Euskal Herriko Txapelketea: 18 izan eta izen
Pare bat asteko atsedenaldiaren ondoren, finalaurrekoak zemendiaren 6an hasiko
dira (Hendaia, Markina-Xemein, Gasteiz, Zummarraga-Urretxu, Bera eta Donostian).
Daborduko finalean dagoz aurreko txapelketako txapelduna eta txapeldun ordea:
- Maialen Lujanbio Zugasti: 29 urte bete barriakaz kantauko dau, hirugarren aldiz, Txapelketa Nagusian. 1997an finalista izateaz ganera, Hernaniarrak, 2001ean buruz-burukoan kantau eban. Bigarren postua hobetzen saiatuko da aurtengo txapelketako finalean. 2003ko Gipuzkoako Txapelketako txapelduna da. Arte ederretako ikasketak egin ondoren, gidoigintzan, artikulugintzan eta bertsogintzan jarduten da.
- Andoni Egaña Makazaga: 44 urtegaz seigarren Txapelketa Nagusiko finala jokatuko dau. Goizetan lo egitea gustetan jako Zarautzen jaio eta bertan bizi dan azken hiru edizinotako Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko txapeldunari. Bere txapela oholtza gainean kentzea nahi dauen arren, prezio garestia jartera dator. Euskal Filologiako ikasketak egin ebazan eta sorkuntza lanetan dihardu azken urteetan. Eleberriak, saiakerak, eretxi artikuluak, gidoiak... idazten ditu.
Bertsolari Txapelketa Nagusia 2005, azken txanpan sartu jaku. Astegoienean jokatu dira azken laurenetako azken saioak Uztaritzen eta Arrasaten.
Azken laurenak:
- Uztaritze:
Bertsolariak. Puntuak
Amets Arzallus Antia 708
Fredi Paia Ruiz 681
Iñigo Manzisidor Larrañaga "Mantxi" 677.5
Jokin Uranga Isuskiza 676.5
Onintza Enbeita Maguregi 662
Julen Zelaieta Iriarte 643
- Arrasate:
Bertsolariak. Puntuak
Aitor Sarriegi Galparsoro 698
Arkaitz Goikoetxea Arriola 678.5
Arkaitz Estiballes Ormaetxea 673.5
Iñaki Zelaia Irazusta 658
Estitxu Arozena Albizu 654.5
Nahikari Gabilondo Mendizabal 643
Gauzak holan dirala, aurreko saioetako irabazleak eta puntuak kontuan hartuta, Euskal Herriko Txapelketako finalerdiak jokatuko dabezan bertsolariak honeek dira:
- Jon Martin Etxebeste: 24 urte bete ebazan egunean estreinau zan Txapelketa Nagusian kazetari gaztea. Azken Gipuzkoako txapelketan txapeldunorde izandakoak, aurrerako urratsak emon gura dauz. Urtea bidaiatzen eta ohiko eta ezohiko bertso eskolatan entrenetan pasau ostean, belaunaldi barriak egin leikeenaren adibide izan gura dau.
- Amets Arzallus Antia: 21 urtegaz bere bigarren Txapelketa Nagusian kantauko dau hendaiarrak. Kazetaritza ikasteagaz batera, prentsa eta irratian kolaboratzaile lanak egin dauz. Finalaren atarian geratu zan aurreko Txapelketa Nagusian.
- Etxahun Lekue Etxebarria: 25 urte daukaz Musika Hezkuntza ikasi eban larrabetzuarrak. Irakasle lanetan dabil bertsolaritzea irakasten eta lehenengo Txapelketa Nagusia izango dau aurtengoa. Ilusioz dator gauza politen bat egin guran. Bizkaiko Txapelketako azken bi edizinoetako finalistea.
- Aitor Sarriegi Galparsoro: 28 urte daukazan beasaindarra informatikan injinerua da eta irakasle moduan egiten dau behar. Hirugarren Txapelketa Nagusia izango dau aurtengoa, aurreko bietan, finalaurrekoetara ailegau zan. Lizardi saria irabazi eban 1992an eta Osinalde saria 1993an.
- Amaia Agirre Arrastoa: 28 urte daukaz Billabonakoak. Euskal Filologian lizentziatua da. Azken Gipuzkoako Txapelketako finalistea. Bertso eskoletako hainbat herritako irakaslea urtez urte. Ilusino eta motibazinoaren araberako preparazinoagaz dator. Txapelketako finalaren leku aldaketak txapeldun barria ekar leikela uste dau. Bere bigarren Txapelketa Nagusia izango dau.
- Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena: 25 urte daukaz beasaindarrak. Txapelketa Nagusian bigarren aldiz kantauko dau. Euskal filologian lizentziatua eta Lazkaoko Maizpide euskaltegian irakasle. Azken Gipuzkoako Txapelketako finalistea. Hainbat sari irabazia bat-batean eta bertso jarrietan. Etxeko lanak eginda dator txapelketara.
- Xabier Paia Ruiz: Algortarra, 23 urte, itzultzailea eta interpretea lanbidez. Lehenengo aldiz kantauko dau Txapelketa Nagusian. Euskara maila hobetzeko atxakian hasi zan bertsotan. Gaur egun, bertsoa, ikasi dauen hizkuntza bat gehiago dau.
- Fredi Paia Ruiz: Aurrekoaren anaia, 24 urteko algortarra. Bigarren Txapelketa Nagusia izango dau aurtengoa. Musika ikasketak egin dauz eta enpresa zientzietako ikaslea da. Bizkaiko Txapelketako finalistea azken hiru txapelketetan. Txapelketea, nahiz eta bertso munduak norbera neurtzeko toki injustua izan, hurrengo txapelketan finalerako hautagaia izan leikela frogatzera dator.
- Iñigo Manzisidor Larrañaga "Mantxi": Finalaren bezperetan beteko dauz 28 urte Zarauzko bertsolariak. Igeltsero lanetan jarduten dau. Gipuzkoako Herriarteko txapelketan, 1999an, txapeldun izana Zarauzko taldeagaz. Lizardi saria irabazi eban 1996an eta 1998an.
- Arkaitz Goikoetxea Arriola: 32 urteko oiartzuarra. Plazagizon ez izateak motibetan dau. Azken Txapelketa Nagusian hamar lehenengotan sartu izana da egin leikeenaren adibide. Hizkuntza zuzentzailea da Berria egunkarian.
Jokin Uranga Isuskiza: 25 urtegaz lehenengo Txapelketa Nagusia izango dau Azpeitiko bertsolariak. Txapelketa lagunarteko jokotzat definiduten dauelako, akaso, bere saiorik onenak gauerditik aurrera egiten dauz. Lizardi saria irabazi eban 2000an. Bertsolaritzea irakasten egin dau lan.
- Arkaitz Estiballes Ormaetxea: 28 urte daukaz. Bilbon bizi dan galdakaotarrarentzat bigarren Txapelketa Nagusia izango da. Bertsolaritza irakaskuntzan egiten dau lan. Azken Bizkaiko txapelketan hirugarren geratu zan. Finala BECen izatea erronka ederra iruditzen jakon, baldin eta ohiko bertsozalea mantendu eta barriak erakarten badira.
- Jesus Mari Irazu Muñoa: 33 urte daukaz Hernanin bizi den larrauldarrak. Hirugarren Txapelketa Nagusia izango dau. Aurreko bietan finalera ailegau zan. Filosofian lizentziatua da eta kazetari lanak egiten dauz, eretxi artikuluez ganera. Bertsolaritzeari denpora gehiago eskaintzen deutso azken aldian.
- Jon Maia Soria: 33 urtegaz laugarren aldiz hartuko dau parte Txapelketa Nagusian. 1997an finalean sartu zan eta 2001ean laugarren geratu zan. 11 urtegaz hasi zan Zumaiako bertso-eskolan. Berbea eta euskerea izan dauz, beti, lan-tresna: itzultzaile, kantari, bertsolari, prentsako kolaboratzaile... Preparazino, ustez, egokiagaz dator.
- Aitor Mendiluze Gonzalez: 30 urte beteko dauz zemendian. Andoaindarrarentzat hirugarren Txapelketa Nagusia izango da. 1995ean Gipuzkoako txapelketea irabazi eban eta 2003an hirugarren geratu zan. 2001eko Txapelketa Nagusian be hirugarren geratu zan.
- Igor Elortza Aranoa: 30 urte daukaz durangarrak. Topografi ingeniaritzea ikasi eban. Azken lau Bizkaiko Txapelketetako txapelduna. Laugarren Txapelketa Nagusiak gura dauen bertsogintzea lantzeko beste aukeretako bat eskaintzen deutso. Kantagintzea, eretxi artikulugintzea eta gazteentzako literaturgintzan be jarduna da. 2001ean lortu eban finalera ailegetea.
- Sustrai Colina Acordarrementeria: 23 urte daukaz urruñarrak. Zuzenbide-ikasketak egin dauz Baionan. Prentsako kolaboratzaile eta tarteka bertsolari. 2001ean finalista izan zan eta aurtengoa bigarren Txapelketa Nagusia izango dau. Beretzako Txapelketa Nagusia flakoak irabazten dauen "gordoa" da.
- Unai Iturriaga Zugaza-Artaza: 31 urte daukaz durangarrak. Aurreko hiru Txapelketa Nagusietan finalista izan da. Parte-hartzaileen artean finaletan esperientzia gehien dauen bertsolaria da txapeldunaren atzetik. 1990etik aurrera egindako Bizkaiko Txapelketa guztietako finalista, bere herrialdeko hiru txapel jantzi dauz.