Zinea  IV. urtea // 133. zenbakia

Le chiavi di casa


Film honetako zuzendariak drama intimista eta zorrotza eskaini deusku elbarritasunaren inguruan eta arazo horrek ezinduaren familiartekoei ekarri ohi deutsen problematikearen ganean. Gianni Ameliok gizatasunez begiratzen deutse gizarteak bazterrekotzat joten dauzen personei: film honetako protagonistek ez daukie ezelango babesik, xume-xumeak dira, umilak.

Istorio personalaren ganetik, zuzendariak sasoi honeetako gaixotasun baten barri zehatza emoten deusku: hedonismoa. Horixe da zoriontasuna topetako bide nagusia; mina, konpromisoa eta beharra, ostera, bizimodu ona eskuratzeko oztopo eta traba.

Honako hau ez da ikus-entzuleek erosotasunez ikusiko daben filma; eszena mingarriak azaltzen dira, sufrimentua erruz agertzen da. Edozelan be, oinaze hori jasoteko eta haren barri emoteko modua guztiz gizatiarra eta xaloa da, apala; ez dago aparteko goxotasun merkerik, ez eta tristezia neurriz kanpo sortu eragiteko gehiegikeriarik be.

Azken batean, 'Le chiavi di casa' filma maitasuna sentiduteko guztiok daukagun preminaren ganeko istorioa da, gogorra baizen bikaina, egiatia eta zintzoa. Edonor hunkitzeko modukoa eta bizitzako gauzarik garrantzizkoenak gomutatu eragiten deuskuzana.

Joseba Terreros

-Zuzendaria: Gianni Amelio.
-Herrialdeak: Italia, Frantzia eta Alemania.
-Iraupena: 105 minutu.
-Antzezleak: Kim Rossi Stuart (Gianni), Charlotte Rampling (Nicole), Andrea Rossi (Paolo), Alla Faerovich (Nadine), Pierfrancesco Favino (Alberto), Michael Weiss (Andreas), Barbara Koster-Chari (erizaina), Anita Bardeleben (medikua), Bernd Weikert (polizia), Thorsten Schwarz (erizaina).
-Gidoia: Gianni Amelio Sandro Petraglia eta Stefano Rulli; Giuseppe Pontiggia-aren nobela batean oinarrituta.
-Argazkia: Luca Bigazzi.
-Muntaia: Simona Paggi.