Zinea  IV. urtea // 135. zenbakia

El aura


'Nueve Reinas'-ek jadetsitako arrakastearen ostean, ikusmin eta jakinmin handia sortu eragin dau Fabián Bielinsky-ren bigarren film honek. 'El aura' pelikuleak, dana dala, ez dauka zerikusi handirik zuzendaria eta Ricardo Darín ospetsu egin ebazan aurreko lanagaz: arean be ilunagoa eta trinkoagoa da, arean be bihurriagoa

Filmaren lehenengo eszenan protagonistea aratinik agiri da, banketxe bateko kutxazain automatikoan, harik eta unekada baten ostean jagi eta dirua ataraten hasten dan arte. Lehenengo eszena honek asko dinosku pelikula honen ganean: lehena, persona bakar baten ganeko filma dala; bigarrena, istorioaren ikutu nabar eta arrea, berba larregi bakoa eta geldoa.

Honako hau erritmo moteleko pelikulea dozue, protagonistearen keinu, adikune, isilune eta sentsazinoak osogai garrantzitsu modura erabilten dauzena, jazoten dabilenaren barri emoteko eta ikus-entzuleei larritasuna nahiz estuasuna heldu eragiteko. Horretarako, beren beregi jagon behar izan dabez planoak, argazkiaren tonuak, antzezleen itxura fisikoak...

Ricardo Darín-en zeregina be ez da erreza, gidoiak berbaz adierazoten ez dauena, artifizio bako gorpuztasun biluzi baten bitartez esan behar dauelako; behar horretan, ostera be erakutsi dau antzezle bikaina dala.

Azken batean, filma, amesgaizto baten modukoa da, apurka-apurka desegiten dan troinua; behar gatxa da film hau ikustea, nekosoa, baina gustagarria.

Joseba Terreros

- Zuzendaria eta gidoia: Fabián Bielinsky.
- Herrialdeak: Argentina.
- Iraupena: 134 minutu.
- Antzezleak: Ricardo Darín (Esteban Espinosa), Dolores Fonzi (Diana), Alejandro Awada (Sontag), Pablo Cedrón (Sosa), Jorge D'Elía (Urien), Manuel Rodal (Dietrich), Rafael Castejón (Vega), Walter Reyno (Montero), Nahuel Pérez Biscayart (Julio).
- Argazkia: Checco Varese.
- Muntaia: Alejandro Carrillo Penovi eta Fernando Pardo.