Gaiek be iturria daukie
Txapelketa Nagusiak bere gai-jartzaile taldea dauka. Maiatzean hasita dabiz Txapelketarako gaiak atonduten, eta saioen bezperetan be batzen dira, azken gorabeherak komentau eta egin beharreko aldaketa txikiak egiteko. Taldean hiru bizkaitar dagoz. Josu Goikoetxea gernikarra (Hitzetik Hortzera telebista saioko aurkezle ohi, orain zuzendari, eta taldeko arduraduna), Asier Ibaibarriaga ermuarra, eta Zuriñe Iarritu bilbotarra. Eurekaz batera, Alaitz Rekondo lesakarra, Saroi Jauregi zaldibitarra (Hitzetik Hortzerako aurkezle barria), Inazio Usarralde usurbildarra, Naroa Sasieta aguraindarra, eta Unai Elizasu altzarra. Zaharrenak 38 urte daukaz, gazteenak 23. Talde gaztea, beraz. Gai-jartze lanean eragina izango dau horrek. Gauza naturala da, bertsolarien taldea be gero eta gazteagoa dan neurrian. Esan dogu maiatzean hasi zirala lanean. Astegoienetan batu izan dira gehienetan. Bakotxak 15 bat gai eroan, eta danen artean aukeratu. Bakotxaren hiru-lau gaik egingo dabe aurrera, gero gaiak orraztu, eta Txapelketako zein faserako izan leitekezan erabagi. Gai-jartzaile taldeko batzuk aurkezle lanak be beteko dabez Txapelketan zehar.
Gaiak sortu eta aukeratzeko irispideak jarrita dagoz. Gaietan esparru zabala beteten ahalegintzen dira. Ofizioetako gaiak ezin dira oso desbardinak izan, batez be saioko atal baten barruan (ez da erraza izaten, danetako eretxiak entzungo dozuz beti). Kartzelako gaia be aitagai izaten da saiorik saio. Aurtengo txapelketako haria Lekunberriko lehenengo saioak markau ete eban. 'Autobus geltokira heldu zara. Abiatu behar dauen lehenengo autobusean sartu eta atzeko ilaran jesarri zara. Autobusa badoa, eta kristaletik begira zagoz'. Gai zabala. Egoera bat planteetan da, baina helduleku nagusia, gai nagusia, esan barik dago, eta bertsolariaren esku geratzen da egoera hori garatu eta entzuleari (eta epaileei, zelan ez) sinisgarritasunez kontetea. Nor dan bera, nora doan, zelan sentiduten dan... Lekunberrin sei bertsolaritik hiruk egunerokotasunez betetako gaia hartu eben: Afrikarrak etxera bueltan, Europara sartzeko ahaleginak kale egin ostean. Umezurtz baten papelean ikusi genduan saioko irabazle Amaia Agirre, eta Igor Muniategik, barriz, Bilbotik Bermeorako bidea egin eban.
Bertsolari onarentzat ez ei dago gai txarrik. Baina ez da egia. Helduleku gitxiko gaiak txarrak izaten dira. Txapelketan gatxa izaten da bertsolari eta entzuleen gustuak betetea, baina argi dagoana da talde bat serio ari dala gaiak jarten, eta hori ezinbesteko baldintza dala Txapelketan.
Iñaki Aurrekoetxea
Bertsolaritzan bertsoa da gai nagusia. Baina askotan aitagai izaten da bertsotarako gaia bera. Holakok gai txarra jarri deutsiela bertsolariei, edo gaia ona izanda bertsotan errazago egiten ete dan. Hori guztiori biderkatu egiten da Txapelketan.
Gaiak onak ala txarrak izan leitekez, oso onak eta oso txarrak tarteka, estuak, zabalak. Danetarik dago. Bertsoetan lez. Izan be, gaiak asmau egin behar dauz nork edo nork, sormen lanaren ondorio dira. Saio arruntetan persona bera izaten da gaiak asmau eta saioan bertsolariei horreek gaiak jarten deutsena. Gai-jartzailea eta aurkezlea persona bat. Holakoetan gai-jartzailea libre ibilten da, bere gustuko gaiak jarten dauz, bere estiloa jorratzen dau, eta sarritan bertsolari bakotxari egokitutako gaiak sortzen dauz beren beregi. Baina txapelketetan hori ezinezkoa da. Bertsoak puntuagarri diranean, gaiak ezin dira izan honako edo harako bertsolariarentzat pentsautakoak. Saio arruntetako gai askok ez dabe balio txapelketarako. Txapelketako gaiak ondo baino hobeto pentsautakoak, orraztuak eta aukeratuak egon behar dabe, bertsolariak ahalik eta baldintza bardinagoetan bete dagien euren lan puntuagarria. Eta ez da kontua hori persona bakarraren bizkar ixtea. Txapelketetan talde lanean aritzen dira gai-jartzaileak.