Naturaltasuna daukan euskerazko eredu formala
Akabuen, neuk be ez dakit zein dan konponbidea, baina egungo eredu formal naturala batzutan ez da naturala eta bestetan ez da formala. Eta gauzak holan dirala, asago lotzen jakun hizkuntzearen normalizazinoa, normal-normala be ez dalako gizarte elebidun elebakarzale baten egoerea.
Xabier Paia
Goiko esaldi hori parajeago dago utopiatik errealidadetik baino. Lehengoan leidu neban eta horixe iruditu jatan: afirmazinoa baino, eskea. Horren zergaitia azaltzeko, zuzenki kontrajarriak diran terminoen bateraezintasuna aztertu beharko dogu. Zein dira termino horreek? Naturaltasuna eta eredu formala.
Euskeraz, hatsarre orokorra izango balitz lez, testu bat zenbat eta naturalagoa izan orduan eta eredu formaletik asago gelditzen da. Simetria hori bestera be mantentzen da, ze testua zenbat eta formalagoa izan orduan eta arrotzagoa egiten jaku. Hasteko, naturaltasuna ezin lortu geinke azken uneko itzulpenak diran euskerazko testuetan. Itzultzaileak apenas izaten dau denporarik testu txukun bat idazteko, baina legegileak ez dira konturatzen horrek testuak erderazkoak beste balio dauela. Hala eta guztiz be, legebiltzarkideek testu baten idazketea aztertzen dabenean, erderazkoan sakontzen dabe, euskerazkoan ondo edo txarto dauen begiratu barik. Eta ez dot bereizketa politikorik egingo. Ez dago.
Eredu formala, bestalde, ulertezintasunagaz lotzen dogu sarritan. Baita ondo lotu be. Zeinek ulertzen dauz honako berbak: ‘administrazio-zuhurtziarakotasun’, ‘zuzkidura’, ‘itzurpen fiskala’, etab. Eredu ezin formalagoaren eredu dira horreek berbak, baina ulertezintasuna ulergarria da neurri berean. Pentsau holako hiru berba agertzen jatzuzala paragrafo baten bi lerrotan. Zer egingo zeunke? Bai, hori da. Ez, ez lotsatu, gizaki hilkor gehienek bardin-bardin egiten dabe: gaztelaniazko testura jo.
Eta, orduan, bietatik zein aukeratu behar da? Izan be, emoten dau biak uztartzea ezinezkoa dala. Ikusten danez, naturaltasunez eredu formalean jardun behar dabenen eretxia erabat aldatzen da testuaren euskarriaren arabera.
Euskeraz berba egin behar dabenean, euskera nahiko naturala izaten da (hizlari bakotxari posible jakon neurrian, jakina), eredu formala bazter batean itxiz. Gaur egungo politikari, legebiltzarkide eta abar euskaldunek ez dabe bereizten noiz dagozan tabernan eta noiz hemizikloan eta mikrofono batean aurrean. Euskeraz aspalditik egiten dabenek ez daukie ezelako erreparorik hika berba egiteko, euskalkiak eta batua nahasteko, euskalkiak, batua eta erderea batzeko, erregistroa eten barik aldatzeko… euskeraz orain gitxi hasi diranei, agur eta ohore ahaleginagaitik, eta egur eta dolore geure belarri gaixoentzat.
Ostera, euskerazko testu formaletan ez da agertzen ahozkoaren naturaltasuna. Emoten dau euskerazko testuen idazle edo itzultzaileen zeregin handiena irakurlearen euskal buruestimuari min emotea dala. Horretara, hainbat eta hainbat itzultzailek kalketan dabezan hainbat testuk interes handiagoa pizten dabe hizkuntzalariakan uritar xumeakan baino. Hizkuntzalari, filologo eta gainerakoek gurutzegramen filosofia bardinagaz hartzen dabez lege, arau, ebazpen eta abarren bersino euskaldunak: ‘ea ez dakidana zer dan asmetako gai nazan”, ‘ostras, hau berbau ez neban ezagutzen’, eta holako beste batzuk.