Kulturea  IV. urtea // 133. zenbakia

Horacio Altuna, Joe Kelly, Carlos Ezquerra eta Ricardo autoreek hartuko dabe parte Getxoko IV. Komiki Azokean


Bizkaie!

Getxoko Komiki Azokearen IV. edizinoa abenduaren 2tik 4ra bitartean izango da eta parte-hartzaileak, besteak beste, Horacio Altuna, Joe Kelly, Bryan Talbot, Carlos Ezquerra eta Ricardo (Ricardo & Nacho bikoteko kidea).

Betiko moduan, aretoa 2.500 metro koadroko karpa handi baten azpian egongo da, Areetako Geltoki Plazan. Esparruak alde komertziala izango dau (60 postu baino gehiago), bai eta erakusketa aldea, tailer aldea eta berbaldi aretoa be. Goizeko 11:00etatik 14:30etara eta arratsaldeko 17:00etatik 21:30etara egongo da zabalik, eta sarrerearen prezioa euro batekoa izango da.

Hiru egunez, azken barrikuntzak eta atzeratutako materiala ezagutu eta erosi ez eze, bisitariek bestelako jardueren egitarau oparoa izango dabe disfrutetako. Erakusketak, barrikuntza editorialen aurkezpenak, berbaldiak, mahai-inguruak, egileen sinadurak, tailerrak, rol partidak eta emonaldiak be izango dira.

Gonbidaturiko egileek jarduera desbardinetan parte hartuko dabe eta zaletuei autografoak emoten be jardungo dabeute. Gonbidatuen artean Horacio Altuna nabarmendu dau antolakuntzeak; Argentinako istorieta-egile onenetakoa da eta emakumezkoen gorputza bikain marrazten dauelako da oso ezaguna.

Autorerik ezagunenetako bat Carlos Ezquerra da. Oso personaia ezagunak sortu (Dredd Epailea esaterako), eta Ipar Amerikako zein Britainia Handiko komiki garrantzitsuenetarikoetan egin dau lan.

Eurekaz batera, Bryan Talbot gidoigile iparamerikarra izango da Getxon. 1990eko hamarkadako erdialdetik hona, 'Marvel' argitaletxeko autorerik ezagunenetako bat da. 'Marvel' itxi ondoren, beste komiki-argitaletxe handi baten hasi zan beharrean: 'DC' ospetsuan. Gainera, zineko eta telebistako gidoigile ibilbide bikaina ari da egiten.

Getxoko IV. Komiki Azokeak preparau dituan erakusketetako bat Ricardo & Nacho bikotearen 'Goomer' pertsonaiarena da. Gainera, 'Don Celes' izeneko monografikoa be izango da ikusgai, Luis del Olmo umoregile grafikoaren omenez. 'TOS' aldizkariari buruzko erakusketea eta 'Samurais, otros tiempos, otras culturas' izenekoa be ikusgai egongo dira.