Pop artearen sustraietarainoko biajea
Julen Gabiria
Gauzak txarto egiten diranean moduan, ondo egiten diranean be ozen aitatu behar dira, eta argi esan beharko dogu hemendik be: Bilboko Arte Eder Museoak, azken aldian, albiste onak baino ez ditu emoten, antolatzen dituan erakusketa interesgarriak dirala eta.
Erakusketa baten atzetik bestea, zein baino zein erakargarriagoa, holantxe gabilz azken aldian Bilboko Museoagaz. Hori holan dala jakinda, uste dot badala sasoia Museoa aitatzen dogunean (Pinakotekea esan beharko geunke beharbada, ze “Bilboko Museoa” esan eta Zazpi Kaleetakoa etorten jaku burura) betiko museo honegaz gogoratzeko, albotxoan daukan titaniodunagaz baino. Hango erakusketak be sarritan ekarten doguz orrialde honetara, eta, dana esanda, kalidade handikoak dira hareek be; baina bakotxari berea: Arte Eder Museoa sekulako ahalegina egiten dabil mundu mailan punta-puntan egon leitekezan erakusketa eredugarriak geurera ekarteko.
Zerrendea buruz eta arineketan botata, ez daukaguz ahaztuteko moduan ‘Paris eta Surrealistak’, ‘Picasso, ausikien kutxa’ edo ‘Inoiz existitu ez zen hiria’ erakusketak, edo Robert Davies eskultorearena, besteak beste. Eta oingoan, barriro be, Arte Eder Museoaren sorpresa eder bat: British Pop izeneko erakusketea, aurtengo urriaren 17tik hurrengo urteko zezeilaren 12ra arte egongo dana ikusgai.
1948 eta 1987-89. urteen artean 19 artista handik egindako 113 obraren bitartez (66 pintura, 16 eskultura eta beste 31 obra grafiko), erakusketea pop mobimentuaren ekarpen britainiarrera hurreratzen da. Oin arte, hurbilketa hori Ipar Amerikako pop artearen inguruan baino ez da egin, Warhol edo Lichtenstein artistakaz batez be. Horregaitik da interesgarria erakusketa hau, pop artearen iturri nagusia izan zan Erresuma Batura hurreratzen dalako.
Erakusketan ikusgai dagoana zer dan aurreratzen hasteko, esan daigun Clive Barker, Peter Blake, Derek Boshier, Pauline Boty, Patrick Caulfield, Antony Donaldson, Richard Hamilton, Jann Haworth, David Hockney, Allen Jones, R.B. Kitaj, Gerald Laing, Nicholas Monro, David Oxtoby, Eduardo Paolozzi, Peter Phillips, Colin Self, Richard Smith edo Joe Tilsonen lanak topauko ditugula bertan. Erakusketearen alde agertzeko beste arrazoi bat komisarioa da, izan be pop artearen inguruan munduan dagoan aditurik handienetakoa arduratu da erakusketeagaz: Marco Livingstone da bera.
‘Pop art’ terminoa 60ko hamarkadearen hasikeran hasi zan esangurea hartzen: masen kultura bisuala definiduteko eta eskema artistiko finkoei aurre egiten eutsien artista gazte batzuen lanak definiduteko sortu zan termino hori.
1957an, Richard Hamilton artisteak emon eban arte mueta honen definizinorik ezagunena: ‘Pop artea da: Herrikoia (masetako publiko bati zuzendutakoa) / Iragankorra (epe laburrerako konponbidea) / Ez ezinbestekoa (erraz ahaztuteko modukoa) / Merkea / Seriean egindakoa / Gaztea (gazteriari zuzendutakoa) / Zorrotza / Sexya / Efektista / Glamourrez betea / Negozio handia’.
Lehen esan dogun moduan, pop artearen jatorria Erresuma Batuan dago, XX. mendeko 50eko hamarkadearen erdian. Sasoi haretan, Independent Group izenagaz ezagutzen zan artista talde txiki batek, mobimentuaren aitzindaritzat hartu izan diran pinturak, eskulturak eta collageak egin zituan.
Pop britainiarraren gune nagusia Londreseko Royal College of Art eskolako kide batzuen artean sortu zan, 50 eta 60ko hamarkadetan. Tartean egozan David Hockney, R. B. Kitaj, Derek Boshier, Pauline Boty, Richard Smith, Joe Tilson, Patrick Caulfield, Allen Jones edo Peter Phillips, danak be Bilboko erakusketan bilduta dagozanak.
Pop arteak ez eban programa zehatzik euki ez estilo konkreturik definidu: alderantziz, inspirazino iturria kultura herrikoian -zirkoa, burruka librea, zinema, rock musikea, gaurkotasun politiko eta soziala, eta egutegi, komiki eta aldizkarietako irudi herrikoiak-, kontsumoaren gizartean eta masetako komunikabideetan oinarritutako prozedura artistiko eta gaietan eukan.
Gai asko erabilteaz gainera (zinema, musikea, erotismoa edo albisteei egindako kritika zorrotza), pop artistek prozedura artistiko asko garatu zituen. Askok collagea erabili eben, eta, Patrick Caulfield edo Peter Phillipsen obran ikusten danez, publizidadetik eta kartelgintzatik jasotako baliabideak sano presente dagoz. Bestetik, argazkigintzea edo serigrafiaren erabilera sinplea zala-ta, edonor izan eitekean artistea, eta, modu horretan, aurre egiten jakon sormenaren kontzeptu tradizionalari.
Esandakoa, ba: 2006ko zezeilaren 12ra arte, Bilboko betiko Pinakotekan.