Musikea  IV. urtea // 133. zenbakia

Ehungarrenean hamaika, Lauaxetaren hamaika interpretazino


Zuzenekoakaz hasita dagoz hamaika kantautoreak. Elgetan aurre-estreinaldia egin eben eta Mungiako kiroldegia jentez ganezka egon zan aurkezpen-ekitaldi ofizialean. Taula ganean, Edorta Jimenez mundakarra daukie lagun. ‘Diskoa hor dago baina zuzenekoak autonomoak izango dira, diskoaz gan zeozer gehiago egongo da kontzertuetan. Ikuskizun jagi, autonomo, eder eta osoa gura dogu eskaini, ikuskizuna hasieratik amaierara arte’, dino Jimenezek. Testuen kalidade literarioaz be egin dau berba: ‘Lauaxetaren ganean dagozan uste ustelak baztertu gura doguz. Ulergarria da eta testu batzuk batueraz be jarri doguz. Ahotsak, ganera, garden dagoz. Holan, aurreretxiak daukiezanek kendu egingo dabez’. Gaien ganean be egin dau berba mundakarrak, ‘Lauaxeta bizizalea, Carpe Diem aldarrikatzen dauena ikusiko dogu ikuskizunetan eta, tartean, maitasunezko kantak be izango dira’.

Gitxitan izango da aukerea taula ganean horren artista garrantzitsuak ikusteko. Horretaz ohartuta, Rafa Ruedak kontzertuetara hurreratzeko konbitea luzatu dau. Hona hemen datak eta lekuak:

- ELGETA, urriak 18, 20:00etan, Ezpaloia Kafe Antzokian.
- MUNGIA, urriak 21, 22:00etan, Kiroldegian.
- IRUÑEA, urriak 27, 20:00etan, Gayarre Antzokian.
- BILBAO, zemendiak 8, 20:00etan, Arriaga Antzokian.
- DONOSTIA, zemendiak 24, 20:00etan, Antzoki Zaharrean.
- DURANGO, abenduak 10, 22:00etan, Plateruena Kafe Antzokian.

Saioa Torre Gereketa

Estepan Urkiaga Lauaxeta jaio zanetik aurten ehun urte bete dirala ez dago ia esan beharrik be. Antzerkia, argazki-erakusketea... hainbat ekitaldi antolatu dira eta, tartean, zeresan ugari eragin dau Rafa Ruedak.

Mungiarra da Rueda eta bertako Udalak konfidantza osoa eukan berarengan proiektu honi hasierea emoteko eta, ekimenak urriaren 18an ikusi eban argia, ‘Ehungarrenean hamaika. Lauaxeta 2005’ izenburupean. Ehungarrenean, urteurrena gogora ekarteko eta, hamaika, protagonista kopurua: Gari, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda bera, Jabier Muguruza, Txuma Murugarren, Francis Diez, Xabier Montoia, Anje Duhalde, Xabi Strubell eta Petti. Musikari lanetan Rafa Rueda (gitarrak), David Gonzalez (baxua), Rufo Urbina (bateria), Mikel Azpiroz (teklatuak) eta Asier Ituarte (tronboia) ibili dira.

Ezinbesteko baldintzea zan Ruedarentzat partaideak kantautoreak izatea eta holan izan da. Halanda be, ‘dagozan danak dira baina ez dagoz diran danak’, esan eban mungiarrak diskoaren aurkezpen-ekitaldian. Beraren esanetan, ‘mueta honetako diskoen arazoa kantarien arteko lotura eza da. Kantari ugarik hartzen dau parte eta bakotxak beraren mundua dauka, estetika musikal desbardinak dagoz, berbak Lauaxetarenak izan arren’. Horri aurre egiteko, Ruedak lanerako dinamika berezia diseinau eban: kantautoreak kantea egin eta berari pasau deutso, konponketa-lanetarako. ‘Melodiak musikarienak dira, letrak Lauaxetarenak eta konponketak nireak. Hori izan da erronkea, kantea beste baten eskuetan ixtea ez dalako erraza’.

Lauaxetaren irudiaren inguruan dagozan aurreretxiak kentzea izan da diskoaren beste helburu bat. ‘Berbakerea ulergarri egiten saiatu gara, kantak naturaltasunez entzun ahal izateko’.