadeak landatzeari ekin eutsen. Bariedade horreek ziran klima berezi horretan ohituta egozanak eta emoitza onak arin etorri ziran. Horrezaz ganera, teknikearen eta lanketa prozesu barritzaileei esker, gaur egunean lurralde honetan egiten diran ardaoek zahartze ahalmena lortu dabe eta badira ardao zuri batzuk 2-3 urte pasau ondoren, oraindino indartsu eta oso ondo mantentzen diranak.
Jatorri deitura honen beste berezitasun bat, lurraldeen minifundioei zelan eusten deutsen izango litzateke. Datu bat emotearren, Jatorri Deitureak lehen esan dogun moduan, 2.400 hektarea mahasti ditu eta hektarea kopuru horretan 5.000 mahastizain dagoz; hau da batez bestekoa egiterakoan, mahastizain bakotxak 0,47 hektareako eremua hartzen dau. Datuak emoten jarraituko dogu oso argigarriak diralakoan, Jatorri Deitura guztian 160 upeldegi dagoz eta 3.500.000 litro baino gehiago produziduten ditue; gehien produziduten dauen upeldegiak 5.000 eta 20.000 litro bitartean ataraten ditu.
Hori guztia aintzat hartuta, azken ikerketen arabera, kalidadezko ardaoen artean, lurralde honetakoak estadu mailako bigarren ardao karuenak dira (nire ustez karua ez da berba aproposa eta, kasu honetan, prezio altua esan beharko litzateke) Errioxa edo Ribera de Dueroko ardaoen gainetik; batez beste Rias Baixaseko ardao botila bat 8,32 euro pagau behar da (antxinako 1.384 pezeta).
Ardaoen kontua eta Galiziako kostaldeko ezbehar ekologikoa buztartzea erraza ez bada be, gustauko litzakit era honetako hondamendi ekologiko gehiagorik ez egotea, besteak beste, itsasoan eginiko kalteak lur barruan be eragina izaten dauelako. Aztertzeko gaia izan daiteke baina oraingoz ez dago jakiterik ardaogintzan be eraginik izango dauen ala ez. Kontuak kontu, holako ezbeharrak ebitetako onena neurriak hartzea dala pentsetan dot, holan jarraitu ezkero, danon artean mundu hau goitik behera hondatuko dogulako.
Mikel Garaizabal,
Enologoa
Gabonak pasau dira eta Bizkaiko Golkoan dogun paronama ekologikoa ikusita, egokia otu jat zenbaki honetan petroleo ontziak eginiko hondamendia dala eta, Galiziako leku kaltetuenei omenaldi txikia egitea, gure partetik alkartasun osoa adierazoteko. Leku horretan, Rias Baixas Jatorri Deiturea dago eta ia nork ez dauen ezagutzen Albariño ardaoa.
Jatorri Deitura hau 1980. urtean sortu zan Albariño izenagaz baina Europako Batasuneko legeak argi ekarren: mahats bariedade baten izena ezin jako ipini jatorri deitura bati eta, horrexegaitik, 1988. urtean Rias Baixas izena ipintea erabagi eben.
Gaur egun, 2.400 hektarea mahasti dagoz landatuta eta kopuru osoaren % 93 Albariño bariedadeagaz landatuta; halan da be, bariedade horrezaz ganera, bariedade zuriak be baimenduta dagoz: Treixadura, Loureiro, Caiño Blanco, Torrontés edo Godello. Baltzen atalean, bertako sei bariedade baltz onartuta dagoz baina horreek ez dira heltzen kopuru guztiaren % 0,5 era eta ez dodaz aitatuko.
Jatorri Deitura hau bost azpilurraldetan bananduta dago:
O Rosal:
Miño ibaiaren eskumaldean kokatzen da, ibaiaren bokalean hain zuzen be. Bertan Jatorri Deiturearen 312 hektarea mahasti dagoz eta azpilurralde honetan gehienbat Loureiro bariedadea da landatuena.
Condado do Tea:
Hau be, Miño ibaiaren eskumaldean kokatzen da O Rosal-en gainean, Salvaterra herritik Ourenseraino doa azpigune hau. Jatorri Deiturearen bigarren azpigune handiena da eta danetara 545 hektarea hartzen ditu; bertan, Albariño ezagunaz aparte, Treixadura da bariedade landatuena.
Soutomaior:
Azpigune txikiena da eta bertan 19 hektarea mahatsondo baino ez dagoz landatuta; zehatz esateko Verdugo ibaiaren bokalean kokatuta dago.
Val do Salnés:
Hau da Jatorri Deiturearen azpigune handiena: 1.500 hektarea; bertan, kopuru osoaren % 65 produziduten dabe eta ideia bat egiteko esango deutsuet Calvados herriaren inguruan kokatzen dirala mahastiak.
Ribera do Ulla:
Azpigune gazteena da orain dala gitxi sartu zalako Jatorri Deituran. Coruñan kokatzen da, Ulla ibaiaren bi aldetan hain zuzen be. Danetara, 46 hektarea mahasti dagoz landatuta.