Xabier Mendiguren: ‘euskerarik txarrena be, gaztelaniaz egitea baino hobea da’
1945ean, Ezkio-Itxason jaioa, Filosofia eta Letretan lizentziau ostean, Martuteneko Itzultzaileen Eskolearen sortzaile eta zuzendari izan zan 1990era arte; EHU eta Deustuko Unibersidadeko Itzulpen Masterretako irakasle lanetan be ibilitakoa da eta ‘Pentsamenduaren Klasikoak’ Bildumearen zuzendari izan da. Horrezaz ganera, interpretea da eta makinatxu bat lan itzuli ditu, besteak beste, Shakespeareren 7 antzerki lan, G. Grassen ‘Katz und Maus, Laxalten ‘A cup of tea in Pamplona’, Nietzscheren ‘Also sprach Zarathustra’, Schopenhauerren ‘Der Wille in der natur’ zein Tolstoiren ‘Smert Ivana Ilicha’.
Irabazi dituan sarien artean, 1989ko Euskadi Itzulpen saria nabarmendu beharko geunke.
1998ko martitik Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Idazkari Nagusia da.
1.- ‘Enpresan Bai Euskarari’ kanpainea aurkeztu barri dozue. Zein da helburua eta zelakoa orain arte jaso dozuen erantzuna?
Orain arte egindako beharrari jarraipena emotea da helburua; bost urtetan 1200 bat inguru ziurtagiri banatu doguz baina ikusi dogu kopuru garrantzitsua izan arren, oso txikia dala Euskal Herrian dagozan enpresa, denda, alkarte eta era guztietako entidadeen presentzia kontuan hartuta. Horregaitik, orain akordio sozio-politikoa sinatu dogu alderdi eta sindikatuakaz batera. Gure eretxiz, etorkizunean kanpaina honen bitartez, bultzada handia emongo deutsagu euskerearen normalizazinoari lan munduan. Guretzat oso erabagiorra da lan munduan euskerea sartzea, ze bestela emoten dau euskerea gazte eta umeentzako kontua dala eta gero personea nagusitzen danean, euskerea etxerako edo lagunarterako baino ez dala erabilten. Lana, ekonomia, publizidadea eta azken finean gizartearen motor diran hainbat alor horreek ez dira euskeraz egiten eta egoera hori aldatzea da Kontseiluaren asmoa, ze euskerearen aurrerabidea mundu horreekaz lotuta dago; euskerea aintzakotzat hartzea gura badogu, nahitaezkoa da sektore guztietan sartzea.
2.- Euskerearen normalizazino prozesua areagotzeko helburua dauka Kontseiluak eta euskalgintzearen indarrak batuz, gizarte erakunde ugariren bilgune izateko jaio zan 1997ko abenduan Durangon. Zeintzuk izan ziran sorrera prozesura bitarteko pausuak?
1995ean, euskerearen egoeraz arduratuta, Egunkaria Sortzen alkarteak egindako bilerea izan zan sorburua; aurrerago, euskalgintzako hainbat lagunek foro barriak sortu beharra azaldu eben, eretxiak alkarri azaldu eta gogoeta egiteko topaguneak atontzeko; ondorengo hartu-emonetan, euskalgintzearen indarrak batzeaz eta euskerearen normalizazinoan salto kualitatiboa eragiteaz adostasuna lortu zan eta giro horretan, ‘Euskararen Unibertsoa’ izeneko mobimentua sortu zan 97an. Akordio sozial zabala aldarrikatzeko beharra ikusi genduan eta euskal gizarteari egindako deiari 400 eragile inguruk erantzun eutsen. Hortik aurrera, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua sortzeko, euskalgintzako alkarte bakotxak banaka ezin ebana danok alkartuta batera egiteko erakundea sortzeko proposamena etorri zan eta, beraz, 1997ko abenduaren 6an sortu zan Kontseilua Durangon. Ondoren, 98an ‘Bai Euskarari’ kanpaina erraldoia abiarazo genduan eta hor bueltan etorri zan ETAren su-etena be. Egundoko giroa sortu zan, bost estadioak bete ziran, kanpaina berezia egin zan lanaren munduan eta batutako dirutzeagaz ‘Bai Euskarari’ plan estrategikoa abian jarri zan. Aurrerago, Kontseiluak ‘Bai Euskararai Ziurtagiria’ erabili eban euskerearen normalizazinoa bultzatzeko oinarrizko tresnatzat.
3.- Kontseiluaren 8-10 urteko ibilbidean zelako babes politiko eta soziala lortu dozue?
Era askotako babesak lortu doguz eta batzuetan mugak be bai. Lehen esan deutsudan lez, egoera politiko aldatu zanean (su-etena amaitu eta alderdien arteko tirabirak hasi ziranean), akordio sozialerako jokerea asko moteldu zan eta alde horretatik, azken urteotan gure jardunbidea gatxagoa izan da. Edozelan be, gizarte mailan Kontseiluak babes eta laguntzino handia izan dau eta horren froga da horrenbeste urtetan urteroko aurrekontuak osotzeko gizartetik lortu dauen laguntzinoa. Kontseiluak bazkideetatik eta diru-laguntzino publikoetatik hartzen dauen kopurua mugatua da. Zorionez, instituzino batzuetatik gero eta laguntza gehiago dator (udal askotatik eta Jaurlaritzako sailen batetik). Gero eta garbiago ikusten dogu ‘Bai Euskarari’ plana eta Euskerea Biziberritzeko Plan Nagusia erabat buztargarriak dirala eta hau daborduko egiten gagoz hainbat herritan
4.- Gaur egun, besteak beste, AEK, Argia, EIZIE, Berria, Artez eta Mendebalde Kontseiluko bazkide dira. Kontseiluko bazkide izateak ze onura dakar?
Euskereagazko interesa dabenak dira bazkide danak eta Kontseilua sortu zanean, banaka ezin doguna danok batera jokatzeko pentsau za, hau da, euskereari ateak zabaltzeko Euskal Herri osoan. Horixe da oinarrizko filosofia eta horri esker, euskerazko produktuen konsumoak gora egin dau, konpromiso personalak areagotu egin dira eta hainbat lekutan jentea euskerea ikasten dabil. Kontuak kontu, euskerearen aurrerabideak euskalgintza osoari egiten deutso mesede.
5.- Egungo hezkuntzan, EAEn batez be, ereduak daukaguz aukeran, baina, euskeraz moldatzeko ez-gauza diran gazte askok eta askok urteten dabe oraindino eskoletatik. Zergaitik?
Ereduen sistemea gainditzea ezinbestekoa da eta horretan, Administrazinoak zeregin handia dauka. Atara kontuak, D ereduan be ikusi da badagoala portzentaje bat behar bezelako euskera mailea lortzen ez dauena. Jakina, bitarteko egokiak eta irakasle prestatuagoak behar dira baina eskoleari be ezin jako eskatu dana egitea; ingurunea euskalduntzea be sano garrantzitsua da eta horregaitik, etorkinak euskalduntzea eta euskerea lan munduan sartzea derrigorra da.
6.- Euskerearen kalidadeagaz arduratuta gagozan momentuan, urteetako lanaren ondorioz, euskerea dakienen kopurua hazi egin da Euskal Herrian; erabilereak, barriz, ez dau maila bereko igoerarik izan. Zein izan beharko litzateke lehentasuna? Euskeraz dakienen artean, gaztelaniaz berba egiteko ze motibo egon daiteke?
Euskeraz egitea garrantsitsua da, ona bada hobeto eta hain ona ez bada be, euskeraz egitea. Euskerarik txarrena be gaztelaniaz egitea baino hobea da euskerearentzat. Jakina, bistan dago kalidade eskaseko euskereagaz geratzea be ez dala ona. Nik uste dot batzuetan euskaldun barriek ardura larregi izan dabela euskera txarra egingo ete daben eta abar. Beldur horreek kendu eta euskaldun zahar eta normalagoa egiten dogunok pazientziaz lagundu behar deutsegu euren euskera hori apurka-apurka hobetu dagien. Etorkizuna euskaldun barrietan dago, euskereak aurrera egiteko eta sendotzeko holako milaka persona behar doguz.
Beste alde batetik, euskaldunok zergaitik ez dogun euskeraz egiten? Alde batetik, ardurabakokeria personala aitatuko neuke eta, bestetik, geure euskerea ez dogulako behar bezela gaitu gure preminei erantzuteko. Erdereak askosaz tresna landuagoak emon eta geureganatu doguz eta gu oraindino tresna horreek lantzen gabiz zenbait alorretan. Beste kasu batzuetan tresnak euki arren, personak ez dira heldu beharrezko mailara.
Horrezaz ganera, komunikabideen indarra eta presinoa be ez dira ahaztu behar; euskaldunok lehiakortasunerako arazoa daukagu; gitxiago gara, gure bitartekoak mugatuak dira eta sarritan erdereak eskaintzen deuskuzan bideak askosaz ugariagoak eta aberatsagoak dira. Gauzak holan dirala, gure komunikabideetako arduradunek lan berezia egin beharko dabe kalidadeari eusteko eta kanpotik datozenek baldintza batzuk betetea be nahitaezkoa izango da (kuota edo dana dalakoak) ze ez da arrazoizkoa alde batetik, dirua gastetan ibiltea gazteak euskalduntzen eta, bestetik, komunikabideak deseuskalduntzen ibiltea proportzino berean ez dabelako euren ekarpena egiten. Gaur egungo gazteek sasoi batekoek baino euskera gehiago dakite eta zoritxarrez ez dabe mezua neurri berean jasoten. Beraz, komunikabideek datu soziolinguistikoen araberako aurrera pasuak emon beharko leukiez.
7.- Administrazinoa euskalduntzeko planak sarritan kritikau ditu Kontseiluak. Zertan gagoz gaur egun eta zeintzuk dira zailtasunak?
Planak egin behar dira beteteko modukoak, egokiak baliabide, epe eta enparauetan. Kontrol eta ebaluazino zehatzak egin behar dira ganerako alorretan egiten diran lez ze planak, helburuak eta bitartekoak jarri, diru mordoa gastau eta gero emoten dau edozer pasauta be ez dala ezer egiten. Eta iruditzen jaku, orain arte egindako planek ez dabezala ezaugarri horreek izan eta txarrena da 2. planak porrot egin baeban, hirugarrena be antzeko baldintzetan egiten dabizala eta, beraz, planaren porrota aurreikusi daiteke. Plan batetik ikasi egin behar da hurrengo plan baterako. Guk ez dogu esaten borondaterik ez dagoanik baina borondate hori modu eraginkorrean erakutsi behar da, izan be, planak ez badira eraginkorrak ez dira planak, propagandea baino.
Gure eretxiz, plan horreetatik atara behar dira administrazinorako funtzionario euskaldunduak eta eguneroko beharrean esukeraz erantzuteko gai izango diranak. Hori helburutzat jarten bada, horri jagokozan baliabideak ipini behar dira; ez badira ipinten orduan helburuen eta bitartekoen artean egundoko amiltegia sortzen ibiliko gara eta hori gezur bat biribiltzea baino ez da gizartearen aurrean.
Osakidetza 20 urtetan planik barik egotea ez da bidezkoa. Osakidetzan oraintsu sartu dabez 1800 behargin euskal eskakizunik barik eta horrek beste erdal poltsa bat sortuko dau, etorkizunean diru mordo baten truk bakarrik euskaldunduko dana. Mediku onak bai baina mediku esukaldunak behar doguz.
Ertzaintzeagaz bardin pasetan da, izan be,benetan ez dakigu ze plan dagoan. Oro har, kontu honeek zorrotz kontrolau beharko leukez Eusko Jaurlaritzeak. Zoritxarrez, hizkuntza eskubideen urraketea dago eta ez Iparralden bakarrik baita EAEn be.
8.- Europako adituek oraintsu adierazo dabe Euskadin eta Nafarroan urratu egiten dirala euskaldunon eskubideak eta euskereak babes handiagoa behar dauela. Errealidadea hori izanik, azken urteotan euskereak zeozelan aurrera egin dauela esango zeunke?
Bai. Euskereak aurrera egin dau baina ez beti behar diran lekuetan emon beharreko pausuak emon diralako, gizartean borondate eta inbersino handia dagoalako baino. Oraindino be, autortzen danaren eta egiten danaren artean, zoritxarrez tarte handia dago eta hori da Europako adituen kontseiluak esan dauena, hau da, tarte hori txikitu egin behar dala. Denek begiratu behar dabe zertan huts egiten daben. Albokoak okerrago egiten dauelako ezin gara gora begira geratu. Uste dot oraindino asko kostetan jakula euskaldunoi euskaldun izatea, neke handiegia daukagu geure eskubideak beti bermatu ahal izateko.
9.- Zure eretxiz zein da euskalkien erabilera gunea gizartean?
Bakotxa bizi da leku jakin batean eta hori da persona batek hurren daukana; nik uste dot euskalkiek hor dabela eguneroko bizigune bat eta euskera batua eta euskalkien artean elkar elikatze positiboa egon behar dala. Euskalkiak bizitasuna, eguneroko grazia, piperra emon behar deutsoz euskera batuari eta euskera batuak, barriz, babes orokorra eta nazino zentzu zabalaren presentzia emon behar deutso euskalkiari, danok babesten gaituan etxea dalako. Euskera batua ez litzateke ezer euskalkietatik odola eta eguneroko bizigarritasuna hartuko ez baleu. Bata bestearen bizigarri dirala ulertu behar dogu. Bien arteko hartu-emon horreek osasuna ekarriko deutse euskalkiei eta euskera batu nazionalari.
10.- Gizarte eleanitzean bizi gara, itzultzaileen ‘erreinuan’. Gurean egiten diran itzulpenen kalidadeaz zer esango zeunke?
Oro har, azken hamarkadetan gurean egiten diran itzulpenak maila gorenekoak dirala esango neuke. Gaur itzultzaile espezialista oso onak daukaguz eta gure testu itzuliek, oro har, ez deutse beste hizkuntzetako ezein itzulpeni zor, hau da, gaur egun mundu literaturea euskeraz irakurri geinke, itzultzaileei eta euskereak berak egin dauen aurrerabideari esker ze gure gaurko prosa orain 30 urtekoa baino landuagoa da. Edozelan be, lan handia dago egiteko, batetik, geure lanak beste hizkuntza batzuetara pasetako eta, bestetik, munduan sortzen diran hainbat literatur obra euskerara ekarteko. Zorionez, gero eta jente gehiago daukagu edozein hizkuntzatik primeran itzultzen dabenak eta horrek esan gura dau Euskal Herria beste herrien mailan ari dala bere burua kokatzen kultura mailan.
Koldo Isusi Zuazo