Jan-edanak  IV. urtea // 135. zenbakia

Beñat Ormaetxea: ‘ez dago atxakiarik arraina ez jateko’


Saioa Torre Gereketa

‘Pescados, un mar de posibilidades en tu mesa’ liburua argitaratu dabe Everest argitaletxearen eskutik Jose Miguel Olazabalaga, Isidro Arribas eta Beñat Ormaetxea sukaldariek. Azken hau ezagutuko dozue, atal honetan hamabostero errezeta barri bategaz etorten jaku eta. Liburuaren ganean alkarrizketatxua egin deutsagu eta arraina jatearen eta preparetearen gorabeherak kontau deuskuz.

1.- Zein da liburuaren helburua?

Helburua arraindegi eta merkaduko produktuak etxeetan eta
txokoetan zein beste hainbat lekutan ezagutarazotea da. Aldi berean, liburu
honegaz jakin ahal izan dogu arrain bakotxagaz zer egin geinken.
Sueteko teknika danak ikusi geinkez; beraz, suetean erabilteko liburua da.

Errezeten artean badira betikoak eta baita gaur eguneko landuagoak be. Gure helburua hau guztia jenteari erakustea da, etxean egin daitekezan errezeta landu ugari dagozala ezagutarazotea.

2.- Zergaitik erabagi zenduen arrainaren ganeko liburua idaztea eta ez okelea edo beste produktu baten ingurukoa?

Bilduma bateko ale bat besterik ez dalako eta gaia arraina izan da oraingoan. Pasa dan urtean beste ale bat argitaratu zan plater begetarianoakaz osotutakoa. Ale ha gure lagun batzuek egin eben eta oraingo hau Isidro Arribas, Josemi Olazabalaga eta nik egin dogu. Batek daki okelen eta postreen aleak nork egingo dituan!

3.- Zelan sortu zan liburua hiru sukaldariren artean egiteko ideia? Zelakoa izan da esperientzia?

Hiru sukaldariok etxe berekoak gara eta etxeak aurkeztu euskun liburua egiteko proposamena. Lana polita izango zala pentsau genduan eta berehala ekin geuntson. Gauzak trankilago egin doguz hiruron artean eta emoitzea serioa izan da, hobea, hiruron jakinduria buztartuta.

4.- Zer esango zeunskio beti okelea jaten dauenari arraina jaten animetako?

Jente asko dago arraina garbitzen ez dakialako jaten ez dauena. Horreek beti jaten dabe okelea. Nik esango neuskie gaur egun arraina etxean jatea ez dala beste munduko ezer, arraindegietan arraina garbi-garbi erosi daitekelako gura izan ezkero. Gero, guk etxean preparau besterik ez dogu egin behar.

Lehen ez egoan holakorik, baina orain ez dago atxakiarik arraina ez jateko. Beraz animau daitezala, arraina astean birritan jan behar dogulako gitxienez.