Euskaldunok munduan  II. urtea // 17. zenbakia - 2003ko urtarrilaren 1a

Eneko Etxebarrieta, azken lau urteotan munduan zehar pedalkadak emoten ibili dan gasteiztarra

2002ko abenduaren 24an, gabon egunean heldu zan etxera


Munduan zehar bizitako pasadizu bereziak

Deportazino arriskua

Txinan deportazino arriskua bizi izan eban Enekok. Txineraz idatzitako mapa bat oker interpretau eta garapen bideko ingurualde berezi baten sartu zan, atzerritarrentzako sartzea debekatuta egoan lekuan hain zuzen be. Poliziak hurreratu eta atxilotuta eroateko prest egozanean, berbea emon eutsen Enekok Pekinen zain zituala Alderdi Komunistako buruak eta telebistako kamarak eta guzur eder hori entzunda libre itxi eben abenturazale gasteiztarra.

Bazkaria Japoniako gizonik indartsuenakaz

Shimano fabrika nagusira bisitea egitea otu jakon Enekori (bizikleteari pedalak eragiteko Shimano markako zapatilak erabilten ditu) eta han abenturearen barri emon eutsen agintariei. Gustora hartu zituen Enekoren azalpenak eta material barria erregalau eta sekulako oturuntzea eskaini eutsen.

Alaitz eta Maiderren kontzertua Osakan

Eneko Etxebarrietak japoniar entzuleak berotu eta kontzertuaren amaieran 'beste bat' eskatzen hasi ziran. Alaitz eta Maider zur eta lur geratu ziran.

Eneko Etxebarrieta, ikuskizun berezia turistentzako

Gobi basamortua mutur batetik bestera pasau eta Pekinetik hur, Harresi Handiaren ondoan, denda txikian lo egin ondoren, eguzkiagaz eta izerditan inkautako hautsagaz baltzituta Pekinen sartu zan Eneko eta Tiannanmen Plazan, itxura basatiagaz agertu zan. Han egozan ehundaka turistek argazkiak atara gura izan eutsiezan Enekori eta iladea be atondu eben argazkiak banan-banan atarateko. Momentu berezia izan zan.

Eneko Etxebarrietak sei hilebete barru ekingo deutso bigarren bidaiari.

http://www.enekoetxe.com

Bizkaie!


Eneko Etxebarrieta, irakasle eta argazkilariak 1999ko zezeilaren 9an ekin eutson bideari eta, hasierako asmoa Estanbul urira osterea egitea izan bazan be, helmugara heldu eta abentureari txiki eretxita, txanpon gitxi batzukaz eta planifikazino larregi barik aurrera egitea erabagi eban eta asmoa ez zan edozelakoa: munduari itzulia emotea. Hiru urte eta hamaika hilebeteko tartean, 35 herrialde bisitau eta 45.000 km. inguru egin ditu. Bidean hamaikatxu arazo, burukomin eta sentsazino gozau eta sufridu arren, esperientzien balantzan momentu onak izan dira nagusi. Gainera, neska laguna be topau dau bidean, Curitiban hain zuzen be, Miyuki Okabe da bera, brasildar-japoniar telekomunikazinoetako injinerua.

Burukominak edo arazoak

Bideari ekin eutsonean, pil-pilean egoan 'Titanic' filma eta burua asko kantsau barik Titanic izena ipini eutson luzaroan lagun handia izango eban tramankuluari. Esperientzia ezaren eta zoritxarraren ondorioz, lehenengo asteak gogorrak izan ziran: Nimesen bizikletea ostu eutsien eta Turkia zapaltzeaz batera aurrekontu barik gelditu zan. Hortik aurrera, ahal dan moduan ibili zan. Gastuak egia esan ez ziran handiegiak ze lo egiteko denda txiki bat eroian aldean eta garraiorako zangoen indarra baino ez zan behar. Hori bai, ondo jatea eta edatea izan dira Eneko Etxebarrietaren ardura nagusienetakoak, izan be, jateko barik ez dago pedalei eragiterik. Gasolinatzat intsektu edo zomorro platerkada ederrak be jan behar izan ditu eta gustora.

Ibilibide luzean, momentu arriskutsuak eta larriak be bizi izan ditu. Turkian, 460 hildako eragin zituan lurrikara baten astinduak sufridu zituan eta Japonian beste lurrikara bategaz estu eta larri ibili zan. Malaysian hurakan edo zirimolea, Turkia eta Iran arteko Baluchistan basamortuan harea-ekaitza, Iraneko artzainen harrikadak, Txinan deportazino arriskua eta, hori gitxi ez bada, Australia barrualdeko lautada siku eta beroetan erdi deshidratauta ibili zan.

Munduan zehar 45.000 mila km. bizikletan, esperientzia ahaztuezina

Arazoak arazo eta burukominak burukomin, inoiz ahaztuko ez dauen esperientzia izan dala eta bidaia luze honek bizitzea goitik behera aldatu deutsola autortu dau abentuzarale gasteiztarrak. Munduko txokoetako errealidadeak ezagutzea oso aberasgarria izan bada be, kulturea, arkitektura edo paisajek baino gehiago jentearen berotasunagaz eta berezitasunagaz disfrutau dauela esan dau. Tifoi baten arrisku bizia egoalako bere etxea eskaini eutson Jong korearra, Estanbul eta New Delhi bitarteko bidean, pedalkada laguna: Luis irunearra eta zer esanik ez, Miyuki Okabe, gaur egun Enekoren neska laguna, danak be gogoangarriak. Enekoren esanetan, hainbat momentu hunkigarri, bat egite edo topaketa izan dira eta beste horrenbeste agur triste baina emozinoz betetako gomutak, ostera, milaka.