Euskerea berbagai  IV. urtea // 133. zenbakia

Euskerea indarbarritzeko estadua behar da?


Testuinguru horretan sakonduz, euskerearen alde danetariko alkarte, persona eta erakundeak dagoz, eta errealidade horrek berez ez dau altxor bat osotzen soil-soilik, ez da alkarbizitzarako zimentarria bakarrik, horrezaz ganera euskerea bizirauteko ez eze indarbarritzeko be ezinbestekoa da. Hargatik, euskalgintzeak, alderdikeriak albo batera itxita, oinarri horreek albait gehien zabaltzen, aldeko ahalik gehien batzen eta egituratzen ahalegindu behar dau etenbarik. Era berean, euskaltzale dirala baieztatzen daben alderdiek be, euskerea normalizetea nahi badabe, euskerearen aldeko hizkuntza politikeari lehentasuna, zentraltasuna eta bitarteko eragingarriak eskuratu behar deutsez hainbat arinen. Era horretara, astiro bada be, aurrera egiteko aukera guzti-guztiak izango doguzalako.

Ahalik euskal hiztun eleaniztun gehien eperik laburrenean lortzea eta eurentzat ahalik erabilera-eremu gehien eskeintzea da, nire eretxiz, egun erabateko lehentasuna daukana, horrexek hurreratuko gaitualako -egon ziur- helburura. Estadua lortzeko ahaleginean indarrak ahitzeak, ostera, beharbada, ez!

Erramun Osa

XIX. mende amaierarako Irlandako abertzaleen artean, gaelikoaren aldeko jardunek eta haren inguruan gorpuztutako aldarriek britainiarren kontra indartu beharreko independentziaren aldeko estrategia ahultzen edota atentzioa beste puntu batean jarten ete eben eztabaidea egoan. Batzuen eretxiz, abertzaleek, mendeetako ukazinoak, bazterketak eta menpekotasunak astinduz, Irlanda burujaube bat lortzeko ahaleginean jarri behar ebezan indar guzti-guztiak, eta gaelikoaren aldeko aldarrikapenak, baita osterantzekoak be, estadua lortzen zanerako itxi.

Izan be, estadua lortu ostean etorriko zan gaelikoaren sasoia, eta estadu sortu barriaren hizkuntza politikearen bitartez, gaelikoa indarbarritzeko ahalegin guzti-guztiak egin ahal izango ebezan, estadua izateak eskaintzen dauen indar ahalmena xede horretarako be erabiliaz. Baina, hasiera bateko susperraldia gorabehera, Irlandaren zati batek independentzia lortu orduko, gaelikoz berba egiten eban hiztun-alkartea oso makal egoan eta, estaduaren ahalegina gorabehera, ez eben gaelikoaren gainbeherea geratzea lortu.

Halakoak aitatzean Israelen adibidea ekarriko deust gogora beste norbaitek. Hala, juduek, besteak beste, mendeetan sufridu ebezanengaitik bizirik irauteko talde sena indartu behar izan ebela edota, estadu izaerea hartu aurretik eta ostean, hizkuntza desbardinak erabilten ebezan juduak lurralde berean egonda, hizkuntzen artean, bat komuna aukeratzekotan, danek eurena eskuratzea egokiena zala barruratuta eukela lako abiaburuak ez doguz oso kontuan hartzen. Gurean, ostera, egoerea bestelakoa da. Halan da ze, ia danok dakigu gazteleraz (Hegoaldean) edo frantsesez (Iparraldean) eta gitxiengo bat gara Euskal Herrian euskeraz jarduteko modua dogunak.

Irlandan be antzeko egoerea bizi izan eben, ze ia danek ingelesa ekien, komunikazino-jardunak bideratzeko ingelesa behar-beharrezkoa eben; gaelikoa, ostera, gitxi batzuek ekien eta komunikazino behar guztiak beteteko ez zan gauza.

Euskaldunok gure hizkuntzearen indarbarritzeaz ari garanean, Nafarroako gobernuaren hizkuntza politika erdaltzalearen eraginaz eutsi ezinean gabiltzala, Iparraldean beherunzko jokerea geratzeko zailtasunak doguzala, eta EAEn, gogoko geunkeana baino mantsoago goazela lako argudioak agertzen doguz beti. Halakoetan, helmugara ailegauko ete garen arduraz, beharbada, sasoi bateko 'Zer behar dau Euskadik?' 'Gernikako piperrak biseraz beteak' goiburua gogoan-edo, euskerea ezpanetatik zelan ezabatu euskuen oso gogoan, 'Zer behar dau Euskereak?' galdereari 'estadua eta euskerea goitik behera ahalik lasterren ezartzen lagunduko dauen hizkuntza politikea' erantzungo dauenik izango da baztarretan. Baina, nik ez deutsat lagun hurkoari geuri egin euskuena desio, areago oraindino, holakorik egin arren, euskerea indarbarritzeko gauza izango ginatekeen zalantza handiak dodaz.

Bideratzen ari garan euskerearen indarbarritze ahalegina ez da huskeria. Sakon-sakoneko gizarte-aldaketaz gabilz berbetan eta hori ez da gauetik goizera egiten dan gauza bat. Horretarako, aldeko hizkuntza politika eragingarriez gainera, pazientzia, konpromisoa, konbentzimendua, aldeko agertzen diranak trinkotzea eta abar ezinbestekoak dira.

Kataluniako Estatutu proposamen barriaren harira, hango politikari ezagun batek zera inoan 'Katalunia nazinoa dala esatean adostasun zabala dago gure artean, ez dago parekorik, ostera, Kataluniak estadua behar dauela lako aldarrikapenean'. Geurera etorriz, euskerea, nazinoa eta estadua kontzeptuak errenkan jarten badoguz, euskereak borondate gehiago batzen ditu nazino baieztapenak berak baino. Hiruren artean, barriz, Euskal Herriak estadua lortzea litzateke adostasunik urrienak batuko leukezana.