Hasikera ederra
Azken astegoienean Uztaritzen eta Arrasaten izan ziran kanporaketak. Uztaritzekoa maila bikainekoa izan zan. Amets Arzallus gailurrik jo barik baina seguru eta maila onean ibili zan saio osoan. Fredi Paiak anaiaren bidea hartu gura eban (agurrean autortu eban harek baino puntu erdi gehiago behar ebala etxetik bialduko ez baeben), eta behetik gorako saio eredua be kopiau eutson. Zalantza gehiago sortu euskun Fredik, baina azkenean hor dago, irabazleak kenduta hirugarren puntuazino altuena lortu dau, justu anaiaren atzetik. Uztaritzekoa izan zan sei bertsolarien puntuak batuta maila altuena emon eban saioa. Aitatzeko izan zan be Onintza Enbeitaren lana. Saio ederra egin eban, eta azken bertsoko potoagaitik dago kanpoan. Arrasateko kanporaketeak azkenaren morbo guztia eukan beragaz. Frontoiko giro beroa faltau izan bazan be, bertsolariek polito erantzun eutsen erronkeari. Hemen be hiru bertsolari sailkatu ziran. Aitor Sarriegik saio bikaina osotu eban, ofiziotan bizi, fresko, eta bakarka sinisgarri. Arkaitz Goikoetxea beti lez dotore, eta gure Arkaitzek be, galdakaoztarrak sailkatzea lortu dau, justuan bada be. Poto baten erruz ibili da estu sailkatzeko, baina bestela saio polita bete eban, ofiziotan betelan ona eta erantzunak emonaz. Bizkaitik lau bertsolari sailkatu dira. Parte hartu dabenetatik erdia. Bizkaiko bertsogintzearen emoitza bikaina, ezelako dudarik barik. Danetara sei izango dira finalaurrekoetan, durangar bikote galaktikoa jokoan sartuko da eta.
Finalaurrekoak bi itzulitara jokatuko dira. Bertsolariak hiru taldetan banatuta kantauko dabe, eta bigarren itzulian taldeak aldatu egingo dira. Puntuazino gehien lortzen daben sei bertsolariek BECeko finalean izango dira egungo txapeldun Andoni Egañagaz eta txapeldunorde Maialen Lujanbiogaz. Honeek dira lehenengo itzuliko saioak:
Azaroak 6, domeka
HENDAIA, Beltzenia pilotalekua, 17:00etan
Unai Iturriaga
Jexux Mari Irazu
Amaia Agirre
Jon Martin
Fredi Paia
Jokin Uranga
Azaroak 12, zapatua
MARKINA-XEMEIN, Udal pilotalekua, 18:00etan
Jon Maia
Igor Elortza
Aitor Sarriegi
Amets Arzallus
Xabier Paia
Arkaitz Estiballes
Azaroak 13, domeka
GASTEIZ, Principal Antzokia, 17:00etan
Sustrai Colina
Aitor Mendiluze
Etxahun Lekue
Ekaitz Goikoetxea
Arkaitz Goikoetxea
Iñigo Manzisidor
Finala baino lehenago badogu Bizkaian Txapelketaz gozetako aukera barria. Markinan izango da finalaurreetako bigarren saioa, eta ganera bertan hiru bizkaitarrek kantauko dabe. Ez da giro izango. Saio guztiak dira maila handikoak, egia esan. Finalean sartzeko erronkeak bertsolariak munizino dana erretera bultzatuko dauz, eta ikuskizuna ziurtatuta dago. Finalaz ari garala, gogoratu txartelak salgai dagozala aspaldian. BEC Bertso Exhibition Center bihurtzeko apustua eginda dago, eta gitxienez 10.000 entzule batzeko erronkeari galdera bakarra egin behar jako: Bizkaiak erantzungo ete dau? Baietz bete!
Iñaki Aurrekoetxea
Amaitu da Txapelketa Nagusiko lehenengo fasea. Azken-laurenetako bost saioak jokatu dira eta aurrera egin daben bertsolarien izenak ezagututa, hasikerako fasearen balantze txiki bat egitea toketan da.
Antolatzaileak pozik egoteko moduan dagoz. Saioetan entzuleek bete egin dabez pelotaleku eta aretoak. Pena da Arrasateko azken kanporaketan ehundik gora entzule kanpoan geratu izana. Holakoa izan da Txapelketeak sortu dauen ikusmirea. Komunikabideen aldetik jarraipen ona egin jako fase honi, eta igarten ari da talde antolatzaileko komunikazino arloa erdal hedabideakaz egiten ari dan lana. Gizartearen sektore zabalagoetara hurreratzeko ahaleginean ari da Txapelketea, eta erraza ez bada be, bidea egiten ari da. Maminean sartuta, bertsotarako gaiak onak izan dira gehienak, salbuespenak salbu, eta epaileek, danen gustua sekula beteko ez daben segurantziaz aritzen dirala kontuan hartuta, lan gero eta profesionalagoa egiten dabe. Eta bertsolariak? Honeek dira protagonista nagusiak, eta esan geinke bertsoen mailea oso ona izan dala. Euskal Herriko bertsolari onenak dabiz lehian, eta gero eta preparazino kontzienteagoa egiten ari dira. Entzuleen gozamenerako.
Saioz saioko begiratua emon daigun. Lekunberrin abiatu ziran azken-laurenak. Bost kanporaketatatik maila bajuena emon dauena izan da. Txapelketearen hasikerako urduritasun eta dudak igarri ziran, baina saioa amaitzerako proposamen politak jaso genduzan. Amaia Agirre baino ez da sailkatu talde horretatik. Erregular ibili zan, hutsik egin barik. Xabier Silveira sailkatu ez izana hartu leiteke fase honetako sorpresarik handiena lez. Bertsotan ondo aritu zan, goi-mailan zenbait bertsoalditan, baina egindako poto eta lorrinek aurrera egitea eragotzi eutsen. Idiazabalen eta Zornotzan dezente egin eban gora bertsolarien maileak. Idiazabalen saio orekatuena eta biziena eskaini euskuen, eta Etxahun Lekue larrabetzuarra zuzenean sailkatu zan, saio benetan dotorea osotuta. Beragaz batera, Ekaitz Goikoetxea sailkatu da, eta hurrengo biak (Iñaki Gurrutxaga eta Iker Zubeldia) kanpoan gelditu dira justu-justuan, puntu ta erdiko aldeagaz. Zornotzako mailea ez zan urrun ibili, arean motelagoa izan bazan be. Jon Martinek fase honetako puntuazinorik altuena lortu eban, eta BIZKAIe!-ko kolaboratzaile Xabi Payak be merezita lortu dau finalaurreetarako txartela, behetik gorako saio politaren ostean. Iratxe Ibarra ez da urrun geratu. Seguru ibili zan, ohiko lez, eta nago bizkaieraz kanteteak ez deutsola mesede larregirik egin. Ez leuke behar. Bost puntu gehiagogaz (hori ez da ezer) barruan zan.