Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 132. zenbakia

Bizimodu modernoa eta loditasuna


Egunean 7 gramo gehiago

Kontsumidu eta gastetan dogunaren arteko desoreka honek pisua eguneko 7 gramo handitzea ekar daike; halanda ze, neurririk hartu ezean, hogeita hamar urteko epean hogei kilo gehiago hartuko doguz. Zoriontasunaren bihurgunea gero eta handiagoa da hainbeste kotxe, Internet, urruneko agintailu eta garbigailuren eraginez; berokien, haize girotu eta berogailuen kalidade hobeak be erruaren zati bat be badaukie. Gaur egunean oso gatxa izaten da hotza pasetea; ondorioz, gorputzak ez dau bape nekerik hartzen barruko termostatoa erreguletako be.

Garunaren eta izakerearen gastua

Guztiagaz be, argi dago XXI. mende honetan dana ez dala geldotasun edo pasibotasuna. Gastuak dakarzen jarduera barriak agertu dira. Horregaitik, ez da guztiz egia gastua gitxitzearen eta kontsumo txikiaren arteko desorekea zortziehun kaloriakoa dana; beste aditu batzuek dinoenari jarraituz, desoreka hori hirurehun kaloriakoa baino ez da; izan be, gaur egun, orain dala pare bat hamarkada baino zine gehiago ikusten da, egunkaria gehiago irakurten da, telebistearen aurrean be gero eta ordu gehiago emoten doguz... eta adimen lanak be ahalegin handiagoak eragiten dauz. Ez da ahaztu behar garunak glukosea behar dauela martxan imini ahal izateko.

Metabolismoaz ganera, izakereak zeregin garrantzitsua beteten dau gehiegizko kaloriak banatzeko orduan. Persona batzuek, gura izan barik be, energia asko be asko gastetan dabe: berba egitean keinu asko egiten dauen jentea, albo batera eta bestera begiratzen dauena edo arin ibilten dana, ez da errez loditzen. Baina, zirkinik egin barik ibilten diranek edo jarrerea aldatzen ez dabenek, askoz be aukera gehiago daukiez behar diranak baino kilo batzuk gehiago hartzeko. Batzuetan persona urduri eta lasaien arteko kaloria gastuan % 20ko aldea egon daiteke. Edozein kasutan be, batzuek zein besteek medikurik gehienen esana bete behar leukie: egunero-egunero ordubete paseoan emotea. Izan be, Hego Euskal Herrian lodien kopurua helduen % 14 ingurukoa da eta gazte nahiz umeen % 9koa.

Begiluzea

Gizarte modernoaren erosotasunek hainbat ahalegin eta buruhauste kendu bai, baina bestelako disgustu batzuk emoten deuskuez: azken hogei urteotan gastu energetikoa 800 kaloria inguru gitxitu da, hau da, esate baterako porrusaldaz, lebatz xerra biz eta anana zati batez hornidutako afari ‘normal’ baten pareko kaloria kopurua.

Menu horrek, bada, eguneroko preminen % 30 beteko leuke eta, ariketa fisikora pasauta, jarduera arineko ordu biko gastua izango litzateke, berbarako txirringaz ibiltea, uger egitea edota erakusleihoak ikusteko moduko erritmotik gorako abiaduran paseatzea. Gauzak holan dirala, gaur egun 800 kaloria aurreratzen doguzala esan daiteke, baina horrek bestelako ordaina dakargu: lanaldiaren ostean inork bazkaldu barik geratu gura ez dauen ezkero, ez da harritzekoa gehienok behar baino kilo batzuk gehiago hartzea. Izan be, askoz gitxiago kontsumiduten dogun arren, jatekoa orain dala hamarkada bi baino 200 kaloria inguru baino ez dogu murriztu.