Antxina-barri  IV. urtea // 133. zenbakia

Bizkaiko kutxen sorrerea

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria

Azken egunotan Autonomia Erkidegoan kutxen arteko batasunaren barriak izan doguz. Aspalditik badatoz be, azken asteotan zurrumurruak ugaldu egin dira. Azkenean Sozialistek fusinoa gerarazotea erabagi dabe.

Dana dala, gaurko artikuluan BBK sortu eben Bilbo Udal Aurrezki Kutxea eta Bizkaiko Aurrezki Kutxen sorrerearen gainean egingo dogu berba.

Kutxen aurrekariak

Bizkaiko kutxen sorrerearen gainean berba egiterakoan lehenengo eta behin orduko egoerearen gainekoak aitatu behar doguz.

Bizkaiak XIX. mendearen amaierean eta XX. mendearen hasieran benetan egoera ekonomiko baikorra bizi eban. Horren eraginez, industria eta ekonomia asko garatu ziran, batez be Bilboko Errekearen ezkerraldean. Ordukoak doguz labe garaiak edo gero ikur bihurtuko ziran beste hainbat enpresa.

Egoera baikorrak emoten ebazan aukera ederrak aprobetxetako eta enpresa barriak sortzeko diru preminea egoan. Dirua aurreratzeko erakunde batzuk baegozan be, batez be banketxe pribatuak, egoera barriak beste neurri bateko banketxeak eskatzen ebazan. Orduan sortu ziran hainbat banketxe 1857 eta 1925. urteen bitartean. Horreen artean ezagunenak Banco de Bilbao eta Banco de Vizcaya doguz.

Banketxeek itxitako hutsuneak bete guran

Baina banketxe handiak aberatsen beharrizanak asetzeko balio baeben, kontua zan beste hainbat aurrezlari “txiki” geratzen zirala banketxeen lanetatik kanpo. Eta hor hainbat diru geratzen zan banketxeen eskuetatik kanpo.

1845eko urtarrilaren 12an, Caja de Ahorros Bilbaina sortu zan eta hauxe hartu behar dogu kutxen aurrekari modura. Gero izan ziran bai beste aurrezki kutxa bi, azken bi honeek banketxe handiek eurek sortutakoak, gorago aitatu dogun lez aurrezlari “txikien” diruak batzeko asmoz. Baina ez daukagu argibide askorik hiru aurrezki kutxa honeen gainean. Jakin badakigu zerbitzariak zirala kutxa honeen klienterik nagusiak. Dana dala sortu eta urte gitxira zarratu egin eben.

Kutxen sorrerea

XX. mende hasieran Kontzertu Ekonomikoa adostua zalako erakundeek dirua euken. Horri esker eta gizartean bizi zan egoera ekonomiko eskasa lasaitzeko asmoz, Araban eta Gipuzkoan martxan ipini ziran erakundeek sortutako aurrezki kutxak. Erakunde honeen helburuak, aurrezlari “txikiak” batzeaz aparte, horretarako aurrezki libretak eta kreditu hipotekarioak zirala eskainitako produktuak, lortutako etekinakaz Aldundiek bultzatutako gizartea hobetzeko hainbat ekintza egiten ebezan. Eta lan hau arabar eta gipuzkoarrek estimadu euken benetan.

Beraz, auzokoen adibidea jarraituz, Bilboko Udal Aurrezki Kutxea sortzea erabagi eban Bilboko Udalak 1907an. Helburuak lehen aitatu dogun lez, Etxe Merkeak egiteko Kooperatibei diru laguntzinoak emotea eta industria txikiak eragitea ziran.

Berehala izan eban arrakastea kutxa barriak eta 1907-1913. urteen bitartean 995.000 pezeta eukitetik, 11 miloe pezeta izatera pasau zan. Gainera kutxa hau izan zan kutxen arteko hartu-emonen aldeko lana bultzatu ebana, berbarako Federación Vasco-Navarra de Cajas de Ahorros eta Confederación Española de Cajas de Ahorros erakundeak sortuz.

Baina Bizkaian baegoan indar handia eukan beste erakunde bat eta hau Bizkaiko Aldundia zan. Bilboko Udalak hartutako erabagia ikusita, Aldundiak Bizkaiko Aurrezki Kutxea sortzeko aurrera pausua emon eban 1921ean. Kasu honetan bultzatzaile nagusiak Jesús Rodriguez Villachica eta Ramón Sota Aburto izan ziran eta bi urte lehenago botatako ideia azkenean gauzatuta ikusi eben.

Honeexek ba Bizkaian ziran kutxa biek emondako lehenengo pausua. Bigarrena 1990eko zezeilaren 16an emon eben biak batu eta Bilbao Bizkaia Kutxa sortuz. Egongo ete da hirugarren pausurik?.