Sarean  IV. urtea // 134. zenbakia

Liburutegi digitalak


Gotzon Plaza,
informatikoa

Hor dago barriro Google bazterrak mobidu guran eta, bide batez, txaloak eta kritika gogorrak jasoten. Oraingo ideia? Liburutegi digital erraldoia Interneten.

‘Google Video’ eta ‘Google Maps’ sortu ostean, ‘Google Print’ proiektua sortu dabe. Michigan, Stanford, Harvard eta Oxford-eko unibersidade eta New York uriko Liburutegi Publikoan dagozan liburuak eskaneau eta on-line eskaini gura dabez. Liburutegi honeetako liburu publikoak baino ez dira digitalizauko, 15 miloe inguru.

Pentsau daigun zer izango litzateken gure ordenadorean liburutegi horreetako aleak ikusgai eta aztergai eukitea. Itzelezko erraztasuna eta aurrerapena izango litzateke ordenadorean liburu horreek guztiak irakurri ahal izatea.

Asmoa ez da barria: Estadu Batuetako Kongresuko Liburutegiak be ideia bera dauka eta beste unibersidade eta erakunde batzuk be bide beretik doaz, baina ez da inoiz holako proiektu erraldoirik aurkeztu. Frantziako Liburutegi Nazionala be kontu beragaz dabil, ganera.

Baina pasa dan urtean plazaratu zan Google-en proiektu honen helburuari laster etorri jakoz kritikak, ‘Author´s Guild’ erakundetik berbarako. Alkarte hau Estadu Batuetako 8.000 idazleren bozeroalea da. Google-ren kontrako salaketea aurkeztu dau New Yorkeko epaitegi batean, proiektuak egileen eskubide intelektualak ahaztuten dituala esanez, liburua eskaneau eta Interneten jarri ezkero, egilearen eskubideak baztertuta geratuko litzatekezalako. Estadu Batuetako Argitaletxeen Alkarteak (ingelesez, AAP) be salaketa bera jarri deutse. Legearen arabera, 1923. urtea baino lehenagoko liburuak eskaneau leitekez baina hortik aurrerakoak babestuta dagoz.

Google-ek, barriz, autoreen eskubideak babestu eta mantenduko debezala esan dabe behin eta barriro. Egoerearen aurrean, prozesua geratu egin dabe, argitaletxeek eskaneau ezin diran liburuen zerrendea argitaratu arte.

Bestalde, Europan be kritika ugari izan dira, batez be Frantzian. Frantziako presidente Jaques Chirac jaunak aurtengo martian esan eban Frantziako Liburutegi Nazionalak antzerako proiektua egingo dauela: Europako hizkuntzatan dagozan lan literarioak eskaneau eta Interneten jarri, batez be ingelesari aurre egiteko (edo frantsesa indartzeko). Europako hemeretzi Liburutegi Nazionalek izenpetu dabe akordioa eta ikusiko dogu zelan amaitzen dan kontua. Eskaneautako lanagaz batera beste elementu bat be bultzatu gura da: liburutegi digitalean informazinoa topetako bilatzailea. Bilatzaile hori Europan garatuko da eta batek daki denporeagaz Google beraren konpetentzia izango ete dan.