Jan-edanak  II. urtea // 18. zenbakia - 2003ko urtarrilaren 15a

Edari alkoholikoak energia iturri?


Gomendio orokorrak

Edari alkoholikoen kontsumoa murriztea da onena; dana dala, jatekoagaz graduazino txikiko edariren bat hartzea ona izan daiteke (sagardaoa, garagardoa eta ardaoa). Likoreen kasuan, edatekotan, noz edo noz edan beharko geunkez.

Gomendioak emoten diranean, normalean ez da sagardaoaz ezer esaten, oso jende gitxik edaten dauelako sagardaoa egunero baina lehen esandako moduan, jatekoagaz sagardao apur bat edatea ez da kaltegarria. Garagardaoaren kasuan, edari hau ez da hain gomendagarria ze gasduna danez, batzuetan haize-minak sortu leikezalako.

Aholkuak gehienetan ardaoaren inguruan emoten dira: egunean bizpahiru baso edo edalontzi edatea ona dala esaten da digestinoa erraztu eta odoleko kolesterol mailak kontroletan laguntzen dauelako (kolesterol ona edo HDLa igotea eragiten dau). Baina alkohol gehiegi edan ezkero, efektua guztiz kontrakoa bihurtzen da HDLa behera joaten dalako.

Beste alde batetik, odoleko kolesterola altu dagoanean, ardao apur bat hartu leiteke. Hori bai, badagoz odoleko koipeen inguruan beste gaixotasun batzuk, hipertriglizeridemia esaterako; kasu horretan, galazota dago edari alkoholikoak hartzea (alkoholak odoleko triglizerido horreen kopurua handitzea eragiten dauelako).

Ganera, ez dogu ahaztu behar alkoholaren energia kopuruagaitik, loditasuna edo obesidadea eragin leikela eta odoleko koipeen ganeko arazoak dagozanean, pisua kontroletea nahitaezko baldintza izaten dala (loditasuna bihotzekoak emoteko arrisku faktore bat da).

Umeek, haurdun dagozan emakumeek eta titia emoten dabilzan emakumeek ez leukie alkoholik edan behar, alkoholaren efektu kaltegarriak ebitetako.

Gorago be esan dogu, edari alkoholikoak miszelanea taldekoak diranez, edari alkoholikoen kontsumoa ez da derigorrezkoa edo beharrezkoa; plazerragaitik edatea norberaren aukerea da eta neurriz hartuta efektu onuragarri batzuk izan leikezan arren, ez ahaztu gehiegi hartu ezkero, alkohola oso kaltegarria dana.

Gure edari natural eta fisiologikoa URA da.

Larraitz Artetxe,
Dietetika eta nutrizinoan diplomatua,
ELAN VITAL Mediku Zentrukoa.

Joan jakuz gabonak eta etorri jaku barriro normaltasun girora eta ordenera bueltetako sasoia. Sarritan guk geuk sortutako topikoaren esklabu bihurtzen gara eta 'gabonetan danok gehiegi jan eta edan behar ei dogunez' horixe egiten dogu, beste aukera batzuk be badagozala planteau barik.

Ordenera bueltetea eta errudun sentimentuetan jaustea desbardinak diranez, gabonetan gehienok normalean baino gehiago edaten doguzan edarietaz berba egingo dogu gaur, edari alkoholikoetaz hain zuzen be.

Ura kenduta, beste edari guztiak 'Miszelanea edo Nahaste Taldearen' barruan sartzen dira eta lehenengo ta behin talde horren berezitasunak ezagutuko doguz:

Miszelanea edo Nahaste Taldea

Talde honetan, nutrizinoaren aldetik oinarrizkoak edo beharrezkoak ez diran elikagaiak dagoz baina sarritan kontsumiduten diralako elikaduran garrantzitsuak dira. Nutrizinoaren ikuspegitik ez dira beharrezkoak, elikagai honeen mantenugaiak beste taldeetako elikagaietatik lortu geinkezalako baina emozionalki eta kulturalki oso garrantzitsuak dira. Talde hau osotzen daben elikagaiak honexek dira: azukerea, eztia, gailetak, pastelak, kakaoa eta txokolatea, edari alkoholikoak, edari estimulatzaileak eta edari freskagarriak edo errefreskoak.

Jean Trémoliéresen esanetan, 'janari baten inguruan elikagaiek balio sinboliko misteriotsua hartzen dabe eta hori da euren onarpena eragiten dauen faktorerik garrantzitsuena, izan be, gizakia elikagaien kontsumitzailea izateaz ganera, sinboloen kontsumitzaile amorratua dalako'.

Edari alkoholikoak

Ardao, garagardao, sagardao eta likoreek, kopuru desbardinetan alkohol etilikoa eta azukerea daukie.

Alkoholak energia emoten dau, 7 kilokaloria gramoko (azukerearen bikotxa ia-ia, azukereak 4 kilokaloria gramoko emoten ditu). Gizakiok energia behar dogu gure gorputzeko funtzinoak bete ahal izateko baina alkoholaren kasuan, energia hori ez da onuragarritzat hartzen, beharrezko energia guztia elikagaietatik be lortu geinkelako, alkoholaren efektu kaltegarriak sufridu barik.

1) Edari fermentatuak

Sagardaoa sagarren fermentaziotik lortzen da; ardaoa mahatsaren fermentazinoaren ondorioz; garagardaoa, ostera, garagarraren fermentazinoagaz eta lupulo izeneko landara bat botaten jako garagardaoaren gusto berezi hori lortzeko.

2) Likoreak

Ardao desbardinak, fruten ur edo fermentazinoaren ondorioz lortutako zumoak edota zereal malteratuak fermentau eta destilauta egiten dira likoreak eta alkohol konzentrazino handikoak dira.