Bidaide  IV. urtea // 133. zenbakia

Gerrea zeruan


Airbus A-380, munduko bidaiari-hegazkin handiena eta Boeing 787, hegazkin ‘normaltxuagoa’. Gerra komertzialaren antza euki leike egoereak, baina munduko hegazkin-negozioaren ikuspuntu bi dira eta, modu batean, planeta osoko bidaiariak kontroletako sistemea. Ganera, superpotentzia biren arteko aurrez-aurreko ekonomikoaren erakusle be bada: Estadu Batuak eta Europa. Batak besteari euren gobernuetatik diru-laguntzino itzelak jasotea leporatzen deutse. Hor ikusten da abiazino komertzialak sortarazoten dituan interes ekonomiko eta politikoen indarra.

Frantziak, Alemaniak, Ingalaterrak eta Espainiak osotzen daben partzuergoa aireportu handiak indarbarritzearen alde dago. Gehienetan, aireportu txikietatik handietara joaten da beste hegaldi bat hartzeko, konekzinoa egiteko. Iparramerrikarrek, ostera, ‘puntutik puntura’ muetako hegaldien gorakadea aurreikusten dabe, urteeratik jomugara zuzenean doazen zuzeneko hegaldiak. Airbusen ikuspuntuak hegazkin barria behar eban, Boeing 747-400 ‘Jumbo’ bera baino kapazidade gehiagokoa. Horregaitik jaio zan A-380. Biloe biko merkaduan lehiatu ahal izateko, proiektu honen inbersinoa 10.000 miloe euro baino gehiagokoa izan da. Boeing-ek, barriz, hegazkin txikiagoen alde egin dau, hogei urteren buruan 3.500 bat beharko dituala aurreikusten dauelako.

Abiazinoaren merkadua gorantza doa, bai bidaiari kopuruan, baita petrolioaren prezioari jagokonean be. Indize biak parez pare dagoz gaur egun; halanda be, hegazkin barrien gorakada nabarmena aurreikusten da hemendik eta 2020ra arte. Testuinguru honetan, enpresa bien ikuspuntuak sartu daitekezala pentsau leiteke, beti be urre baltzaren prezioak behera egiten badau. Halanda be, Airbusek aurrea hartu deutso Boeing-i eta, 2004an, enpresearen historian lehenengoz, lehiakide estadubatuarrak baino hegazkin gehiago saldu ebazan. A-380 hegazkina arrakastatsuena izateko bidean dago, B-787ren onarpen eskasaren aurrean. Azken horren beherakadearen ondorioz, Boing-ek behargin kopurua murriztuko dau datozan urteotan.

Asia konkistetako gogoa

Enpresa biek, duda barik, Asiako merkadua konkistau behar dabe lehenengo eta, batez be, Txinakoa. Ekialde urruneko itzelezko garapen ekonomikoak bidaiari kopuruaren gorakada nabarmena ekarri dau. Urtero, Txinan, Indian eta Asia ekialdeko hainbat herrialdetan, bidaiarien kopuruak % 7 egiten dau gora, munduaren ganerako herrialdeen bikotxa. Airbusen arabera, eskaintza hori bete ahal izateko 16.600 hegazkin barri beharko dira eta uste da kapazidade handiko abioien % 62 Asian egongo dirala. A-380, gehienbat, ibilbide luzeak egiteko diseinau dabe, Singapur-Londres, Hong-Kong-Pekin edota Pekin-New York tarteetarako berbarako. Gaur arte, 149 eskaera berbatu dira eta horrek erakusten deusku proiektua errentagarria dala. Datorren udabarrian, Singapore Airlines konpainiak estreinako dau modu komertzialean zeruko erraldoi barria: 555 bidaiari, hiru klasetan, 15.000 kilometrora.

‘Superjumbo’ europarraren proiektuak ezustean atrapau eban Boeing. Euren 747 zahartuta dago; halanda be, konpainia amerikarrak ez eban pentsau barriztutea. A-380 jaio zanean, mespretxuz jokatu eta haren zilegitasuna kritikau eben. Ostean, 9.000 miloe dolarreko proiektua aurkeztu eben: hegazkinak kapazidade erdia eukiko eban baina soinuaren abiadurea hartuko leuke. Porrot handia izan zan. ‘Sonic Cuiser’ haren gainbeherearen eta merkaduetan lidertzea galdu ostean, estadubatuarrek gaur egun daukien 787 ‘Dreamliner’ aurkeztu eben, baina ez deutso antza A-380ri kalterik egingo.

Airbusek, ganera, abanbaila garbia dauka: pilotuek hegazkin danak eroan ahal dabez, modelo bakotxarentzako ezelako ikastaro berezirik egiteko beharrik barik, lehiakidearen kasuan pasetan dan legez. A-318, 319, 320, 321, 330, 340 eta 380 hegazkinen kabinak oso antzekoak dira, ia berdinak; holan, pilotuek ez daukie arazorik hegazkin-konpainiaren ia abioi danak erabilteko.

Oraingoz, abiazino zibilean abantaila garrantzitsua lortu dabe europarrek. Euren irudia abangoardia teknologikoagaz eta kalidadeagaz dago lotuta. Hurreko etorkizunean, leitekeana da aparatu erraldoiaren hegaz egiteko modua aldatzea, ‘Junbo’ hegazkinagaz 70eko hamarkadan pasau zan legez. Daborduko iragarri dabe A-380k kafetegiak, egongelak, bainugelak eta, kasu batzuetan, dendak izango dituala. Fikzinoa emoten dau, baina, datorren urterako, batzuek disfrutau ahal izango dabe.

Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama

Airbus eta Boeing enpresen arteko aurrez-aurrekoak enpresa mundutik baino harago doaz. Munduko sektore aeronautikoa kontroletako Estadu Batuen eta Europaren artean dagoan lehia erakusten dabe. Konpainia bakotxaren hegazkin barriek ikusmolde desbardinak ixten dabez agirian.