Bertsotan  II. urtea // 17. zenbakia - 2003ko urtarrilaren 1a

Enaizu itzartu


Enaizu itzartu

Si me dijeran pide un deseo,
preferiría un rabo de nube...
(S. Rodríguez)

Doinua: 'Meles Terrae' (Sarasua Anaiak)

Sentidu al dozu inoz
kolorez betea,
zeruan islatua
zeure izatea?
Gertau al jatzu inoz
kantu izatea
eta HODEI bategaz
dantzan egitea?

Ilargiak barriro
harrapau bazaittu
mosu emon gurean
haizeari itsu,
eguna egarri bada
ta bihotza urtsu...
orduan HODEI batek
keinu egin deutsu.

Itsasoa biluzik
sartu zara bertan,
olatuan etzanda
zeruaz berbetan.
Busti-busti eginda
amets goxoetan,
HODEIAK hartu zaittu
bere besoetan.

Kresalezko zipristin
iturri emankor,
mosu tanta bat hemen,
bustiago bat hor,
barrikan ondutako
laztanetan mozkor,
HODEIA bete zeru
edatetik nator.

Zeruari begira
haizeari ados!
joanaren joanaz
neugana bazatoz
ta azken orduan bizi,
ta ez azkenengoz,
HODEI baten malkoan
itsaso bete poz.

Emakume kotoizko,
zeruko olatu,
udagoien haizeak
sortutako kantu.
Zugan lotu gura dot,
zugan loak hartu,
HODEI, atertu ezean
enaizu itzartu.

Iñaki Aurrekoetxea

Urte barri on danoi. Bertsoakaz amaitu genduan urtea eta bertsoakaz hasi gura dogu urte barria be. Honakoan bertso jarriak dakarguz barriro, Kabi Goitia VI. Bertso-paper Lehiaketan lehenengo saria jaso dauen sortea. Bertsoen egilea artikulu honen sinatzailea bera da.

Deustuko Matxintxu AEK euskaltegiak seigarrenez antolatu dau bertan irakasle eta sustatzaile izandako kidearen izena daroan lehiaketea. Bereizgarriak be baditu lehiaketa honek bere oinarrietan: goren jota sei puntuko bertsoak eta gehienez sei bertsoko sortak onartzen dira. Honegaz bertso-sortei zabalpena errazteko modua bilatzen da, batez be, musikearen laguntzaz (inoz antolatzaileak eurak saiatu dira horretan). Dana dala, bertso-jarrien lehiaketa, bertso-jarrien zabalpen eta orokorrean bete daben funtzinoaren gainean hurrengo baten egingo dogu berba, lasaiago.

Abenduaren 18an banatu ziran aurtengo ekitaldiko sariak, Deustuko Bordatxo tabernan. Gazteen atalean, lehen saria Irati Goikoetxea beasaindarrak jaso dau, bigarrena Arkaitz Oiartzabal oiartzuarrak eta hirugarrena Miren Artetxe hendaiarrak. Helduen atalean Iñaki Aurrekoetxea bilbotarrak hartu dau aurten be lehen saria, bigarrena Ekaitz Goikoetxea beasaindarrak (Iratiren nebea) jaso dau eta hirugarrena Nikolas Zendoia zarauztarrak.

Askorik ez dot esango neure bertsoen ganean. Aitatzekoa izan leiteke Euskal Herri mailako sariketea izanda bizkaieraz idatzitako sorta batek jaso izana gorengo aitamena. Amesa eta errealidadearen mugan hodei bategaz maitemindu danaren sentimentuak kontetan dira bertsootan. Ia gustetan jatzuezan.