Txileko ardaoak
Ivan Vega Alberdi,
Enologoa
Munduko ardaoen ganeko ibilbidean, momentuz, Europa zaharreko mahastietatik ibili bagara be, oraingoan, Euskal Herritik 12.000 kilometrora dagoan herrialde batera joko dogu, Txilera hain zuzen.
Nahiz eta herrialde hau gure lurraldetik hain urrun egon, badira ardaogintzan oinarritutako hartu-emon zuzenak, hain zuzen euskaldun bat, Francisco de Aguirre 1551an, lurralde honetan ardaoa egin eban lehenegoa izan zan. Beranduago, beste euskaldun batek, Silvestre Otxagabia Etxezaretak, 1851an Bordeletik, gaur munduan famatuen diran mahats muetak eroan zituan. Bitxikeria legez, Uruguayn be euskaldun bat, iparraldeko Paskal Harriage izan zan munduan fama haundia hartzen ari dan lurralde honetako lehenengo upeldegia sortu ebana Montevideo inguruan.
Halan da be, kataluniar batek, Miguel Torres, Txileko ardaoak hartu dauen ospearen eta kalidadearen arduradun nagusietako bat izan da. 1978an Curiko bailarako mahastiak erosi eta enologi-teknologia barriak erabiliz, munduari eta txiletarrei erakutsi eutsen Txilen ardao ederrak egiteko modua egoala. Hortik aurrera, upeldegi guztiek berak ezarritako bidea jarraitu dabe eta emoitzak sekulakoak izan dira.
Txile, luzearen luzez, klima mueta guztiak dituan herrialdea da, iparraldean, Atacamaco desertua, munduko deserturik sikuena; hegoaldean, barriz, Punta Arenas eta Tierra de Fuego, Antartidaren atalean. Mutur bien artean, klima mediterranearra eta hezea agiri dira. Ekialdetik, ostera, Andeek babesten dabe herrialdea bere luzera guztian, zeozelan Txileri isolamendu berezi bat emonaz; isolamendu hori izan da Txilen 'Filoxera' parasitua sartu ez izatearen arrazoia, beraz Txileko mahasti gustietan ez dabe 'portainjertos-en' beharrik.
Mahastiak mediterranear klimak babestutako eremuetan kokatzen dira batez be baina beste leku batzuetan be badagoz.
Santiago uririburua, lurraldearen erdialdean dago kokatuta eta bere inguruan kokatzen dira ardaogintzan dabilzan eskualde gehienak. Dana dala, Santiagotik iparraldera eta Atacama desertuaren atarian, moskatel bariedadearen mahastiak produziduten dira, mahaiko mahatsa eta 'Pisco-a' egiteko erabilten diranak hain zuzen. 'Pisco-a', Txile eta Peruko pattar nazionala da. Bere kontsumoa oso zabalduta dago munduko alde honetan eta gurean lar ezaguna ez bada be, badaezpada hona hemen Txilen asko edaten dan aperitibo baten errezetea:
Pisco Sour
1. Lau neurri Pisco.
2. Neurri bat limoi edo lima zumo naturala.
3. Izotza.
4. Azukerea norberaren gustora.
5. Arrautza zuringo bat (gura izan ezkero).
Kokteleran (edo beste ontzi baten), esandakoak sartu eta ondo nahastau.
Oso Hotz zerbidu.
Edaria, freskoa eta beroa era berean, gosea egiteko oso egokia da eta, horregatik, aperitibo' esaten deutse txiletarrek baina 'bajatibo' –bazkal osteko kopa- legez hartzea be posible da garraztasun zitrikoa oso ona dalako digestinoa egiteko.
Pisco-a alde batera itxita, hegoaldera jo eta Aconcagua eta Casablanca bailarak topauko doguz. Bailara honeek Santiagoko iparraldean Valparaiso uririaren inguruan dagoz. Casablanca Valparaisotik 30 kilometrora dagoan kostaldean, goizeko lanbroak bustiten dauen lurraldea da eta bertako ardaorik preziatuenak zuriak dira, Chardonnay bariedadeagaz egiten dira gehienak baina Sauvignon Blanc eta Semillon bariedadeak be bikainak dira eta baltz interesgarriak be egiten ditue. Aconcaguako bailarak, barriz, txikiagoa eta altuagoa, 160 hektarea hartzen ditu, bertan zuriak dira kalidade hobekoak eta ugarienak baina 'Maximiliano Errazuriz-en' ardao baltz bikaina bertan egiten da.
Santiago hegoaldeko inguruan 'Valle Central' izeneko eskualdea dago eta bertan lau bailara bereizten dira, iparraldetik hegoalderuntz: Maipo, Curico, Rapel eta Maule, izena bailarak banantzen dituen erreketatik hartuz. Eskualde honeetan egiten dira Txileko ardaorik garrantzitsuenak, baltzak gehienbat, Cabernet Sauvignon, Merlot eta Carmenere; azken hau askotan Merlot legez botilaratzen da. Bariedade honek izaera propioa hartu dau lurralde honeetan eta erraza da lurrin mentolatuak topetea ardaotan, bariedade honen sendotasunagaz batera. Lur honetan, argi ordu asko izaten dira, mahatsaren heldutasuna lortzeko ezinbestekoa eta euri gitxi egiten badau be, Andeetako urak bideratuta dagoz eta soloak urestatzea posible izaten da beharrizana egon ezkero. Ardao zuriak be egiten dira eta 'Late Harvest' izenekoak be ospe handikoak dira. Azken horrek ingelesez beranduko uzta esan gura dau; Semillon bariedadeagaz egindako ardao zuri gozoak dira, gozotasuna izenak berak adierazoten dauenez, mahatsa heldu eta egun batzuk beranduago batzerakoan lortzen da, mahatsaren azukera konzentrazinoa handitzen dalako.
Azkenik, hegoaldeko mahastiak dagoz: Itata eta Bio-Bio bailarak hain zuzen, bailara honeek Euskal Herriko kostaldeagaz antzekotasun handia dabe, klima hezea, ekialdean Andeak, mendebaldean kostaldeko mendi tontorrak pinuz eta eukaliptuz josita, paisaje zoragarria, ardaoa ez horrenbeste eta, batez be, eguneroko kontsumorako erabilten ditue.