Euskerea berbagai  IV. urtea // 132. zenbakia

Gazteentzako aldizkari euskaldunak


Badira ia 40 urte Kili-Kili aldizkaria sortu zanetik. 1966an izan zan, Bilbon. Euskereak garai latzak bizi ebazan Francoren diktadurapean eta ume eta ikasle euskaldunek hizkuntza mantendu eta lantzearen kontzientzia hartzea beharrezkoa zan euskerearen etorkizunerako. Harrezkero, Euskal Herriko milaka eta milaka ume eta gaztetxoakana ailegau izan gara, ikastoletara eta etxeetara. Orain dala urte bi inguru kaleratu zan Kili-Kili aldizkariaren azken alea. Hartuemonei jagokenez, Kili-Kili aldizkaria zarratu zanean 5.000 harpidedun eukazan. Harpidedun horreekanako hartuemonak etenik ez izateko helburuagaz jarri dabe martxan www.kili-kili.net.

Orain, geure gazteek zer leiduten dabe? Bada, testuaren hasikeran aipatutako horreek, ez bada interneteko guneren bateko edo besteko konturik. Egia da Gipuzkoan Bizkaian baino errazago zabaltzen dirala Gaztetxulo (Euskal Herriko Gaztetxoen Hilabetekaria) modukoak, baina dudea daukat aitatu dodazan adibide biak ez ete diren muturrekoak. Batek kili-kili bat, kili-kili bi… kantetan dau eta besteak ‘ligetako hamar aginduak’ lako aleak daukaz. Biek bat egiten dabe euskerearen babesean, hori bai. Batentzat gazteak umeak dira eta besteentzat hormona boltsak. Eta egia esateko, uste dot parajeago dabizela bigarrenak. Egia da, ganera, lehenengoak adin tarte zabalagoa hartzen dauela. Hor galtzen dau akaso zehaztasuna.

Normalizazinoa normalak izanda baino ezin leike lortu. Euskereak bere inguruko hizkuntzetan ageri diran gaien analogoak sortu behar ditu, erderaz lortu leitekeen edozer gauza euskeraz be eskuragarri egon daiten. Noizko euskal prentsa arrosea? Prentsa arrosa eta bertako arrosakaz. Vaya Semanitako kontuak guzurrak baino ez dira. Ez da posible Espainian horrenbeste personak ikustea Ana Rosa Quintanaren programea eta Euskal Herrian inork ikusten ez dauela pentsau. Inork ikusi dau sekula Antena 3n ETB 1ean bazkalostean emoten dabezan dokumentalak? Eta zer ikusten dau jenteak, ETB1 ala ANTENA 3?

Bada, aldizkarien kasuan gauza bera egin behar da. Didaktikoak eta pedagogikoak egon daitezela, ados, baina ez horreek bakarrik.

Xabier Paia

Erdarazko testua izango balitz hau, inork ez leuke dudarik izango: “Xabi Super Pop, Vale eta halakoez txapea emotera jatorku.” Euskeraz, ostera, zeren ganean berba egin behar neuke? Hasteko, pentsetan dot izenburuko lehenengo berbea definidutea ezinbestekoa dala, liftingak eta zimurren kontrako kremak horren indartsu dagozan sasoiotan, batez be.

Nik neuk, testu honetarako, gaztetzat joko dodaz 18 urtera arteko nerabe zein helduak. Izaki horreek aldizkarietara joteko arrazoi nagusi bi eukiten dabez: jakin-mina eta kuriosidadea. Bai, desbardindu leitekez: jakin-mina barruan bueltaka daukazun galdera batek edo sorta batek eragiten dauen ezinegona da. Kuriosidadea, ostera, ezjakintasuna da, baina ez dauka aurrekoaren ezinegonik.

Gure herrialdean, ostera, aldizkariak hiztegiak legez egiten doguz: hizkuntzeari begira. Kili-kili aldizkaria zaharrenetarikoa izango zan horretan, eta euren sortzaileek be holan dinoe: ‘ume euskaldunen buru-bihotzetan euskalduntasuna biztuteko orain 40 urte sortu zan Kili-kili’.

Estrategia hori euskerea falta zanean ez zan txarra, baina diktadurea eta gero helburu barriak jarri behar ziran. Aldizkariak orain amaraun gune bat atondu dau izandakoaren isla geroaren bistara itxiteko: www.kili-kili.net. Gune barriaren bitartez Kili-Kili aldizkariak lagatako hutsunea bete gura dabe neurri batean.