Koldo Ugartetxe: ‘perretxiko danek egin leikie kalte larregi jan ezkero’
Plentziako Perretxiko eta Itsaski Taldeak 25 urte bete ditu aurten eta urteurrenaren harian, erakusketa berezia antolatu dabe zemendiaren 6rako; egun horretan, inguruko basoetan hartutako 300 perretxiko espezietik gora erakutsi gura dabez. Horrezaz ganera, gaztetxuen 25. txapelketea be atondu dabe eta perretxikoz egindako pintxoen dobaneko dastaketea. Atxaki ederra, beraz, Plentziako talde honen gorabeherak eta perretxikoen mundua sakonago ezagutzeko. Koldo Ugartetxe da gaur egun taldeko burua eta gustora emon deutse erantzuna guk egindako galderei.
1.- Plentzia itsas giroko herria izanda, lurra eta itsasoa buztartzen dituan taldea da zuona. Atzera egin eta kontaiguzu zelako tradizinoa dagoan herrian...
Plentziako Perretxiko eta Itsaski Taldearen lehenengo presidentea Roberto Lotina Benguria mikologo handia izan zan. Perretxikoetan aditua zan baina arrantzea be gustetan jakon eta horregaitik erabagi eban arlo biak batzea, mikologikoa eta itsasoko produktuena.
Hamar urtetan jardun genduan Bizkaiko Arrantza Federazinoan txapelketa ugari antolatzen. Gero, perretxikoen eta arrantzearen atala banandu genduzan. Halanda be, oraindino Plentziako San Antolin jaietan umeei zuzendutako arrantza-txapelketea antolatzen segiduten dogu.
2.- Talde mikologikoa baino zeozer gehiago da zuona, izan be, botanikea, gastronomia eta arrantza jarduerak be antolatzen dozuez. Zein da taldearen filosofia? Azken urteotan zelakoa izan da bazkideen eboluzinoa?
Bazkide kopurua aitatu baino, herri osoaren babesa daukagula azpimarratu gurako neuke. Erakusketatan, denden laguntzinoa jasoten dogu; berbarako, perretxikoak erregaletan deuskuez gero guk preparetako. Horregaitik, bazkide kopuruaz berba egin beharrean, herriaren laguntzinoa nabarmendu behar dot. Gure beharra baloretan dabe eta horren erakusle da astelehero herriko jentea gugana datorrela euren perretxikoakaz, informazino eske. Mikroskopioa eta hainbat liburu erabilten dabez eta guk, ahal dogun neurrian behintzat, sailkapenak egiten laguntzen deutsegu.
Hogeita bost urte honeetan, jentearen babesa eta erantzuna ez dira inoiz galdu. Gehiago esatearren: Galdakaoko Barrengorri taldeak erakusketak antolatzen laguntzen euskun eta urteek aurrera egin ahala, geuk hartu genduan ardura hori eta kontu barriak jorratzen be hasi ginan, perretxikoz egindako pintxoak berbarako. Arrakasta itzela daukie erakusketa horreek.
Plentzian hainbat erakunde garrantzitsu dagoz, bai kirol arlokoak baita kultura arlokoak be. Bakotxa beraren eremukoa da eta gurea mikologian sartuta dago bete-betean, itsaskien eta landareen kontuak albo batera itxita. Orain, erakundearen helburua neska-mutil gazteakan natureagazko errespetua zabaltzea da, eurak diralako etorkizuna. Azken batean, hori da mikologiaren helburua, natureagazko errespetua.
3.- Bizkaian 25 alkarte mikologiko inguru dagoz, batzuk 25 urtetik gorakoak. Zergaitik dago holako zaletasun handia gurean?
Bizkaiko Federazinoan gaur-gaurkoz 16 erakunde gagoz izena emonda, baina gehiago dira izena emon bakoak. Horreetatik, 25 urtetik gorakoak Barakaldokoa, Basaurikoa, Laudiokoa, Portugaletekoa eta beste asko dira.
Afizinoa tradizinotik etorten da normalean baina Plentzian ez dago tradizino lar mikologian. Gurean, hainbat zaletu egozan, Pablo Atxa berbarako. Urteek aurrera egin ahala eta antolatutako erakusketakaz zeozelako tradizinoa sortu dogu eta Roberto Lotina Benguria Bizkaiko mikologorik onenaren laguntzinoa berebizikoa izan da horretan.
4.- Ustez, helduen zaletasuna dan arren, urtero gaztetxuen txapelketea antolatzen dozue Plentzian. Zelako erantzuna izaten da gazteen artean?
Ni hogeta gitxigaz hasi nintzan! Hori da gure erronka nagusia, gazteak gurera ekartea; baina gaur eguneko interesak ez dira nire garaikoak lakoak eta, zoritxarrez, gu zahartzen gagoz. Horregaitik, oso gatxa da gazteak erakartea.
Hogeita bost urte daroaguz gazteentzat leihaketak antolatzen. Aitatzekoa da ni neu be holan hasi nintzala. Gazte-talde finko bat daukagu leihaketa horreetan, baina zoritxarrez gero eta gitxiago dira. Hor ikusten dogu guk arriskua, aukezten diran horreek askotan ez dabelako aurrera egiten mikologian, beste zaletasun batzuk daukiezalako. Hori da arazoa. Gizarte honetan, zoritxarrez, hainbat erakundetan ez daukagu ondorengorik. Ganera, gatxa da kide barriak egitea, urtez urteko prozesua baita, hau da, perretxikoak ondo ezagutu behar dira eta horretarako astia, pazientzia eta zaletasuna behar da, gazteek ez daukiena hain zuzen be.
Gurasoek be zeresan handia daukie baina askotan kontu gatxa izaten da.
5.- Zer da plazer handiagoa perretxikoak batzen joatea ala batutako perretxikoak jatea?
Niretzat, plazer handiagoa da mendira joatea eta inoiz topau ez dozuzan perretxikoak topetea. Horrezaz gan, plater zoragarria egiten badozu, ba hobeto. Baina ni ez naz mikofagoa. Mikofagoa perretxikoak jatea gustetan jakona da eta niri gustetan jat, bai, baina ez dodaz pausu bi emoten perretxikoak jateagaitik.
Mendiko giroa aparta da eta perretxikoak ikertzea asko gustetan jat. Inoiz topau ez dodazan perretxiko muetak topeteak poz itzela emoten deust. Beti izaten dira aurretik sailkatuta dagozanak, baina inguruaren berezitasunak dirala eta oso gatxak dira topetako edo, besterik barik, ez dira egoten ni ibilten nazan inguruetan. Urtero izaten dogu sorpresaren bat.
6.- Adituak ez garanok gehien jota txanpinoia, hongoak eta niskaloak ezagutzen doguz baina 300 espezietik gora dagoz gure mendi eta basoetan...
Erakusketatan 200 espezietik gora egoten dira normalean eta hori ez dago ondo, dinamika hori aldatu behar dala pentsetan dot. Gorlizen, berbarako, mendi-irteerea antolatzen dogu eta askotan mendia ‘hustuta’ geratzen da. Horregaitik erakusketen ikuspuntua aldatu gura dogu, perretxiko berezietan zentrau, kantidadeari erreparau beharrean kalidadeari erreparauta. Espezie bakotxeko gehienez hiru edo lau perretxiko erakustea litzateke onena, alperrik galdu ez daitezan.
Perretxikoen salerosketan be neurriak hartu behar dira. Salmentea naturearen ganetik jarri da eta mendiari errespetua galdu jako. Bestalde, saltzeko berenberegi hazten dabez askok perretxikoak, Lentinus Edodes, Pleurotus Ostreautus, txanpinoia eta perretxiko txinatarra gehienbat; Ganoderma Lucidumek, barriz, propiedade medizinalak daukaz.
Kantsagarriak izan gaitekez sarritan baina naturea errespetau behar dogula azpimarratu gura dot. Hori ulertarazo behar jako jenteari. Ez da inoiz perretxiko txiki piloa hartu behar, hazkuntzea bertan behera geratzen dalako. Bai, badakigu diru asko pagetan dala perretxiko txikien trukean, baina naturea be zaindu behar da.
7.- Pozointsuak eta hilgarriak ezagutzea erraza da?
Entoloma Lividum gaztea danean, perretxikoa dala pentsau geinke, baina pozointsua da. Arazo gehienak horrek sortarazoten ditu. Lepista Nebularis-egaz be gauza bera pasetan da, itxuraz perretxikoaren antzekoa dala. Halanda be, urteko sasoiaren arabera, bata zein bestea egongo da gehiago. Dudarik badaukagu, mikroskopioa erabiltea da onena.
Hilgarriak Amanita Phalloides, Amanita Virosa eta Amanita Verna dira. Hasibarriek Phalloidesagaz eukiten dabe arazo gehien eta, askotan, hoba da adituren batengana joatea jan baino lehenago. Ezin dogu esan ‘uste dot hau dala’. Ez. ‘Hau da, bai ala ez?’. Erantzuna zehatza izan behar da. Duda txikienaren aurrean, hoba da ez jatea. Gozo jan arren, intoxikau egin gaitekez eta, akaso, hil. Esaera batek dino perretxiko danak jan daitekezala baina, batzuk, behin baino ez. Amanita Phalloides batzuk jan ezkero eta aste batean tratamentu berezirik ez badozu hartzen, kanposantura joango zara.
Herri honetan, zoritxarrez, badaukagu esperientzia txar bat horren inguruan familia bereko hiru kide hil ziran eta. Azken aldian, ganera, Tricholoma Flavovirens perretxikoak hildako asko eragin ditu Frantzian, eta nik askotan jan dot espezie hori, ezelako arazorik barik. Oso gozoa da. Antza danez, larregi eta askotan jan ezkero, heriotzea eragin leike. Azken batean, perretxiko danek egin leikie kalte, larregi jan ezkero. Oro har, astean 250 gr. jateagaz nahikoa da.
Intoxikazino mueta bi dagoz: arinak eta larriak. Arinen kasuan, perretxikoak jan eta berehala igarten dogu ezinegona. Larrietan, barriz, jan eta egun batzuetara igarten doguz ondorioak, barruko organoak gaixotuta dagozanean.
8.- Monguisak, perretxiko aluzinogenoak be badagoz...
Coprinus Atramentarius perretxikoa alkoholagaz batera hartu ezkero, erabat toxikoa da. Bakarrik jan ezkero, oso gozoa da. Kontuan hartu perretxikoa jan eta ordu batzutara alkohola hartu ezkero be, kalte egin leikela.
9.- Gordinik be jaten dira perretxikoak baina hongoen nahaskia lako jateko gozoagorik ez dago...
Ez nator bat horregaz. Niri perretxikoak eurak bakarrik jatea gustetan jat, berakatz eta orio apurtxu bategaz. Eurak bakarrik dagoz gozoen eta gordinik be jaten dodaz askotan, entsaladan berbarako.
10.- Zemendiaren 6rako, 25. urteurreneko ekitaldi garrantzitsuenetakoa egingo dozue Plentziako Astillero plazan.
Erakusketea izango da eguneko ekitaldirik garrantzitsuena. Umeentzako leihaketea be antolatu dogu eta pintxoak egiteko suetea be jarriko dogu. Mungiako lagun batek oholean zizelkatutako perretxiko-erakusketea ekarriko dau eta udaletxean perretxikoen zigiluen erakusketea izango da zemendiaren 1etik 15era arte.
Koldo Isusi Zuazo