Italia: Europako kutuna
Bederatzi hilebete egin dozuz Italian. Nahikoa denpora da herrialdea behar bezela ezagutzeko?
Edozein herrialde sakon ezagutu gura izan ezkero denpora gehiago behar dala pentsetan dot. Dana dala, tarte horretan nik neuk behintzat nahikoa ondo ezagutu dot Italia. Ikasleok alper famea dogu eta, jakina, ikastorduetatik kanpo trankil-trankil mobidu barik geratzen diranak asko dagoz. Nik ondo baino hobeto aprobetxau nituan hutsarteak, ordu eta egun libreak herrialdean zehar osterak egiteko eta herritarren bizimodua eta izaerea ezagutzeko. Aparteko gogoagaz joan nintzalako, bertako gizartean nahikoa polito sartu nintzala pentsetan dot nahiz eta nazinoarteko ikasleen artean bizi behar izateak asko lagundu ez. Orokorrean, italiarrak jatorrak, ikuspegi zabalekoak eta zintzoak dira baina, leku guztietan legez, salbuespenak be badagoz. Uri handietan, batez be, kontu handiz ibili behar da. Berbarako, Erroman lapur asko dabil, lapurren paradisutzat be hartzen dabe askok.
Bizmodua karu dago Italian?
Ez, ez dot uste. Hori bai, gauzak gurean baino merkeago egongo ziralako usteagaz joan nintzan Italiara eta ezuste handia izan zan niretzako, kasu batzuetan, gauzak karuago egozalako. Dana dala, orain euroagaz errazago egiten dira konparazinoak. Benetan gauza ederra da txanpon bakarragaz Europa osoan ibiltea.
Italian bizitakoen ganean zeozer azpimarrauko zeunke?
Gauza asko aitatuko neukez. Jentearen alaitasuna, arkitektura miragarria, kulturea, paisaje zoragarriak..., Italiagaz maiteminduta bueltau naz (barreka). Luzarorako nire herritik kanpora ibili nazan lehenengo aldia izan da baina Italiako esperientzia ez dot inoiz ahaztuko; herrialde horretan emon dodazan bederatzi hilebeteak nire bizitzako onenak izan dira eta hainbat arinen barriro joatea da orain asmoa.
Bidaiak egiteak adikzinoa sortarazoten dau...
Bai. Hasieran ez neban pentsetan bidaiak egitea eta beste kultura batzuk ezagutzea hain esperientzia ederra eta erakargarria izango zanik baina orain sekulako gogoa daukat bidaiak egin eta lekuak eta jentea ezagutzeko. Gaur egun, munduko bazterrik urrun eta gordeenetara joatea errazagoa da baina mundua hain da handia ze...
Testua: Zigor Aldama.
Argazkiak: Vanesa Blanco eta Zigor Aldama.
Erasmus programearen ganeko kontuak ezagutu genduzan aurreko zenbakian eta oraingo honetan, Vanesa Blanco, kazetaritzako laugarren ikasturteko ikasleak Erasmus programeari esker Italian zehar egindako osteren barri izango dogu. Bederatzi hilebete egin zituan bertan eta Italiako iparraldetik Siziliara bitartean, leku zoragarriak bisitau eta herrialdearen ganeko zenbait topiko guzur galanta dirala konprobetako aukerea izan eban; beste alde batetik, italiarren alaitasuna eta bizimoduaren patxadea hur-hurretik ezagutu zituan.
Zergaitik Italia?
Hasieran pentsau neban Erasmus bekea jasoteko aukera gehiago izango nebala Italia aukeratuta. Horrezaz ganera, Greziagaz batera, mendebaldeko kulturearen mamia gogora ekarten dauelako eta oso herrialde erakargarria otu jatalako. Ganera, gure kasuan legez, Italian jaiak eta ospakizunak gustoko dituelako erabagi neban hara joatea baina geroago konturatu nintzan gurean bezela ez dogula inon jai giroan disfrutetan (barreka).
Venezia, Erroma, Sizilia, lItaliako herri tipikoak...; bat aukeratzekotan zein hartuko zeunke?
Itaun gatxa da hori. Italian Erroma lako uri erraldoi eta ederrak dagoz eta erdialdeko herritxuak, paradisuko lekuak edota Siziliako paisajeak be ez daukadaz ahaztuteko. Bat aukeratzekotan, uriburua aukeratuko neuke hor edozer topau daitekelako: erdiguneko kaleetako zaratotsa edo buila, gau giro ederra edota giro lasaia. Dana dala, alde handia dago iparraldetik hegoaldera, espainian baino handiagoa esango neuke. Iparraldea oso aberatsa da, oso 'europarra' eta hegoaldea, barriz, garapen maila txikiagoagaz, mediterraneoaren eragin handiagoagaz eta 'viva la vita'...; ni neu hegoaldean geratu nintzan (barre algaraka).
Gure herriaren eta Italiaren artean europako beste herrialde batzuekaz konparauta baino alde txikiagoak dagozala esaten da. Holan dala pentsetan dozu?
Europa ez dot larregi ezagutzen eta, beraz, bizitako esperientzian baino ezin naz oinarritu. Nire ustez, Euskal Herriak antz handia dauka Italiako iparraldeagaz baina Milan uriaren garapena gurea baino aurreratuagoa dalakoan nago. Halan da be, konparazinoakaz jarraituz, Andaluzia askotan etorri jat gogora; Italiako hegoaldea leku ederra, abegikorra eta beroa dala pentsetan dot, biziteko leku ona. Aklimatazinoa oso erraza da eta beste herrialde batzuetan bizi geinkean kulturen alkarjoterik ez dago; aldeak egon badagozan arren, Italiak Euskadiren antz handia dauka baina espainiako hegoaldearen antz handiagoa duda barik.
Lehen 'viva la vita' tipikoa aitatu dozu. Italiarrak holakoak dira?
Topikoa baino ez da hori. Hasieran, Italia etenik barik jai giroan dabilen herrialdea zala pentsetan neban edo ideia horregaz joan nintzan behintzat. Kontua da ze jai giroa geuk preparetan genduala, Erasmus programako ikasleek. Italian jentea ez dabil tabernarik taberna gure moduan eta hain berandura arte be ez. Gu geu hartzen gaitue jaiotako bizigarri.
Sexuari jagokonez, jarrera edegia dauen herrialdea dalako ustea dogu...
Bueno... (barreka) ez dot uste holan danik. Katolizismoaren indarra handia da eta gai horretan traba handiak ipinten ditu. Italiarren ustez, espainiako nesken jarrerea askosaz edegiagoa da. Hori bai, europako bazter guztietako gazteakaz bizi ondoren, nik esango neuke aldeak eta jarrerak gero eta txikiagoak dirala. Akaso, globalizazinoaren eraginez, gazteen artean aldeak txikiagoak dira eta nagusien artean beharbada, argiago ikusten dira diferentziak.