Barriketan  IV. urtea // 135. zenbakia

Frank Hsieh: ‘nazinoarteak ez-ikusiarena egiten badau Taiwaneko arazoaren aurrean, gerrea sortu daiteke’

Frank Hsieh, Taiwaneko Lehen Ministroa


Ez da bape erraza edozein herrialdeko Lehen Ministro bati alkarrizketea egitea eta gatxagoa oraindino Taiwaneko Lehen Ministroagaz, Frank Hsieh jn.agaz hitzordua zehaztu eta beragaz aurrez aurreko berbaldia lortzea; ekinaren ekinez, munduko liderrik interesgarrienetakoagaz egon gara eta ondoko lerroetan Taiwaneko Lehen Ministroak kontau deuskuzanak irakurri zeinkiez; modu ezin hobea hemetik eta abendura bitarteko oraingo bidaia-kroniken boladeari hasierea emoteko. Estadu espainiarrean era honetako alkarrizketa bat argitaratzen dan lehenengo aldia da eta hilebete batzuetako prozesuaren ostean, hona hemen emoitzea:

Taiwaneko aurtengo jardun politikoan pare bat kontu azpimarratu behar dira : alde batetik, Txinak onartu dauen Sezesinoaren Kontrako Legea eta, bestetik, heroien antzera hartu izan dabezan oposizinoko liderren bisitak. Zure eretxiz zein da erregimen komunistearen helburua?

Sezesinoaren Kontrako Legearen kontra dago Taiwaneko herritarren gehiengoa eta, horrezaz ganera, nazinoarteak be gogor kritikau dau lege hori. Gauzak holan dirala, Txinak lagun giro faltsua zabaldu gura dau taiwandarrakazko politikea berregokituz. Esangura horretan, Taiwaneko oposizinoko liderrak konbidau dabez herrialdea bisitau dagien, izan be, bizi dogun egoera barrian, momentu egokia otu jake euren proiektu politikoari bultzadatxua emoteko. Dana dala, bategitearen alde dagozan gure herritarren % 10aren botoak eskuratu gura izan dabezan arren, argi ikusi da hauteskundeen ondoren, ez dabela lortu babesik.

Inbasino militarraren arriskua aspalditik dago Taiwanen. Holakorik espero dozu?

Txinak gero eta zeresan handiagoa dauka nazinoartean eta erakunderik garrantsitsuenetan ordezkariak daukaz eta normaltasunez parte hartzen dau. Espero daigun aitatutako erakundeetan oinarri diran bake abiaburuak jarraitzea eta errespetetea. Uste dogu nazinoarteak hur-hurretik jagon behar dituala Taiwaneko Itsasartean sortzen diran tensino eta gorabeherak, izan be, arazoari jaramonik egin ezean edo ez-ikusiarena egin ezkero, gerrea sortu daitekelako barriro. Horregaitik guztiagaitik, nazinoarteko erakundeei dei berezia egiten deutset gerrearen aukera hori baztertu edo ebitau dagien.

Taiwaneko gobernuak badauka asmorik Txinako agintariakaz alkartu eta zeozelako negoziazinoak hasteko?

Gure jarrerea beti izan da berba eginaz akordioak lortzearena eta, beraz, Txinako agintariakaz negoziazinoak hasteko prest gagoz. Edozelan be, gure eretxiz, baldintza argi bakarra beharko litzateke, hau da, aurretiaz ezarritako baldintzarik ez egotea prozesuari ekiteko. Gaur egun holakorik ez dago, izan be, Txinako gobernuak Txina bakarra, banatu ezina baino ez dau gura eta Taiwani behin eta barriro esan deutso baldintza hori onartzen ez badau, negoziazino prozesurik ez dala hasiko.

Zein da Taiwaneko gobernuaren helburua: ‘status quo’ ala independentzia?

Taiwaneko gobernuarentzat independentzia da gaur egungo ‘status quo’. Era demokratikoan onartutako presidentea daukagu, geure botere legegilea be bai eta guretzat garrantsitsuena dana, Txinak ez dau sekula Taiwan gobernau. Horrezaz ganera, hogei bat herrialdetako agintari eta liderrakaz hartu-emon diplomatiko zuzenak daukaguz eta, beraz, zeozelan herrialde burujaubea gara daborduko. ‘Status quo’ eta independentzia bat datozen kontzeptuak dira eta ez dago ezelako kontraesanik.


Oro har, zelan ikusten dozu Taiwaneko etorkizuna?

Nazinoarteko politikeari dagokionean, adiskidantzazko hartu-emonak gura doguz Txinagaz eta horretarako arazorik ez izatea espero dot. Esangura horretan, bi herrialdeen arteko trukea indartu eta suspertu gurako geunke nazinoarte mailako bakeari eusteko.

Alor batzuetan, aurrera egin dogu, berbarako turismoan, charter hegaldiei ekin deutsagu barriro eta txinatar turistei erraztasun guztiak eskaintzen deutseguz Taiwanerako bidaietan. Hori guztia, adiskidantzazko giroa suspertzeko eta bi herrialdeen arteko tensinoa murrizteko gogoagaz.

Txinari behin eta barriro eskatu deutsagu Taiwan mehatxatzen ez jarraitzeko eta badaezpada AEB eta Japoniagaz bat egin dogu, beti be bakea aurretik jarrita. Txinak mehatxuak baztertzen baditu gure herrialdeak ez deutso sekula trabarik jarriko Txinaren garapen politiko, ekonomiko eta sozialari.

Arlo ekonomikoan, geure lehiakortasunari eustea da asmoa enpresen I+D zentruen garapenagaz jarraituz eta, ahal dala, hobetuz. Eginahalak egingo doguz industria teknologikoek gure herrialdetik hanka egin ez dagien, era horretara, sektorean buru izaten jarraitzeko.

Era berean, langabezia % 4 ingurura bajatzea da gure asmoa, tasa ederra baita Europako herrialdeetarako be.

Barruko politikeari jagokonez, sistema demokratikoa oinarri dala, oposizinoagaz lankidetzea bultzatzea eta alkarbizitza maila onena ahalbidetzea izan dira beti nire asmoak. Egia da Taiwaneko gizartea zati bitan banatuta dagoala baina abenduko hauteskundeen ostean, espero dot politika ekonomikoa lako gaietan akordioak lortzea, beti be, Taiwanek etorkizun egonkorragoa eta sendoagoa izan dagian.

OHARRA: Taiwaneko egoerea sakon aztertu genduan Bizkaie!-ko 'Bidaide' atalean 127tik 132ra bitarteko zenbakietan (Hemerotekea).

Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama