Wallace & Gromit: The curse of the were-rabbit
Film honek irauten dauen eta konturatu barik pasetan dan ordubete eta erdian une zoragarrien sintesi bat egin dala emoten dau; izan be, hainbat film ezaguni egiten jaken omenaldia gorabehera, honako hau animazino lan bat baino gehiago, umorez eta adimenez betetako zinemagintzako emonaldi bikaina da.
Ganera, oso bitxia izanagaitik be, Dr. Jekyll eta Mr. Hyde edo King Kong-en moduko lanei zuzeneko aitamen egiteak ez deutso kontakizun honetako unibersoari ezelan be eragiten eta filmak beti jokatuko dau ezustekoen abantaileagaz; horrek ikus-entzuleei ezin ezabatu daitekean irribarre konplizea sortu eragingo deutse istorio osoan.
Filmak, era berean, beste gauza gatx bat lortu dau: aurreikusteko moduko argumentu bati jarraituz (nahiko ulergarria, bestalde, edade guztientzako produktua dana kontuan hartuta), ikus-entzuleen interesa ez da apaltzen, bai zineari eten barik egindako keinuakaitik bai edonor harritzeko daukan gaitasunagaitik.
“Wallace & Gromit” miraria da maila teknikoari erreparauta, erritmo ezin biziagoa dauka, era guztietako gag-ak eskaintzen dauz eta dan-dana ironia fin batez hornitzen dau; emoitzea argia da: ilusionetako kapaz diran edade guztietako umeek behin eta barriz gozau ahal izango daben filma.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Nick Park eta Steve Box.
- Herrialdea: Erresuma Batua.
- Iraupena: 85 minutu.
- Generoa: Animazinoa.
- Gidoia: Steve Box, Nick Park, Bob Baker eta Mark Burton.
- Ekoizpena: Peter Lord, David Sproxton, Nick Park, Claire Jennings eta Carla Shelley.
- Argazkia: Dave Alex Riddett eta Tristan Oliver.
- Muntaia: David McCormick eta Gregory Perler.