Eretxia  IV. urtea // 132. zenbakia

Ceuta eta Melillakoak hausnarketa serioa merezidu dau


Ilaki Atxutegi

Egunotan ikusi eta irakurri izan doguz etorkinen ganeko hainbat barri eta eretxi. Ceuta eta Melillako 'mugak' zeharkatzen ikusi doguz afrikarrak. Eskuz egindako eskilarak erabiliz, Espainiako agintariek jarritako burdin-hesiak pasetan edo pasetako ahaleginetan ikusi izan doguz.

Talde handietan, talde txikietan edo banaka-banaka. Europara salto egin gura izaten dabe afrikarrek desesperazinoak bultzatuta. Aspalditik datorren kontua bada be, Espainiako gobernua ezustean atrapau dau jazoereak eta ez dau jakin arazoari zentzunezko konponbidea emoten.

Hasikeran, hesiak handitzean ikusi eben soluzinoa. Gero Ejerzitoa bialdu eben. Hau nahiko ez zala ikusita, Marocori laguntzinoa eskatu eutsen, Erregea bera bitartekari lanetan. Espainiako gobernua 'talantearena' ei zan, baina ez dau agertu Aznarrek baino gupida gehiagorik. Akordetan zarie? 'Arazo bat egoan eta konpondu egin dogu'. Orain ez dira holako berba biribilak entzun, baina Aznarren jokabide bardintsua agertu dau Madrileko gobernuak.

Marocoko gobernuak, ostera, ez deutso jazoereari Espainiakoak baino urtenbide hobea emon; tirokatu egin dabez, beste batzuk euren herrietara bialdu dabez bueltan. Beste batzuek ez dabe horrenbesteko suberterik izan eta modu batean ala bestean, euren mugetatik kanpora bialdu dabez. Eta ez ahaztu Marocoko mugetan basamortua baino ez dagoala.

Harrituta eta gogaituta ikusi doguz jazoerak. 'Jente gixajoa! Ezin da besterik egin?' esan izan dogu albistegiak ikusi doguzanean. Baina arin ahazztu egingo doguz etorkinok hurrengo batera arte.

Ez dauka konponbide erraza arazoak. Gogoan izan beharko geunke Europa eta Afrikako mugen artean desbardintasun ekonomikoak ikaragarriak dirala eta hau aldatzen ez dan bitartean emigrazinoa gauza arrunta izango dala. Zapatero presidente espainiarra ikusi izan dogu munduko arazoak konpontzeko ahaleginetan, euren mugaz bestaldekoari konponbiderik emoten ez deutson bitartean.

Emigrazinoa ezinbestekoa da, baina muga batzuk izan behar ditu. Argi eta garbi esan behar da hori. Baina hori esan eta gero zer egiten da Europan Afrikako herrialdeek etorkizun duina izan dagien? Hamaika biderrez entzun izan dogu arraina eta kainaberearena. Arraina emon ezkero, egun bakar batean jango dau pobreak. Kainaberea emon ezkero, euren bizimodua aurrera atarateko kapaz izango dira. Kainaberak ala makiladak emoten deutseguz afrikarrei?

Hasarratu egiten gara enpresa batzuek euren lantegiak eta zerbitzu batzuk Hegoaldeko herrietara eroaten dabezanean. Europako nekazaritzeak dirulaguntzino handiak daukaz eta babes handia dago kanpoko produktuak sartu ez daitezan. Eta ez dogu gura kontu horreen ganeko aldaketarik. Zertaz biziko dira, baina, herrialde pobreak? Eta zer egingo dabe, euren herrialdeetatik hanka egitea baino?