Jaime Chavarrik zinemara eroan dau Camaronen bizitzea
Joseba Terreros
Aurreko zezeilean hasi ziran Camaronen bizitzearen ganeko filma grabetan Madril, Paris, Cadiz eta beste hainbat uritan eta datorren hilean, zemendiaren 4an estreinauko da ‘Camaron’ izeneko pelikulea. Chavarrik benetako persona batean oinarritutako fikzinozko film bat egin gura izan dau eta, aldi berean, flamenko-kantariaren beste ikuspegi bat erakutsi.
Miguel Menendez de Zubillaga ekoizleak adierazo dauen legez, kantari handiaren alargunak eta seme zaharrenak lehenengoz onartu dabe mueta honetako proiektu bat.
Filmak Camaronen bizitza osoa erakusten dau, umetatik hasi eta hil zan arte. Flamenkoaren munduan mito bihurturiko artista honen historia jorratzea nahiko gatxa izan dala aitatu dau Chavarrik, errealidadea eta fikzinoa bereiztea ez da-eta erreza izaten. Musika ugari izango da entzungai film osoan, eta Camaronen benetako ahotsa be entzungo da behin baino gehiagotan.
Benetako personajeakaz batera fikzinozkoak be agertuko dira, eta horreetako bat Merce Llorensek antzeztuko dau. Camaron-i lagundu eutsien Paco de Lucia eta Tomatito musikari ezagunak be agertuko dira. Horreen papelak Raul Rocamorenak eta Alfonso Bergarak egingo dabez, hurrenez hurren. Aktore horreek topetea be gatx-gatxa izan ei da filmaren arduradunentzat, aktoreek gitarrea joten jakitea gura ebelako. Aukeratutako antzezle honeek, ostera, ondo be ondo joten dabe gitarrea.