Hegaztien gripea eta multinazionalen irabaziak
Tratamentua eta multinazional baten irabaziak
Txertorik ezean, Munduko Osasun Erakundeak botika bi gomendatu dauz, behin-behineko erremedio modura. Izan be, gaixotasunaren barri zehatza euki arte eta gizakitik gizakira pasau arte, ezin da txertorik egin, gizakitik gizakira kutsatzeko birusa oraindino be existiduten ez dalako.
Tamiflu da botika horreetako bat; ez da Euskal Herrian saltzen, bai ostera, Europako beste leku batzuetan, Suitzan esaterako. Lurralde horretan, ganera, urtean botika horren kaxa bi saltzetik, hilebete bakar batean 12 kaxa saltzera igaro dira. Relenza izenekoa da beste botika bat. Euskal Herriko farmazietan salgai badago be, errezetea behar da erosteko.
Guztiagaz be, birusa aldatu arte (oraindino inork ez daki aldatuko dan, ez eta hori noz izango dan be), ezin da gripe honen kontrako botikarik erosi, gaixotasuna berez animalien artekoa baino ez dalako. Ostera be gogora ekarri beharra dago urtean-urtean gripe arruntaren ondorioz miloe erdi persona hil ohi dirala mundu osoan; hegaztien gripeak, ostera, 3 urteko epean 60 gizaki inguru baino ez dauz hil mundu osoan.
Bien bitartean, Roche multinazional farmazeutikoen salmentek % 17 egin dabe gora azken hiruhilekoan; guztira, azken urte erdian 377 euroko balioa euki dauen Tamiflu botikea saldu dau. Bitxiena ondokoa da: herritarrak eta gobernuak gizakitik gizakira inor kutsatu ez dauen birus baten aurkako botika bat erosten dabilzala eta, birusa aldatu arte (inoiz aldatzen bada), inork ez dakiala zein izango dan gaixotasunari aurre egiteko botika egokia.
Zoritxarrez, komunikabideen oihartzunak herritarrak ikaratu eta Euskal Herrian be gripe arruntaren kontrako txertoak agortu dira; ganera, oilaskoen eta arrautzen salmentea nabarmen jatsi da. Eta hori oraindino existiduten ez dan gaixotasun bati aurre egiteko asmoz. Argi dagoan gauza bakarra da multinazional farmazeutiko batzuk patrikak diruz beteten dabilzala eta negozioa, benetan, orain arte biribila izan dala.
Azken ordua
Europako ikertzaileek gizakientzako txertoa lortu dabe hegaztien gripeari aurre egiteko. 2006ko udabarrian hasiko ei dira RD-3 izeneko txertoagaz lehenengo saiakera klinikoak egiten.
Bien bitartean, Roche multinazionalak bertan behera itxi dau mundu osoan Tamiflu botikearen hornikuntzea, era horretara, gripe arruntagaz jotako lagunek botikea lortzeko arazorik izan ez dagien.
Begiluzea
A motako gripearen birusak sortutako gaixotasun infekziosoa da hegaztien gripea. Lehenengoz orain dala 100 urte inguru topau eben, baina 2003ko amaieran azaldu zan atzera be, Hego Korean eta Vietnamen. Ordutik 60 lagun inguru eta 150 miloe hegazti hil dira mundu osoan.
Gaur egun, gripe mueta honen 15 azpialdaera topau dabez, horreetatik arriskutsuena, H5N1 da, aurreko lerroaldean esan legez, 3 urteko epean gizaki bakan batzuk hil dauzana.
Kutsatzea
Baserri eta landa-eremuetan izan dira biktimarik gehienak eta oraingoz, ez da gizaki-kutsatze kasurik egon. Birusa animaliakaz eten bako hartu-emon estuak eukita kutsatu leikioe gizakiari. Animalion korotzak eta hondarrak be kutsagarriak ei dira.
Halanda ze, ez dira ikutu behar kutsatutako hegaztiakaz kontaktuan dagozan objektuak; guztiagaz be, Europako Batzordeak argitu dauenez, arrautzak kontsumidutea segurua da ‘betidanik aholkatu izan diran neurriak bete ezkero’, hau da, salmonella ebitetako neurriak; era berean, animalia honeen okelea jateak ez dauka ezelango arriskurik.
Hegaztien gripeak arnas gaixotasun baten sintomak eragiten dauz eta behin atrapauta, birikiei arin baten egiten deutse kalte. Hegaztien gripea euki daben persona bakanek azaldutakoari jarraituz, eztarriko mina eta eztula dira sintoma ohikoenak eta kasurik larrienetan, pneumonia birikoak eragindako disnea larria. Edozelan be, ostera be azpimarratu behar da une honetan hegaztien gripeaz gaixotzea ezinezkoa dela animalia mueta honeekaz luzaroan hartu-emonetan egon ezean.
Aurrekariak
Historian jazotakoari erreparau ezkero, 100 urterik hiru edo lau biderrez agertzen dira gripe pandemiak eta agerraldi bakotxean azpialdaera desbardin batek eragiten dau. Dana dala, gatxa da pandemia bat iragartea.
Orain 100 urte topau eben lehen biderrez hegaztien gripea, Italian. 1983-84 urteen artean, animaliei eragin eutsen pandemia izan zan AEBetan. 1992an, agerraldi txiki bat zana kontrolau ezinik ibili ziran adituak eta 1995era arte ez eben lortu. 1997an gizakiak be kutsatu ebazan hegazti gripeak, Hong-Kongen: 18 laguni kalte egin eta 6 hil ziran. 1999an beste bi kasu izan ziran, Hong-Kongen atzera be.