Juan Mª Atutxa Sabino Arana Kultur Elkargoko presidente
Bizkaie!
Juan Mª Atutxa aukeratu dau presidente Sabino Arana Kultur Elkargoak eta, beraz, Juan Mª Atutxak Andoni Olabarri ekonomialaria ordeztu dau karguan. Andoni Olabarrik bost urtez jardun dau kultur erakunde horren buru eta hemendik aurrera Patronatuko biziarteko kide izango da. Horrenbestez, Atutxa Kultur Elkargoko seigarren presidentea izango da; zeregin horretan euskal abertzaletasuneko zenbait persona ezagunek jardun dabe, besteak beste, Jesus Insausti “Uzturre” edo Anton Aurre.
Atutxagaz batera, Patronatuko beste kide batzuk aukeratu dabez: Fidel Bustingorri aholkularia; Jon Gurutz Gomez Goikolea kazetaria eta Arantza Aurrekoetxea. Bestalde, Anton Aurrek ohorezko lehendakari izaten segiduko dau, Jose Luis Aurtenetxe letratuak be bai lehendakariorde-karguan eta Iñaki Goikoetxeta abokatu eta Deustuko Unibersidadeko irakasleak jardungo dau idazkari-zereginean.
Patronatukide barriak aurkezteko ekitaldian, lehendakari barriak bere aurrekoek, Sabino Arana Kultur Elkargoak 'Euskal Herriaren historiaren funtsezko zati bat hobeto ezagutzea ahalbidetzen dauen agiri-ondare garrantzitsu bat gordeten, sailkatzen eta ikertzaileen, historialarien eta, oro har, gizartearen eskura ipinten' daroazan hamazazpi urteetan egindako lana nabarmendu dau.
Era berean, Juan Mª Atutxak Kultur Elkargoaren asmoa azpimarratu dau, hau da, 'abertzale guztientzako alkargune-izakerea indartzea eta gogoeta intelektualaren arloan abertzale ez diranakazko hartu-emon eta bizikidetzarako plataforma gisa sendotzea. Gure helburua, bizi doguzan aldaketa zorabiagarriek eskatzen daben etenik bako gogoeta egitera animetan segidutea izango da' zehaztu du.
Dibersidadearen eta kultura gitxitu guztien eta ezagutza-arazoak dabezan nazionalidadeen eskubideen kausak aldeztea be erabagi dau. 'Horren harian, migrazino-mobimentuak dirala medio dagoeneko geugaz bizi diran kultura-errealidade desbardinen arteko alkarguneak sustatuko doguz', esan dau.
Beste alde batetik, Juan Mª Atutxak adierazo dau, Sabino Arana Kultur Elkargoak areagotu egingo dauela 'modernotasuna eta gaur egun euskal abertzaletasunak bultzatzen dauen aurrerapenaren aldeko apustua zabaltzeko' egiten ari dan lana. Ganera, Kultur Elkargoak Euskal Abertzaletasunaren Agiritegian eta Museoan gordeten dauen ondarea ezagutarazoteko lana burutzen eta espezialistek eta ikertzaileek agiri-funtsak erabiltea sustatzen segituko dauela.
Patronatuak ezartzen ditu Kultur Elkargoaren jardun-ildoak. Sartu barri direnak orain arteko beste zaindarikide batzuei batzen jakez, ondoko honeei: Patrick de la Sota, Txema Montero edo Jose Mª Makua ekonomialaria, edo Julio Jauregi, Jose Mari Otxoa de Txintxetru, Gerardo Bujanda, Carlos Claveria edo Jose Maria Cuñado lako abertzale historikoak. Sabino Arana Kultur Elkargoaren aginte-organo goreneko kideak dira, besteak beste, Jose Ramon Scheifler, Ana Galarraga, Kepa Etxebarria, Karmelo Intxausti. Maria Jose Lamikiz, Koldo Mediavilla, Pello Caballero, Joseba Agirre, Begoña Aiarza, Ramuntxo Camblong eta Gregorio Arrien historialaria.