Azken Maragalladea eta horren ondorioak
IƱaki Atxutegi
Beti entzun izan dot bizitzan aldaketak dagozala. Momentu batean zuria dana atoan baltzera aldatu leiteke. Politikan, ekonomian edo kirolean gaur gailurrean dagoana bihar zulo baltzean egon daiteke. Gogoratu daigun, esate baterako, zelan pasau zan Espainiako Alderdi Popularra gehiengo absolututik oposizinora.
Kataluniako jazoerak ikusita, ez dago ezer baztertzerik. Baieztapen bategaz jente asko dator bat: Maragall aldatz beheran doa, bai bertako Gobernuan, bai bere alderdian. Bizitzan jakin egin behar da norberaren indarrak neurtzen, eta ez dot uste nik Pasqual Maragallek jokurik azkarrena egin dauenik. Hain zuzen be, Katalunian "Maragalladak" esaten deutsee presidentearen ataraldi bereziei.
Espainiako eretxi publikoaren zati handi bat gogor dabil Kataluniako Parlamentutik etorritako egitasmoaren kontra. Daborduko esan leiteke hauteskunde kanpainan Zapaterok esandakoa ezerezean geratuko dala, egitasmoak aldeketa nabariak izango ditualako Madrileko Kongresutik pasetako orduan.
Saltsea pil-pilean dagoanean, Maragalli okurriduten jako gobernu aldaketea egitea alderdiari ezer esan barik eta anaia sartuz. Ondorioak begibistakoak izan dira: kontra jarri da bere alderdia, kontra bere gobernuko kideak eta, ondorioz, oposizinoan egoan CiUk ez dau baztertzen hurrengo hauteskundeen ondoren boterera itzultzea.
Kalte egiteko orduan, ez da atzean geratu Maragall Presidentea. Kataluniako Estatutuaren defentsea ahuldu egin dau erakutsitako jarrereagaz. Nork sinistuko ete deutse kataluniarrei eztabaidan sartu baino arinago euren artean horrenbeste zaparrada sortarazoten dabenean? Maragallek bere alderdiari be kalte egin deutso. Kataluniako herritar askok gogoan izango dabe Pujol zaharra. Pujolen familia dala eta makina bat komentario eta zurrumurru izan ziran, baina honeek ez ziran inoiz heldu Maragallen mailara. Nor eta anaia gobernuan sartzea be!
Ez deutso Maragallek kalte egin bere buruari, seguruenik hauteskundeetara barriro aurkezteko asmorik ez eukalako. Baina jazoera honeen ondorioz, ez da erraza berarentzat izango historiara pasetea. Maragallek Estatut barriari hegoak moztu deutsoz arinkeriaz jokatzeagaitik. Zalantza barik, egunotan pasautakoaren kargea ganetik kentzea ez da erraza izango.