Kulturea  II. urtea // 18. zenbakia - 2003ko urtarrilaren 15a

Musikea, pasinoa eta bizipoza: Rufino Arrola eta Imanol Urbieta

'Vulcanoren Atzamarrak' // 'Luzea da bidea'


Imanol Urbieta: 'Musikea nortasuna lantzeko tresnea da'

Ez Dok Amairuren sasoietatik eta lehenagotik aparteko indarra izan dabe musikagintzeak eta kantagintzeak Euskal Herrian; esangura horretan, musikagile, musikajole eta musika irakaslea baino zeozer gehiago da Imanol Urbieta: euskal kultureari, herrigintzeari, euskereari eta abertzaletasunari bizi osoa emon deutson musikaria.

Imanol Urbieta Zarautzen jaio zan 1934an. Zarauzko Antoniano Eskolan egin zituan lehen ikasketak eta handik Arantzazura joan zan. Erromako Unibersidadean Filosofia ikasketak egin ondoren, Valentziako Unibersidadean lizentziau zan. Hortik aurrera, umeen irakasle, musikajole, musikagile eta musika irakaslea da.

'Alaken!, Alaken! Alapikulatunpaire, errespundelapikulatunpa, Jesus Maria Jainkoa zan. Oh leri lelo, zeinen dan goxo, neguan etxe txokoa'

Milaka kantutik gora sortu ditu baina Urbieta bera baino ezagunagoak dira harek sortutako kantuak: Alaken!, Ranroberran, Uztaia gora-gora, Euskera oi euskera!, Akerra ikusi dugu...

Omenaldiak eta enparauak

Pasa dan abenduaren 12an, Donostian eskaini eutsen omenaldi hunkigarriaz ganera, Ibaizabal argitaletxeak Andoni Egañak idatzitako Imanol Urbietaren biografia kaleratu dau: 'Imanol Urbieta: Luzea da bidea' izeneko liburuan.

Beste alde batetik, Imanolen milatik gora kantutik berrogeita bost aukeratu ditu Kontxi Aizarnak hiru konpaktutan, Biri-Biri izeneko konpaktu hirukotxean: Xirula Mirula, Jolaserako Kantak eta Gabonetako Kantak.

Imanol Urbietaren ganean esandakoak

- 'Ume bakotxari berea emoten asmau dau' (Andoni Egaña).
- 'Bihotza begietan ikusten jakon gizona' (Anjel Lertxundi).
- 'Ume eraikitzaile apasionatua da Imanol Urbieta' (Jorge Oteiza).
- 'Iturri bat bezela zara, beti emoten' (Iñaki Lasa).
- 'Imanolek aukerea eukan musikari handia izateko baina itxuraz handiak ez diran gauza handietara jo eban' (Jose Ignacio Ansorena).
- 'Imanolek egindako beharra ezin neurtuzkoa da gerora begira' (Anje Duhalde).
- 'Guk gure seme-alaben bitartez kanta horreek eta horreen atzean egoana maitatzen ikasi genduan' (Natxo de Felipe).

Bonny


Rufino Arrola: Bizkaiko trikitixa tradizionalaren errege

Musikearen munduan zaparrada handia dabil azken boladan eta euskal gazteek erritmo gogorrak eskatzen ditue gehienbat. Hori bai, trikitixa doinuak be entzuten dira eta klasikoak edo tradizionalak indarra galdu badau be, esperimentazinoaren bidetik esperientzia ederrak abiarazo ditue gazteagoek: berbarako, Kepa Junkeraren doinuak munduan zehar zabaldu dira. Zorakeria izango litzatekelako doinu tradizionalei uko egin barik, orokorrean sasoietara eta egoeretara egokitzen jakitea ei da giltza eta trikitixearen kasuan, holan izan da.

Arrola jn.a trikitixa tradizionalaren bultzatzailea izan zan baina barrikuntzeari be ez eutson uko egiten; Kepa Junkerak Rufinoren ganeko kantu bat egin eta trikitilari beteranoari bideoklip bat grabetako proposamena egin eutsonean, ez eutson ezetzik emon. Kepa Junkera Lemoizeko trikitilariaren bizitzan oinarritu zan bideoan eta gaztetatik hasita zahartzarorainoko bidea emon eban ezagutzera doinu eta irudien bitartez.

Vulcanoren Atzamarrak

Rufino Arrola 1909ko maiatzaren 29an jaio zan Lemoizen, Atauneta baserrian. Sekulako indar eta pasinoagaz, hamabost urtegaz edo ekin eutson plazarik plaza ibilteari eta urte batzuk geroago, errementari beharrean hasi zanean, musika tresna maitatua bazterrean itxi behar izan eban. Edozelan be, urteetan trikitia eskuartean hartu barik egon arren, bihotzean ez jakon amatau musikeaganako pasinoa eta hirurogei urtegaz, barriro hasi zan martxan herririk herri. Hogeita sei urte beranduago, 86 urtegaz trikitiari agur esan eutson, hil baino hiru hilebete lehenago.

Oraintsu kaleratu dau Euskal Herriko Trikitixa Alkarteak trikitilarien bildumako hirugarren alea eta Rufino Arrola bizkaitarra da protagonistea. 'Vulcanoren Atzamarrak' liburuan, Rufinoaren bizitzaz ganera, haren lagunen testigantzak jaso ditu Xabier Amuriza bertsolari eta idazleak: Kepa Arrizabalaga, Kepa Junkera, Txetxu Urrutia, Eusebio Rueda...