Bluesa eta rocka buztartuta
Bizkaie!
Klasikotzat jo geinke Arima Beltza taldea. Orain zortzi urte sortu zan eta ordutik honako aldaketak nabarmenak izan dira, formazinoan eta estiloan batez be. Orain, Ion Gurrutxaga abeslari lanetan baino ez dogu ikusiko, diskoan bateria be grabau dauen arren. Bajuan Iñigo Araujo dago, Aitor Badiola gitarreagaz, Patxi Zabaleta be bai, Joseba Alonsok harmonikea joten dau eta Elur Arrietak zuzenekoetan bateria joten dau. Mungiako Lamiña estudio barrian grabau dabe abuztuan eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxeagaz kaleratu dabe. Gurru abeslariaren esanetan, ‘asko kostau jakun estudioa zein izango zan erabagitea eta, emoitzea ikusita, oso harro gagoz Natxo Liberty-gaz egindako lanaz’.
‘Mundurako atea’ izenburupean jatorku lana, ‘kontzeptu zabal horrek taldearen eta diskoaren filosofia, ikuspuntua eta arimea oso ondo islatzen ditualako’, dino Patxi Zabaleta gitarreak. Estiloan be aldaketak igarriko dira, elgoibartarrek rockerantz jo dabe eta, beti be bluesa oinarrian. 'Gitarrak oso definiduta, aurreko diskoetan baino motelago akaso, baina hobeto pentsauta egindako lanaren ondorioa da hori’, azaldu eban Gurruk aurkezpen egunean. Rock-blues talde zabal legez definiduten dabe euren burua.
Zuzenekoakaz laster hasiko dira, Donostian zemendiaren 11an (Lugaritzen) eta Lasarteko Jalgi tabernan 26an. Publikoak orain arte taldea desbardin egiten eban ezaugarria falta dala igarriko dau: Gurruk abestu baino ez dau egingo eta Elur izango da baterian. Lehen, Gurruk berak egiten ebazan zeregin biak. Oso ondo azaltzen dau hori Zabaletak: ‘berezia zan bateriajoleak aldi berean bateria jotea eta abestea. Zuzenekoetan, baina, mugea zan hori, publikoagaz hartu-emonak hotzak ziralako. Orain, hori lortu da eta taldeak asko irabazten dau kontzertuetan, abeslariaren hutsune hori bete dalako’.