Sexu indarkeriaren ondorioz sei andrazko hilda 2005ean Euskal Herrian
Azken hiru kasuak
Zerrenda baltz honi 29 urteko lapurtar bat batu jakon irailaren 9an. Miarritzen hilik topau eben emakumea eta hiltzaileak, haren mutil-lagun ohiak, bere buruaz beste egin eban egun berean; hilketearen barri emoten eban ohar bat itxi eban.
Urriaren 13koa izan da, aurreko astera arte, azken heriotzea. Ana Isabel Madariaga 38 urte barakaldarra hilik topau eben San Bartolome auzoko etxebizitza batean. Ertzaintzak haren bikote-laguna atxilotu eban autopsiak gorpuan indarkeria zantzuak egozala berretsi eta gero. Aurretiaz, hildakoak tratu txarrak salatu ebazan birritan.
Horrenbestez, aurreko astean Bakion hilik topauriko Aintzane Garai izan da sexu indarkeria dala-eta hildako seigarren emakumea.
Ez Berta Beunzak ez Aintzane Garaik ez eben bikotekide ohiaren aurkako ezelako salaketarik imini. Seguru antzean, ez eben susmatu be egingo holako zer edo zer jazo eitekeanik. Baina horrek ez dau esan gura holako heriotzak ebitauezinak diranik. Ez eta gitxiagorik be. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzeak, ganera, indarkeria sexisteari aurre egiteko tresnak daukiez. Parlamentu bietan genero bortxakeriaren aurkako neurriak onartu dira aspaldi. Igaz, esate baterako, Nafarroan, tratu txarrengaitik 700 salaketa aurkeztu ziran. Guztiok lehen mailako arazo sozial, politiko eta kulturala dala onartu ezean, gatxa izango da emakumeen aurkako indarkeria amaitzea.
Begiluzea
Sexu indarkeria dala eta, 2005ean Euskal Herrian lehenengo emakumea Galdakaon hil zan, ospitalean, beraren bikotelagun ohiak kutxilokadaka eraso egin ostean. Ofelia Hernandez eukan izena, 32 urte eukazan eta 11 eta 4 urteko seme bi. Seme horreetariko bat erasoaren lekuko izan zan, etxebizitzako eskaileretan.
Durangoko Tavira auzoan atxilotu eban Ertzaintzak ustezko hiltzailea, krimena izan eta 15 ordura. 35 urteko bizkaitarrak biktimearengaitik urrun egoteko agindu judiziala eukan eta emakumeak haren kontrako hainbat salaketa iminita eukazan.
Nafarroako kasuak
Aurtengo bigarren biktimea Berta Maria Beunza Iruñako bizilaguna izan zan. Haren ezagun batek tiroz hil eban neskea Iruñako Donibane auzoan, zezeilaren 1ean. Gaztea Berta Beunzagaz maiteminduta egoan baina honek ez ei eutson kasurik egiten. Beunza hil ostean, mutilak bere buruaz beste egin eban.
Penagarria da norberaren bizimodua eta hartu-emonak erabagiteko askatasuna erabilteak bizitza bera arriskuan imintea. Penagarria eta adierazgarria; izan be, hilketa horrek argi erakutsi eban generoen arteko desorekak eta eskubideen desbardintasunak gordeten dauzan gizartean, familia edo bikote hartu-emonak be, neurri handi batean, boterean eta menpekotasunean oinarritzen dirala.
Jose Ignacio Palaciosek, Nafarroako Gizarte Ongizateko kontseilariak adierazo eban heriotza hori ebitetako ezin izan ebela ezer egin, ‘hilketa pasionala’ izan zala. Baina Berta ez eban maitasunak hil, gure gizartean guztiz zuztartuta dagoan kultura sexisteak baino. Ezin esan daiteke ‘maitasunak’ eragindako zoramenaren ondorioz hiltea ‘naturala’ dala eta, ondorioz, parkatzeko errezagoa.
Garagarrilean, bestalde, Argelis Romero 37 urteko kolonbiarra haren bikote-lagunak emondako golpeen ondorioz hil zan Orkoienen. Senarra jelosiak jota ei egoan eta horrexegaitik erabagi ei eban emaztea hiltea.