Muted: perfekzino bila
Saioa Torre Gereketa
Orain urte bi sortu eben Muted taldea Eduk, Danik, Anderrek, Rubenek, Christophek eta Aitzolek. Abadiñokoak dira danak eta aurretik be beste talde batzutan ibilitakoak.
Laster hasi ziran kontzertuak eskaintzen eta Berrizen irabazitako maketa leihaketeari esker euren lehenengo bost kantek argia ikusi eben. Orain, ‘Sarean’ izenburupean, disko barria aurkeztu dabe. Metal soinuak elektronikeagaz eta 80. hamarkadako programazinoagaz nahastau ostean, musika berezi eta landuagaz datoz bizkaitarrak. Ritxi Aizpuru Oihuka diskoetxeko buruaren esanetan, ‘behin-behinekotasunari ez deutse lekurik txikiena be ixten. Asko lantzen dabez kantak, orduak emoten dabez zuzenekoak preparetan, kontzertuetan eta diskoan bertan kantak ahalik eta perfektuen atarateko’. Horregaitik, akaso, hiru estudiotan egin dabez grabazino-lanak: taldearen lokalean, Pertika estudioetan eta Elkar estudioetan. Tarteak kolaborazino batzuk be izan dabez, Mikel 'Kauta' eta Ander 'Lor' berbarako.
Taldeko programazino arduradun Christophek adierazo dau oso gustura geratu dirala azken emoitzeagaz. Ganera, kanten historiaren laburpentxua be egin dau: azken biak sorpresa legez definidu ditu, estiloan daukien berezitasunari erreparau ezkero, sorpresaren bat edo beste egon leikelako. Seigarren kantea be berezia da, Muted zer dan adierazoteko isiltasunak erabilten dabezalako, sei segunduko isiltasunak, bat taldekide bakotxeko. Aurreko maketako kanta bat be sartu dabe ‘Sarean’ diskoan, ‘Ez naiz gai’ hain zuzen be.
Kontzertuakaz laster hasiko dira bizkaitarrak eta zemendiaren 19an Durangoko Plateruena Kafe Antzokian egingo dabe diskoaren aurkezpen-kontzertua.