Kulturea  IV. urtea // 133. zenbakia

Cirque du Soleilek zemendiaren 18tik aurrera aurkeztuko dau Bilbon 'Dralion' ikuskizun barria


Bizkaie!

Cirque du Soleil Bilbora itzuliko da zemendiaren 18an 'Dralion' bere ikuskizun barria aurkezteko. Obrea 2004ko urtarrilean estreinatu eben Londresen eta ondoren Madril, Bartzelona eta Zurich bisitau ditu, hiru urietan 500.000tik gora ikusle bilduz. 'Dralion' Cirque du Soleilen 12. ikuskizuna da eta abenduaren 4ra arte egongo da ikusgai Bilbon. Obreak Cirque du Soleilen abangoardia eta ohitura txinatarren misterioak buztartzen ditu.

'Dralion' ikuskizunak modu gozoan lau elementuak nahasten ditu: Argia, Lurra, Ura eta Sua. Azala (Argia) eguzkiaren eta hilezkortasunaren inguruan dabil; Gayak (Lurra) suaren beroa eta uraren bizitasun freskoa biltzen ditu; Oceano (Ura) mobimentuaren erregina da, eta bere dantzeagaz ozeanoaren zurrunbiloak gobernetan ditu; Yaok (Sua) bidea erakusten deutse suzko deabruei eta erritmoz beteten dau ikuskizuna.

Hamar herrialdetako 55 artista baino gehiago biltzen ditu ikuskizunak. Danetara, 11 saio taularatuko dabez, zailtasun tekniko eta erakustaldi fisiko handikoak, eta ikaragarrizko edertasun plastikokoak. Dekoraduak Stephane Roy-k sortu ditu produkzino honetarako.

Gauzka holan dirala, zortzi metroko altuerea eta 18 metroko zabalerea dauen metalezko hesi batek sare-begizko kota baten antza dauka. Orkestrarako zulo edo hegal lez erabil daiteke, eta hormak euskarria eskaintzen deutse elementu teknikoei, teknikariei eta artistei. Agertokiaren gainean, 13 metro inguruko altueran, aluminiozko hiru eraztun izango dira, eta bakotxak eginkizun bat izango dau; erakustaldi akrobatikoetarako sostengua eta artistentzako pasagunea dira.

Musikea Violanie Corradik sortu dau eta erritmo tradizional desbardinak, melodia indiarrak eta soinu elektronikoak erabilten ditu. Musika-tresnak, Andaluziatik, Afrikatik, Erdialdeko Europatik eta Ekialdetik datoz. Jantziak berenberegi sortu dabez ikuskizunerako, eta koloreen bidez lotzen ditu artista bakotxa eta lau elementuak.