Barriketan  II. urtea // 18. zenbakia - 2003ko urtarrilaren 15a

Felix Losada (Biartea): 'gure beharrak ez dira behar bezela baloretan'.

Artisauak galbidean?


Artista eta artelan ezagunak doguz Euskal Herrian eta hain ezagunak ez diran artisauak be bai; edozelan be, artearen eta artisautzearen mundu erraldoi eta korapilatsuan asko dira espezialidadeak baina gizarteko beste arlo batzuetan legez, izar handienentzako izaten da pastelaren zatirik potoloena. Zein da artisauen egoerea eta etorkizuna? Artearen eta artisautzearen artean ba dago diferentziarik? Artisautzea ogibidea ala afizinoa da? Zein da Biartea, Bizkaiko Artisau Alkartearen zeregina?. Horreei eta beste itaun batzuei erantzuna emoteko prest agertu da Felix Losada, Biartea, Bizkaiko Artisau Alkarteko Burua.

1. Artearen eta artisautzearen artean badago diferentziarik?

Definizino zehatzak kontuan hartuta, arte lanak ikusteko edo begiratzeko egindakoak dira eta artisautzearen beharrak erabilteko egindakoak izaten dira. Dana dala, azken boladan artisautza objektu askok euren erabilgarritasuna galdu eta kontenplazinorako funtzinoa beteten dabe. Beraz, esango neuke gero eta alde txikiagoak dagozala artearen eta artisautzearen artean.

2. Arte Ederretako lizentziaturea hor dago baina Arte Eskolarik badago gure artean?

Gauzak asko aldatu dira, lehen Bilbon be bageunkan eskola bat eta artisautzearen oinarrizko ezagutzarako nahitaezkoa zan; gaur egun, ezagutza orokorrari eta teoriari emoten jako garrantzia gehiago eta ogibidea ikasi gura izan ezkero, norberak esperimentau behar izaten dau interesetan jakon arloan. Dana dala, Gazteizeko Arte Eskolea da espainian artisau sormen prozesu desbardinetan heziketea eskaintzen dauen ikastetxe bakarra. Hori bai, batxillergo artistikoa be badago arte ederretako lizentziaturearen abiapuntutzat hartzen dana.

3. Artisaua jaio egiten da ala badago artisau ogibidea ikasterik?

Mundu honetan gehienak artisau beteranoak gara eta guk geuk aukeratu genduan artisau ogibidea, ez egoan artisautza tradizinorik, transmisinorik ez da egon eta, esangura horretan, autodidakta izan gara. Ikastea beraz, posible da baina gaur egun artisau ikasleentzat errazagoa da ze sarea eginda dago, artisautza tradizino handiagoa dago eta tailerretan ogibidea ikasteko baliabide eta aukera gehiago dago. Sormena lantzearen beharra sentiduten dabe askok, materialakaz kontaktu zuzena izateko beharra eta gaur egungo produkzino moduei erantzuteko gogoa, horrexek dira artisau izatea aukeratzen dabenen baloreak.

4. Biartea, 92ko martiaren 16an sortu zan artisautzearen arloan behar egiten eben bost alkarteren bategitearen ondorioz. Zeintzuk dira helburuak?

Helburuak asko dira: Bizkaian artisautzea zabaltzea eta ezagutzea bideratzea, bazkideen artean laguntasuna, komunikazinoa eta parte hartzea bultzatzea, artisauei formazinoa eta aholkularitzea eskaintzea, artisauen beharrak merkaturatzeko sarea eta tresnak sortzea eta artisau produktuen kalidadea hobetzea.

5. Artisauen beharra merkaturatzeko sarea eta tresnak sortzeko ze pausu emon ditu Biarteak?

Tailer mueta asko dagoz; batzuei zuzeneko salmentea interesetan jake eta beste batzuk, ostera, enkarguzko beharrak egiten ditue dekoratzaile edota diseinugileakaz lankidetzan. Gauzak holan dirala, Biartea guztientzako urtenbideak planteetan ahalegintzen da. Zuzeneko salmenteari jagokonez, Biarteak azokak antolatzen ditu eta Bilbokoa da garrantzitsuena, aurten 20. edizinoa izan da. Horrezaz ganera, aurten Bilboko Diseinu Ferian be parte hartu dogu. Beste alde batetik, Biarteak jente interesatuaren eta tailerren edota artisauen artean bitartekari beharra egiten dau eskabide guztiei ahalik eta erantzun argiena emoteko. Ganera, Autonomia Erkidego guztietako alkarte garrantzitsuenen bilgunea dan Oficio + Arte federazinora batuta gagoz eta, besteak beste, esperientziak trukatzeko oso ona da. Gero gurean apliketako, Europa mailako esperientziak be kontuan hartzen doguz, izan be, ikasteko asko dago diseinuari eta produktuen kalidadeari jagokenez.

6. Gaur egun, 40 bazkide -artisau- ditu Biarteak. Dana dala, alkartera batu barik be artisau asko egongo dira...

Jakina. Kontua da ze Biarteako bazkide izateko baldintza nagusia tailerra eukitea edo autonomoetan altan egotea dana. Beste kasu batzuetan, baldintza hori bete arren tailer edo artisau batzuk ez dagoz alkartera batuta. Guretzako interesgarriena sektorearen batasuna da eta artisau guztien ardura eta arazoei erantzuna emotea. Helburuak lortzeko indar handiagoa dauka alkarteak edo batasunak artisau bakarrak baino eta, alde horretatik, oraindino bazkide ez diranak alkartera erakarteko kanpaineari ekin behar deutsagu.

7. Bizkaiko Dekoradoreen Elkargo Ofizialagaz kolaboretan dozue. Zertan?

Dekoradoreen Alkargokoek aldizkari bat ataraten dabe eta horren edizinoan kolaboretan dogu artisautzearen ganeko artikuluekaz. Ganera, artisautza tailer batzuetan dekorazinorako diseinuzko pieza bereziak sortzen ditue eta, geldiro-geldiro, sektore honegaz eta beste batzuekaz hartu-emonak sendotzen goaz eta alkarlanean oinarritzen gara.

8. Oficio + Arte, espainiako artisauen alkarteko kide da Biartea. Euskal Herri mailan ez dago alkarterik?

Buruan bueltaka darabilgun ideia da Euskal Herri mailan alkarteen federazinoa sortzea. Nafarroan eta Gipuzkoan gurearen antzeko egiturea dabe eta Araban egoerea eskasagoa da. Ardura eta premina guztiak aztertu eta alkarlana bideratzea da asmoa. Dana dala, artisautzea aldundien menpeko sustapen eta garapen arloan sartuta dago eta aldundiek lurralde historikoaren mugea dabenez, alkarte legez lurraldeka behar egiten dogu oraingoz.

9. Alkartegintza, antolakuntza, artisauen prestakuntza eta artelanen kalidadeari jagokenez, badago alderik Euskadiko eta Espainiako artisauen artean?

Aldeak ez dira handiak. Kalidadea nahiko handia da gurean, artisau gehienak beteranoak dira, urteetan beharrean dabilzanak eta normala danez, teknika, produktu eta prestakuntzearen aldetik egoerea nabarmen hobetu da. Artisautzearen kontzeptua zabala da baina kalidadea berenberegi jagoten dogun arloa da eta produkzinoan derrigor bete beharreko baldintzak dagoz.

Beste alde batetik, gu pribilegiatuak izan gara ze administrazino publikoak aparteko ardura eta baliabideak erabili ditu artisautzearen sustapen eta zabalpenerako. Horri esker, artisautza sektorea osasuntsu dago. Beste leku batzuetan ez da holakorik egon eta gu erreferentzia izan gara. Gaur egun, barriz, egoerea nahiko antzekoa da Autonomia Erkidego guztietan. Zorionez, alkarteen arteko hartu-emonak sendoak dira baina, halan da be, bestelako kolaborazino aukera batzuk aztertzen hasita gagoz.


10. Errege egunean zarratu zituan ateak Bilboko Artisautza Azokearen XX.
Edizinoak. Bost mila artelan, 49 stand eta ikusleak milaka. Ze balorazino egiten dozue?

Oso pozik gagoz. Promozino kanpaina handia egin genduan eta eguraldiak be asko lagundu euskun. Azokearen eragina inoiz baino hobea eta zabalagoa izan da, konturatu gara publikoak orokorrean gero eta gehiago baloretan dituala artisautza beharrak eta, horren erakusgarri, inoiz baino bisitari gehiago izan doguz: 80 mila inguru. Aurreko edizinoagaz konparauta salmentak be % 20 gehiago izan dira eta pozarren gagoz.

11. Artisau gehienak Euskal Herrikoak izan dira: 28 Bizkaikoak, Nafarroako bat eta Arabako bi. Ganerakoak espainiatik etorritakoak izan dira. Orokorrean, zelakoa da artisauen egoerea?

Gurera heltzen diran eskabide guztiak aztertzen doguz baina feria diruz laguntzen daben erakundeen artean, Bizkaiko Aldundiak lurraldeko artisauak sustatzeko asmoa dauka eta, beraz, normala da artisau gehienak bizkaitarrak izatea. Gipuzkoako artisaurik ez da egon Bilbon baina kontua da Biartearen antzeko alkartea dagoala han eta gabonaldian antolatzen dabela azokea Donostian; normaltzat hartu behar dogu hori. Gure kasuan, artisauen aukeraketea egiteko kalidadea eta bariedadea jagoten doguz.

Artisauen egoereari jagokonean, orain urte batzuk baino egonkorragoa da eta etorkizunari begira, Biarteak proiektu asko ditu. Artisau gehienak beteranoak gara eta zeozelako hutsunea ikusten dogu; gazteei laguntzeko gure esperientzia hori zelan bideratu pentsetan gabilz artisautza sektorean errelebua bermatuteko.

12. Geldiro-geldiro diseinuzko artisautzea indarra hartzen doa. Gurean zelako garrantzia dauka?

Gure artean ez da oraindino asko baloretan eta tradizino eta ibilbide luzeko europako erreferentziak kontuan hartu ezkero, argi ikusten da diseinuzko artisautzeak sekulako indarra dauela. Sormenaren, diseinuaren eta barrikuntzearen arloak oso garrantzitsuak dira artisautzeak berak indar barria hartu daian. Lan handia dago egiteko baina bidea urratu dogu daborduko.

Etorkizunari begira, Biarteak erronka asko ditu, besteak beste, artisautzearen alde tradizionala berreskuratzea, material bibliografikoaren bilketea, artisautzako ogibide guztiak batuko dituan bildumea sortzea...; arlo eta aukera barriei uko egin barik, artisautza sektoreko produktuen erabilgarritasuna edo funtzionaltasuna be ez doguz baztertu gura.

13. Artisau lanak karuak dirala entzun dogu sarri. Zein da zure eretxia?

Ez dot pentsetan karuak diranik. Merkatuan dagozan ganerako produktuakaz konparauta, gure beharrak ez dira behar bezela baloretan. Era mekanikoan produziduten diran produktuak ezin dira gure beharrakaz konparau. Ganera, beste herrialde batzuetan pasau dan legez, merkatuaren eta produktuen lanketa prozesuaren eboluzinoak berak eskatuta, artisautzea artearen munduan sartuko da eta prezioetan be igarriko da.

14. Gabon bueltan Bilbon egiten dan Artisautza Azokea tradizino handikoa da baina hemetik aurrera zeintzuk eta noiz izango dira gogoan hartzeko azokak?

Bizkaia mailan, Bilboko Azokea da garrantzitsuena baina Durango, Getxo eta Leioako zitak be kontuan hartzekoak dira. Dana dala, Biartearen asmoa leku berezi bat sortzea da eta bertan erakusketa gela, denda eta artisauen produktuen museoa kokatzea. Zentru egonkor horretan, ikastaroak be egongo litzatekez bai profesionalentzako eta bai interesa daben guztientzako. Gogotsu gabilz eta beharrerako beti prest.

http://www.biartea.org