Kulturea  IV. urtea // 133. zenbakia

Kultur Politikei Buruzko Nazinoarteko I. Biltzarra


Bizkaie!

Zemendiaren 14an eta 15ean, Bilboko Euskalduna Jauregian, Kultur Politikei Buruzko Nazinoarteko I. Biltzarra antolatu dabe Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Kulturearen Euskal Kontseiluak.

Biltzar honen helburu nagusiena 'euskal kulturearen zabalkundea' lortzea da, Kulturearen Euskal Plana programea martxan jartea, Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuorde Gurutz Larrañagaren esanetan. Horretarako, berbaldiz eta mintegiz betetako egitaraua antolatu dabe. 'Kulturearen arloko administrazinoek eta eragileek alkarregaz egindako hausnarketea lortu gura dogu', dino Larrañagak.

Kulturearen Euskal Planak 10 ardatz estrategiko eta 120 neurri aurreikusten ditu, globalizazinoaren aurrean euskal kulturea indartzeko. Horretarako, Biltzarrak bi atal izango ditu: bata orokorragoa, ikastekoa; bestea, politikoa. Kultura Gaietarako Aholkulari Ramon Zallo irakaslearen esanetan, 'Biltzarreko lehenengo atala munduko beste toki batzuetako kulturak eta komunikazino problematika barriak ezagutzeko izango da; bigarren atala euskerearen eta kulturearen hausnarketara eta konpromisora bideratuta egongo da'.

Berbaldiak euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez izango dira. Armand Mattelart komunikologo ezagunak, Rosa Franquet eta Enrike Bustamante katedradunek, Minnesotako Unibertsitateko Michele Boldrin irakasleak, Alan Arvidson ingeniari suediarrak, Xabier Fina eta Lluis Bonet katalanek eta Quebec-eko (Kanada) Gerald Grandmont eta Serge Bernierrek eskainiko dabez berbaldiok.

Euskera eta kulturearen arloan, Ramon Zallok, Gemma Martinezek, Olazt Imazek, Iñaki Lopez Aguiletak eta Frantxis Lopez de Landatzek egingo dabe berba.