Kulturea  IV. urtea // 134. zenbakia

Elias Amezaga idazle bilbotarrak jasoko dau Eusko Ikaskuntzaren XXIII. Manuel Lekuona Saria


Bizkaie!

Amezaga gazteleraz Euskal Herrian idatzi dauen idazle emonkorrenetakotzat hartua izan da. Oviedoko Unibersidadean Zuzenbide lizentziaturea lortu eban eta 60 liburutik gora argitaratu ditu, besteak beste, "Yo, demonio" (1957), "Van Gogh y el más allá" (1959), "Auto de fe en Valladolid" (1967), "Guía del perfecto inquisidor" (1968), "Enrique Quarto" (1974) eta "Los vascos que escribieron en castellano" (lau liburuki, 1977-1993).

Bere lan garrantzitsuenetako bat "Autores vascos" da; 12.000 autore baino gehiagoren fitxa zehatzak dituan hamar liburukik osotzen dabe, eta 30 urtetan lan egin behar izan eban lana amaitzeko.

Dramagile lez zenbait lan estreinau ditu Espainian eta Ameriketan, eta Madrilgo antzokietan zenbait aktore ezagun egin ebazan: Arthur Adamov, Bertold Brecht, Maurice Druon eta, batez be, maisutzat eukan Michel de Ghelderode belgikarra.

Eusko Ikaskuntzak 1983an sortu eban Manuel Lekuona Saria, euskal kulturako personaldadeak goresteko. Aurreko 20 edizinoetan saritutakoen artean dagoz Jorge Oteiza, Jose Miguel Azaola, Justo Garate, Bernardo Estornes, Carlos Santamaria, Jose Mª Jimeno Jurio, Eugene Goyheneche, Jean Haritschelhar edo Manuel Lekuona bera. Saria, Remigio Mendiburuk egindako brontzezko eskultura bat da, eta oraindino zehaztu bako egun batean banatuko da.