Eretxia  IV. urtea // 134. zenbakia

Legebiltzarreko mahaikideen kontrako epaiketea: garai barriak hasi dira?


IƱaki Atxutegi

Joan dan astean ikusi izan doguz aurreko Legebiltzarreko mahaikide batzuk akusatuen jesarlekuan. Juan Mari Atutxa, Gorka Knorr eta Kontxi Bilbao epailearen aurrean agertu ziran. Irudi gogorra, mingarria, iraganaren isla. Eta hareen jarraitzaileen txalo, besarkada eta animoak euki arren, ez daigun ahaztu momentu garratza eurek baino ez dabela pasau. Eurentzako bakarrik dira momentu gogorrak.

Erraz ahaztu doguz Alderdi Popularraren garaiak. Uste genduan iraganeko kontuak zirala horreek, baina zoritxarrez garai hareen ondorioak gaur egunerarte heltzen. 'Danak kartzelara' zan hareen lelo nagusia. Erraz ahaztu dogu Michavila eta Acebes bikotea, astean behin Kode Penalaren alor jakin bat gogortu egin behar zala esanez. Eta 'euskal arazoa' tartean egoanean, ordu estrak egiten ikusten genduzan hareen ingurukoak munduko lege eta zigor guztiak ez ziralako nahikoa euren kartzela-gosea asetzeko.

Sasoi ha iraganekoa zala esan dot, baina gaur agintzen dagozanak eta talantea ikurtzat hartu izan dabenak ez dira ausartu iragan mingots horregaz apurtzen. Horren desbardinak ei diranak ez dabe behar besteko borondaterik agertu Aznar eta ingurukoek iminitako denpora-bonbatxoak indarbakotzen. Eta holan, lantzean behin ez dakigu benetan lehengo denporetan segiduten dogun ala bolada barria hasi dan. EHAKeko Nekane Erauskinek adierazo eban hau epaiketa politikoa zala eta ez dot uste nik oso oker dagoanik.

Harrigarria da 'Manos Limpias' lako erakunde bati horrenbesteko garrantzia emotea. Eroak be badaki sindikatu horren atzean ez dagozala, hain zuzen, demokrazian eta alkarrizketan gehien sinisten dabenak. Euren jokabide eta adierazpideak arinak izan dira sarri askotan, interesatuak gehienetan. Eta ez daigun ahaztu orain urte bi inguru izandako sesinoetan adierazo zala sindikatu honek aurkeztutako salaketeak ez eukala ez hanka ez buru juridikorik. Zergaitik, baina, zabaldu da barriro kasua?

Lege kontutan adituak diranak dinoe epaiketa honek ez dauela ondorio penalik izango; ikusiko dogu, epaiketak ez dira matematikak eta. Baina, halan da be, kaltea eginda dago. Batzuek ikusi gura izan eben argazkia atara eta zabaldu egin dabe.

Oraindino ikusteko dago honek ze ondorio ekarriko dauen, baina nire eretxiz, ondorengo asteetan ikusiko da bolada barriaren atarian gagozan ala iraganeko kontuetan gatibu.