'Justiziabat' aplikazino informatikoak akzesi bat lortu dau 'Computing España' aldizkariaren sariketan
Bizkaie!
Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Justizia Administrazinoagazko Harremanetarako Zuzendaritzeak sortutako 'Justiziabat' aplikazinoak akzesit bat jaso dau 'Erakundeen proiektu teknologiko onenari', 'Computing España' aldizkariak urtero emoten dituan sarien barruan.
Esandako moduan, aplikazinoaren izena 'Justiziabat' da, epaitegietako eta Justizia Administrazinoagaz zerikusia daben zerbitzu judizial eta profesionaletako espedienteak gestionetako osoko tresna dalako. Euskadiko epaitegietan ezartzen hasia da, Justizia Administrazinoa modernizetako bidean aurrerapauso bat emonez. Hori abian jarriz, informazinoaren gizartea indartu egiten da Justizia Administrazinoaren zerbitzu publikoan, eta bidea edegita ixten da espediente digitala eta komunikazino elektronikoak ezartzeko, Eusko Jaurlaritzeako Justizia Sailetik adierazo dabenez.
Halan da be, hau ez da Justizia Sailaren proiektu bat saritzen dan lehen aldia. Besteak beste, 'Justizianet', Justizia Administrazinoaren web-orria, gai judizialei buruzko webgune hoberentzat jo zuten Gironako Unibersidadeak eta Demokraziarako Epaileak elkarteak.
Horrezaz ganera, finalista izan zan Erakundeetako Web Onenaren sarirako Correo Digitalaren III. sariketan, eta han beren beregi goraipatu ziran edukin praktikoen sorta zabala, gardentasuna eta justizia herritarrei hurreratzea. Era berean, eskuragarritasuneko A mailea lortu dau, World Wide Web Consortium (gai horretan munduan dagoan erakunde garrantzitsuena) izenekoaren eskutik.
Inmaculada de Miguel Justizia Administrazioagazko Harremanetarako zuzendariaren eretxiz, 'sari horregaz bultzadea emoten jako justizian teknologia barriak erabilteko Justizia Saila egiten ari dan lanari. Lan horren helburua espediente judizialak arintzea eta justiziaren zerbitzu publikoaren kalidadea hobetzea da, informazinoa herritarren eskura jarriz, ingurune teknologiko barritzaile eta elebidun baten barruan'.